Urratsez urrats egiten da bidea, eta Alaves sendo ari da mailari eusteko helburua lortzeko bidean. Gaur, distirarik gabeko norgehiagoko batean, 0-3 hartu du mendean Almeria. 26 puntu ditu orain, eta jardunaldiko beste emaitza guztien zain, 11 puntura aldendu ditu jaisteko postuak. Luis Garcia Plazaren taldeak hirugarren garaipena eskuratu du erreskadan, Cadizen eta Sevillaren kontra lortutakoen ostean, eta horri esker sailkapenaren erdialdean dago. BI izan dira partidako protagonistak: Samu Omorodion aurrelaria, eta Antonio Sivera atezaina. Lehenak bi gol egin ditu, eta arabarren bigarrena ekarri duena penaltia ere hari egin diote. Siverak, berriz, lauzpabost gelditu on egin ditu, eta Almeria partidan ez sartzea lortu du.
Luis Garcia Plazak esana zuen ez zela neurketa erraza izango. Almeriak ez du partidarik irabazi txapelketa osoan, eta azken postuan dago. Baina Gaizka Garitanok hartu duenetik hobera egin du. Gai izan da, besteak beste, Girona, Atletico Madril eta Real Madril estu hartzeko. Partida hasieran etxekoak hobeto aritu dira. Baina 11. minutuan gola sartu du Alavesek. Almeriak korner bat atera du, eta Siveraren aldaratzea bat baliatu dute Carlos Vicentek eta Omorodionek kontraeraso bikain bat egiteko. Neguko merkatuan fitxatu dute Vicente, eta jada finkatu da Garcia Plazaren hamaikakoan. Hark pase bikaina eman dio aurrelariari, eta ederki biribildu du jokaldia Omoriodonek.
Alavesek nahi zuen tokian zuen partida. Plana argia zen: atzean sendo egon, Almeriari baloi jabetza utzi, eta kontraerasoan min egitea Omorodionen abiadura baliatuz. Etxeko taldeak hiruzpalau aukera eduki ditu partida berdintzeko. Baina kasu batzuetan Sivera azaldu da, eta beste batzuetan Embarbak, Lopyk, Arribasek eta enparauek ez dute asmatu. Alavesek ere izan du abagune bat errenta handitzeko. Baina baloia atzean geratu zaio Omorodioni, eta kanpora joan zaio errematea. Lehen zatia 0-1 amaitu da.
Gidoi berbera
Bigarren zatian hobeto hasi da Alaves, baina Alemeriak bi aukera garbi izan ditu berdintzeko. Berriro ere, Sivera agertu da. Lehenik Pubilen erretame batean ondo atera du eskua, eta segidan ondo aldendu du baloia. 52. minutuan iritsi da Alavesen bigarren gola. Siverak hasi du jokaldia sake on batekin. Omorodioni ailegatu zaio, eta Almeriako bi atzelari ez dira gai izan hari aurre egiteko. Maximiano atezainari izkin egin, eta hark penaltia egin dio. Aurrelariak jaurti nahi izan du penaltia, baina Luis Rioja kapitaina da horren ardura duena zelaian dagoenean. Ez du huts egin.
Almeriak izan du jabetza hortik aurrera, baina arabarrak ondo egon dira jarrita berdegunean, eta ondo eutsi diote abantailari. Arazoren bat izan dutenean Siverak salbatu ditu. Melerori eta Robertoneri, adibidez, baloi onak atera dizkie. Eta 88. minutuan Alavesek hirugarrena sartu du. Arean jaso du baloia Omorodionek, eta ezkerkada bikain batetik Maximiano gainditu du. Partida amaieran pozik zegoen: «Bagenekien hiru partida hauek garrantzitsuak zirela, aurkari zuzenen kontra zirelako. Talde moduan jokatu dugu, eta irabaztea lortu dugu. Oso pozik gaude, bolada onean gaudelako, ondo jokatzen ari garelako, eta batez ere irabazten».