Futbola

Alavesek Asier Villalibre fitxatu du 2028ra arte

Gernikako jokalariak 2028ra arte sinatu du Gasteizko taldearekin. Operazioak kopuru finko bat, helburuen araberako aldagai bat eta etorkizuneko salmenten ehuneko bat biltzen ditu.

Asier Villalibre, Espainiako Lehen Mailara igotzeko sartu zuen gola ospatzen. ALAVES
Asier Villalibre, Espainiako Lehen Mailara igotzeko sartu zuen gola ospatzen. ALAVES
pettan uralde
2024ko uztailaren 15a
19:06
Entzun

Alavesek iragarri du beste jokalari bat ere fitxatuko duela denboraldi honetarako. Asier Villalibre aurrelaria da, duela bi denboraldi Gasteizeko taldean utzita egon zena, eta Espainiako Lehen Mailara igotzeko gola sartu zuena Levanteren aurka. Athleticeko jokalari ohiak lau denboraldirako sinatu du Alavesekin, eta datozen orduetan batuko da talde zuri-urdinera, Luis Garcia entrenatzailearen esanetara ahal bezain laster egoteko.

Villalibrek Athleticen jokatu du azkeneko denboraldian. Gernikarrak zortzi gol sartu ditu hogeita lau partidatan, horietako sei Espainiako Kopan. Hain zuzen, horietatik bi Alavesi sartu zizkion, Kopako final zortzirenetan. Hala ere, ez du aukera handirik izan, eta aukeren artean zegoen aurtengo denboraldian Athletic uztea berriro.

Denboraldi erdiz utzita egon zen Villalibre Alavesen 2022-2023ko denboraldian, baina zaleek estimu handia diote gernikarrari. Horrela erakutsi zuten Athleticek eta Alavesek Mendizorrotzan jokatu zuten azken derbian. Villalibre aulkitik sartu zenean txalo zaparrada bat jo zioten zaleek, eta partida amaitutakoan haren izena oihukatu zuten. Izan ere, utzita egon zen urtean igoerako gola sartu zuen penaltiz Levanteren zelaian. Geroztik, Alaves behin baino gehiagotan saiatu da aurrelari bizkaitarra berriro ere Gasteizera bidean jartzen.

Athleticen oharraren arabera, diru kopuru finko bat, helburuen araberako beste bat eta etorkizuneko salmenten ehuneko bat biltzen ditu bi kluben arteko akordioak. Hala ere, ez batak ez besteak ez ditu datu ofizialak argitaratu. Athleticen ere nekez ahaztuko dute Villalibre; izan ere, 2021eko Espainiako Superkopako finalean, Bartzelonaren aurka luzapena behartu zuen gola sartu zuen, eta haren golak funtsezkoak izan dira joan den denboraldian Espainiako Kopa irabazteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.