Alaves prest dago borrokatzeko beste urtebetez onenekin lehiatze aldera. Sufritu egingo du hori lortzeko, baina izerdia botatzeko pronto dago. Hala erakutsi du gaur, Montilivin, Gironaren aurka. Gogotik egin du lan, eta, beste batzuetan ez bezala, ahalegin horrek saria izan du. 0-1 irabazi du. Carlos Vicentek sartu du neurketako gol bakarra.
Oso garaipen garrantzitsua da Arabako taldearentzat. Batetik, konfiantzaren zakua beteko dio berriro; ia hustuta zeukan, azkeneko partidan, Mendizorrotzan, Rayo Vallecanoren aurka galdu eta gero. Bestetik, gaur lortutako hiru puntuei esker, jaitsiera postuetatik kanpo jarraituko du, jardunaldiko beste partidetan edozer gertatzen dela ere.
Gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamazazpigarren postuan dago Alaves, 30 puntu bilduta. Hiru punturen aldea du jaitsiera postuetako lehenarekin: hemezortzigarren sailkatuak, Leganesek, 27 puntu ditu, eta azken-aurrenak, Las Palmasek, 26. Bi talde horiek, hala ere, ez dute oraindik jokatu jardunaldi honetan. Hala ere, bai Alaveseko jokalarientzat bai teknikarientzat psikologikoki oso garrantzitsua da jakitea zulotik kanpo egongo direla gutxienez beste astebetez, are gehiago kontuan hartuta hurrengo partidan Real Madril hartuko dutela etxean.
Gaurko garaipenak beste joera bat indartu du: Eduardo Coudet entrenatzaile denetik Alaves etxetik kanpo hobeto dabil etxean baino. Datuak argigarriak dira: Mendizorrotzatik urrun jokatutako azken zortzi partidetatik bakarra galdu du, eta Bartzelonaren aurka izan zen, hura estu hartu eta gero. Beste zazpi partidetatik bi irabazi ditu, eta bost berdindu. Hau da, jokoan ziren 24 puntuetatik 11 lortu ditu. Etxean, ordea, bost baino ez ditu lortu jokoan ziren 21etatik. Horretan du gehien hobetzeko; ez badu egiten, larri ibiliko da beti. Sendo aritu behar du berriz etxean. Iaz, horri esker eutsi zion mailari.
Asmo horri betetzeko indarra emango dio gaurkoak. Alavesek partida biribila jokatu du, eta merezita nagusitu da. Merezita, hark izan baititu neurketako aukerarik garbienak. Kike Garciak izan du lehena, zortzigarren minutuan, baina ez du asmatu Carlos Martinek hasi eta Carlos Vicentek bideratutako kontraerasoa errematatzen. Carlos Vicente berriro aritu da hasieratik, eta itzulera gozoa izan du. Hura izan da onena, eta gola sartuz biribildu du lana.
Ez da golik izan lehen zatian, eta bi taldeak nor baino nor gehiago aritu dira. Bigarren zatiari, ordea, hobeto ekin dio etxeko taldeak, eta, lehen minutuetan estu hartu du Alaves. Hala ere, bisitariek gehien sufritzen ari zirenean sartu dute gola. 61. minutuan, Siverak gogor eman dio ostikoa baloiari, Kike Garciak buruz ukitu, Guridik jaso, eta pasea eman dio Carlos Vicenteri. Hark ez du huts egin Gazzanigaren aurrean.
Ordu erdi falta zen, eta Alavesek eutsi egin behar zion. Ezin zen berriro gertatu Las Palmasen aurka gertatutakoa: Alavesek bi golen aldea zuen luzapenean, eta aurkariak berdindu egin zuen gero. Oraingoan, ordea, arabarrak gai izan dira eusteko. Pozarren ospatu dute garaipena hala jokalariek nola entrenatzaileek, baita Montilivira joandako zaleek ere. Beharrezkoa bezain garrantzitsua da garaipena.
Coudet harro azaldu da egindako lanagatik. «Pozik nago, jokalariengatik, zaleengatik eta klubarengatik. Partida bikaina egin dugu, eta hiru puntu oso garrantzitsu lortu».
GIRONA-ALAVES
Girona. Gazzaniga; Frances, Blind, Krejci, Miguel (Portu, 80. min.); Romeu (Arthur, 68. min.), Herrera; Asprilla, Van de Beek (Tsigankov, 68. min.), Danjuma; eta Abel Ruiz (Stuani, 68. min.).
Alaves: Sivera; Mouriño, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco; Carlos Vicente, Jordan (Gebara, 73. min.), Carlos Martin (Conechny, 81. min.); Guridi (Aleña, 73. min.) eta Kike Garcia.
Golak. 0-1: Carlos Vicentek (61. min.).