Alaves 1-1 Leganes

Alavesek izkin egin dio hondamendiari Leganesen aurka

Galtzear izan da berriz ere, baina puntu bat urratu du, Carlos Vicentek luzapenaren atarian sartutako golari esker. Boladaka aritu dira bi taldeak, eta kontraerasoetan latz sufritu ondoren, bukaeran onik ateratzea lortu dute arabarrek.

Alaveseko Guridi baloia kontrolatu nahirik, aurrean Leganeseko Rosier duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko Guridi baloia kontrolatu nahirik, aurrean Leganeseko Rosier duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko azaroaren 30a
19:28
Entzun

Berdinketa lortuta, gaitz erdi. Etxera sentipen horrekin joan dira gaur Alaveseko zaleak, Leganesen kontra puntu bat bildu eta gero. Izatez, irabazteko beharra zuen Arabako taldeak, azken zortzi partidetatik zazpi galdu ondotik. Bada, horren ordez, hondamendira bidean izan da Mendizorrotzan, Leganesek aurrea hartu baitu markagailuan. Hogei minutu falta zirela sartu diote gola Alavesi. Etsiak jota gera zitekeen, krisialdi betean egonik. Ez da hala gertatu, ordea: aldaketa erasokorrak egin ditu Luis Garcia Plazak, eta zaleen bultzada lagun, jokalariak berdinketa lortzen ahalegindu dira, gorputz eta arima. 87. minutuan jaso dute saria, Carlos Vicentek areaz kanpotik egindako jaurtiketa bati esker.

Kolpe handia zatekeen Alavesentzat aurkari zuzen baten kontra galtzea. Mendizorrotzan, normalean, oso fidagarria izaten da salbatzeko borrokan dabiltzan taldeen aurka. Haatik, emaitza txarrek zamatuta dabil azkenaldian, eta etxeko goxotasunak ere ez du sosegatzen. Mallorcari irabazi egin zion, ozta-ozta, baina Valladoliden kontra estropezu mingarria izan zuen. Eta gaur ere esku hutsik gelditzeko zorian izan da. Lehen zatian, Siveraren esku miragarriek eutsi diote zutik. Eta gero, irabazi nahian zebilela, kosk egin dio Leganesek. Bisitariak gutxi nabarmendu dira erasoan, baina triskantza eragin dute kontraerasoan; 0-1ekoa horren adibide. Bere txarrean, altxatzeko gauza izan da Alaves, eta lorturiko puntuak itxaropen izpi bat ekar dezake aurrera begira.

Mamuak azkar uxatu nahi zituen Alavesek, eta bi aukera garbi izan ditu neurketa hasi orduko. Lehena alboko sake batekin sortu du: Carlos Martinek area barruan jaso du baloia, Kike Garciak borroka egin ondoren, baina zartakoari erantzun ona eman dio Dmitrovic atezainak. Ondorengo kornerrean, berriz, Nastasic bere atean gola egitear izan da, Tenagliaren burukada desbideratu ondoren. Arabarrek jarraipena eman diote oldarraldiari, eta Vicentek erdiraketa zitala egin du ezker hegaletik. Baloiak area gurutzatu du, baina ez da errematerik izan. Vicentek beste gozoki bat bidali du areara 13. minutuan, eta orduan bai, taldekideek grina handiz jo dute golaren bila. Hainbeste, ezen enbarazu egin baitiote elkarri: Tenagliaren burukada Abqarrek moztu du, bizkarrarekin.

Hasierako erauntsian sortu du arrisku handiena Alavesek. Apaldu egin da gero, eta Leganesek txanda hartu dio. Espainiarrek bi aukera paregabe izan dituzte lehen gola sartzeko, baina Siverarekin egin dute topo. Alaveseko atezainak geldiketa ikusgarria egin dio Tapiari, eta gero, ezerezean utzi du Rosierren erremate indartsua. Leganes oso arriskutsua izan da jokaldi azkarretan. Dani Rabak abilezia handiz puskatu ditu lerroak. 47. minutuan, eskura eman dio gola Oscarri, baina hura lokartu egin da. Bada, hogei minutu geroago, Oscarrek konpondu egin du okerra. Kontraerasoa abiatu du, baita bukatu ere, Rabaren erdiraketa sareratuta.

Ataka estuan zegoen Alaves, eta konponbidea aulkian topatzen saiatu da Luis Garcia Plaza: Toni Martinez eta Stoichkov zelairatu ditu lehenik, eta Jordan eta Luka Romero hurrena. Haatik, Carlos Vicentek sartu du berdintzeko gola. Defentsa gisa jokatu du bukaeran, modu ia inprobisatuan. Fede eta indar handiz jaurti du baloia, eta taldea galbidetik libratu

Alaves-Leganes

Alaves: Sivera; Tenaglia (Romero, 77. min.), Abqar, Mouriño, Diarra; Blanco (Toni Martinez, 70. min), Gebara; Carlos Vicente, Guridi (Jordan, 77. min.), Carlos Martin (Stoichkov, 70. min.) eta Kike Garcia.

Leganes: Dmitrovic; Rosier, Sergio Gonzalez, Nastasic, Javi Hernandez; Renato Tapia, Neyou; Juan Cruz (Miguel, 63. min.), Oscar, Raba (Chicco, 77. min.) eta Diego.

Golak: 0-1: Oscarrek (67. min). 1-1: Carlos Vicentek (88. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.