FUTBOLA

Alavesek Bernabeun jokatuko du gaur, eta Osasunak, Mestallan

Arabarrak eta nafarrak oso ondo ari dira, eta joera horri eutsi nahi diote. Luis Garcia Plazak «lehiatu» egin nahi du; Vicente Monerok, berriz, etxetik kanpo ondo aritu.

ABDEL ABQAR. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Abdel Abqar, Sevillaren aurkako garaipena ospatzen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko irailaren 24a
05:05
Entzun

Lehiak ez du etenik. Osasunak eta Alavesek gaur jokatuko dute berriro. Espainiako Ligako zazpigarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte. Etxetik kanpo ariko dira biak: nafarrek Valentziari egingo diote bisita (19:00, Movistar La Liga); arabarrek, berriz, Real Madrili (21:00, DAZN).

Oso ondo ari dira biak: Alaves seigarren postuan dago, hamar punturekin, eta Osasuna, zazpigarren, kopuru berberarekin. Biek irabazi dute azken partida, biek etxean, eta biek 2-1: arabarrek, Sevillari, eta nafarrek, Las Palmasi.

Bietan Alavesek du erronkarik zailena gaur. Datu batek islatzen du ondoen zer-nolako balentria den Bernabeun irabaztea: azken 23 partidetatik 22 irabazi ditu, eta bat berdindu. Sekulakoa litzateke Alavesek punturen bat lortzea.

Horixe nabarmendu zuen atzo Luis Garcia Plazak. «Datuek beldur ematen dute, baina lehiatu beharra dugu; lehiatzen bagara, aukera izango dugu. Horretan jarri behar dugu indar guztia. Zerbait polita egiteko ilusioa izan behar dugu. Zaila da, baina futbolean ez dago ezinezkorik».

ANTE BUDIMIR.
Ante Budimir, Las Palmasi sartutako gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Osasunak, berriz, joera eten nahi du: Sadarren, hiru partida irabazi ditu, eta bat berdindu; etxetik urrun, berriz, bi partidak galdu ditu. «Ea hirugarren aukera balekoa den. Emaitza ona lortu nahi dugu bide onean jarraitzeko», esan zuen atzo Vicente Morenok.

Valentziari buruz, berriz, azaldu zuen sailkapenean ez dagoela ondo —lau puntu ditu—, baina irabazi egin duela azken partida —2-0 Gironari—, eta «ziur» dagoela «gora» egingo duela. «Ez digu emango erraztasunik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.