FUTBOLA

Alaves, lehiakor bezain hauskor

Arabarrak esku hutsik gelditu dira Espanyolen zelaian, defentsan kale egin eta 3-2 galdu dute. Puadok egin dizkie hirurak. Jo eta ke aritu dira azken txanpan, aldaketek hauspotuta, baina ez dira berdintzeko gai izan. Jordanek debut ona izan du.

Alaveseko Antonio Blanco eta Espanyoleko Javi Puado, lehian. MARTA PEREZ / EFE
Alaveseko Antonio Blanco eta Espanyoleko Javi Puado, lehian. MARTA PEREZ / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko irailaren 14a
19:29
Entzun

Defentsa biguna, zama astuna. Futbolaren axiometako bat da hori, eta gaur Alavesek ezin izan dio kontra egin. Huts handiak egin ditu defentsan, eta punturik gabe gelditzea izan da ondorio logikoa. Izaera irmoa erakutsi du Luis Garcia Plazak zuzenduriko taldeak, borroka egin baitu ezbeharren aurka. Lehen zatian aurrea hartu dio Espanyolek, baina atsedenera iristerako ihardetsi du Alavesek. Gero, beste bi gol sartu dizkiote elkarren segidan. Ez du amore eman, ordea, eta azken hatsera arte saiatu da Bartzelonatik berdinketarekin itzultzen. Lehiakorra izan da, baina baita hauskorra ere. Eta kondenatu egin dute hutsek. Puado izan du borrero: hark sartu ditu Espanyolen hiru golak.

Garcia Plaza oso pozik gelditu zen taldeak Las Palmasen aurka emandako irudiarekin. Hainbeste, ezen jokalari berdinen alde egin baitu apustu gaur. Bizi jokatuz nagusitzea zen arabarren asmoa, baina xede berbera zuen Espanyolek, eta etxekoen erritmoan jokatu da neurketaren lehen ordu erdia. Baloia hobeto eta gehiago erabili dute kataluniarrek, eta arriskua sortu dute eraso azkarren bidez.

Alavesek ere trantsizioak baliatu nahi zituen min egiteko, baina ez zegoen konexiorik erdilarien eta aurrelarien artean. Carlos Vicenteren korrikaldiak izan dira argi printza bakarra partidaren fase horretan. Gainera, defentsan ere zalantzati samar zebiltzan gasteiztarrak. Hartara, 1-0ekoa jaso dute 21. minutuan, hastapenetik gaizki defendatutako jokaldi batean. Kumbullari baloiarekin aurrera joaten utzi diote, eta gero, bigunegi jokatu dute area barruan. Tejerok bi bider jo du baloia: lehenengoan, Siveraren eskuekin egin du topo; bigarrenean, ordea, goleko pasea eman dio Puadori.

Dena oker ari zitzaion ateratzen Alavesi. Kornerra atera, eta kontraerasoa defendatzen bukatzen zuen. Erremateak, berriz, erdizka gelditzen zitzaizkion. Eta, halako batean, neurketa berdindu dute arabarrek, jokaldi arraro batean. Guridik eta Vicentek dantzan jarri dituzte atzelariak, baina atezaina izan da jokaldiko protagonista, gaizki urrundu baitu baloia hankarekin. Conechny zelatan zegoen area barruan, eta ez du aukera alferrik galdu.

Golen ostean, setioa

Aurkariaren atea zulatuta, hanpatu egin da Alaves. Eta beste horrenbeste egin du bigarren zatian, Tenagliak korner bat buruz sareratu eta gero. Alabaina, lehenago bi aldiz kolpatu du Espanyolek. Atsedenetik grina handiz itzuli dira bi taldeak, eta, berriz ere, etxekoek aurrea hartu dute markagailuan. Lehen goleko sekuentzia errepikatu dute: Tejerok pasea, eta Puadok errematea. Ikustekoa izan da aurrelariak lepoa nola biratu duen, buruz Sivera gainditzeko.

Aulkitik taldea berpiztu beharra zuen Garcia Plazak. Bada, aldaketa sorta egitear zela, 3-1ekoa sartu du Puadok, kataluniarren heroiak. Siverak penalti garbia egin dio Cheddirari, eta Puadok maisuki jaurti du: atezaina alde batera, eta baloia bestera. Alaves konorterik gabe gera zitekeen kolpeen ondorioz, baina erabat suspertu dute entrenatzailearen aldaketa atzeratuek. Zelairatu berritan, gol aukera oso garbia izan du Toni Martinezek, eta, jarraian, kornerra zehaztasun osoz atera du Jordanek, beste pizgarrietako batek. Orduantxe iritsi da Tenagliaren gola.

Hogei minutu luze gelditzen zitzaizkion partidari, eta Alavesek setiatu egin du aurkaria. Ahal zuen guztia egin du: borrokatu, erdiratu, jaurti… Baina gogor ekin arren, ezin izan du gol gehiagorik sartu. Gebarak izan du abagunerik garbiena: aukerako baloia jaso du penalti puntuaren parean, baina ez du aterantz bideratu. Horrenbestez, eten egin zaie arabarrei puntuen emaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.