Ahalegin handia, sari txikia. Zaharrak berritu ditu gaur Alavesek, Rayo Vallecanoren aurka (0-2). Defentsan huts larriak egin ditu, eta erasoan, tematu arren, ez da golik sartzeko gauza izan. Salbazioa lortu nahi badu, Mendizorrotzan indartsu aritu beharra du. Haatik, galdu egin ditu etxean jokaturiko azken sei partidetatik lau. Ataka estuan dago Arabako taldea, baita Eduardo Coudet entrenatzailea ere.
Alavesen denetik aurrenekoz, jokalari guztiak eskuragarri izan ditu Coudetek. Kike Garcia hamaikakora itzuli da, arazo fisikoak atzean utzita. Siverak eta Antonio Blancok ere tokia egin dute titularren artean; haiek zigorragatik galdu zuten Las Palmasen kontrako partida. Bestalde, eskuin hegalean Cabanesen alde egin du apustu Coudetek; hots, aulkian utzi du Carlos Vicente. Distira galdu du taldeko izarrak. Guridik ere garrantzia galdu du azkenaldian, baina hasieratik aritzeko aukera izan du gaur.
Atzean, berriz, azken hiru partidetako lauko lerro berbera plazaratu du Coudetek. Defentsako egitura irmoago zebilen Tenaglia, Abqar, Mouriño eta Manu Sanchezekin. Bada, arabarren egitura osoak dar-dar egin du neurketa hasi orduko, Pathe Cissek gola sartu baitu Rayorentzat. Bisitariek korner batean eragin dute lurrikara: Unai Lopezek zutoin laburrera erdiratu du, zehatz, eta Cissen burukadak Siveraren ateko amaraunak kendu ditu. Alaves ahul dabil geldikako jokaldietan, eta Cissen erremateak erdi lo harrapatu du.
Bere txarrean, azkar iratzarri da Gasteizko taldea, eta preseski, kornerrez erantzutear izan da: Batalla gaizki atera da atepetik, eta baloiak langan jo du. Aldaratzea baliatzeko gutxi falta izan zaio Abqarri. 12. minutuan Chavarriak penaltia egin dio Tenagliari, eta lehengo arantza atera du Rayoren atezainak, Jordanen jaurtiketa geldituta. Panenka erara sareratu nahi izan du baloia erdilari kataluniarrak; Batallak, ordea, ez du amua irentsi, eta berriro agertu da atsedenetik gertu, Kike Garciaren jaurtiketa indartsua geldituta.
Atsedenaren ostean ere distira egin du Batallak: Guridik erremate ona egin du buruz, baina hegaldi eder batekin ihardetsi du argentinarrak. Alaves kementsu itzuli da aldageletatik, baina Pedro Diazek itzali egin du gasteiztarren sugarra, trebeziaz 0-2koa eginda. Ordu erdi luze geratzen zitzaion oraindik partidari; etxekoak, ordea, ez dira suspertu, eta zaleen haserreak eztanda egin du.
Alaves-Rayo Vallecano
Alaves. Sivera; Tenaglia, Mouriño, Abqar, Manu Sanchez (Villalibre, 90. min); Antonio Blanco, Joan Jordan (Conechny, 78. min), Pau Cabanes (Carlos Vicente, 46. min), Guridi (Toni Martinez, 59. min.), Aleña (Carlos Martin, 59. min); eta Kike Garcia.
Rayo Vallecano. Batalla; Andrei Ratiu, Aridane, Pelayo, Pep Chavarria; Pathe Ciss, Unai Lopez (Isi Palazon, 85. min); Jorge de Frutos (Balliu, 70. min), Trejo (Pedro Diaz, 54. min), Alvaro Garcia (Embarba, 70. min); eta Nteka (Espino, 54. min).
Golak. 0-1: Pathe Cissek (2. min) ; 0-2: Pedro Diazek (58. min).
Ilusioa eta premia aurrez aurre Bilbon
Athleticek eta Osasunak derbia jokatuko dute bihar San Mamesen (18:30, Dazn). Bi taldeak oso aldarte ezberdinarekin iritsiko dira partidara. Zuri-gorriak konfiantzaz eta ilusioz daude, ligan eta Europan ibili sendoa ari baitira izaten. Laugarren postuan sendo jarraitzea izango dute bihar helburu. Minez daude Dani Vivian eta Iñigo Ruiz de Galarreta; bueltan da, aldiz, Oihan Sancet. Osasunak, berriz, Bryan Zaragoza eta Iker Muñoz jokalarien falta izango du arazo fisikoengatik, eta Sergio Herrera ere ez da zelaian izango, zigortuta baitago. Lucas Torrek bete du jada zigorra. Gorritxoak burumakur daude, azken hamasei partidetatik bakarra irabazi ostean. Ostegunean 3-0 galdu zuten Bartzelonaren zelaian, eta hobetzen saiatuko dira bihar, irudi eta emaitza aldetik.