Lehiaketa sistema aldatu zenetik, Espainiako Kopako lehen kanporaketetan beti izaten dira ezusteak. Alaves, Osasuna eta Reala atzo Vila-real eta Girona kanpoan geratu zirela jakinda zelairatu dira. Arabarrek, ordea, ezin izan du ezustea saihestu. Eduardo Coudetek ez du oroitzapen gozoa izango Alaves zuzendu duen lehen neurketaz. Izan ere, Deportivo Minerak kanporatu du penaltietan. Partida osoan kontrakarrean aritu da, eta etxeko taldea bitan jarri da aurretik. Horietako bat luzapenean izan da. Deportivo Minerak minutu gehiagotan izan du jokoaren ekimena, eta gehiago bultzatu du.
Kike Garciaren bi goli esker, hala ere, penaltietan erabaki da kanporaketa. Hor ere ez da fin aritu Alaves. Izan ere, Adbek eta Protesonik euren penaltiak huts egin dituzte, eta etxekoek jaurti dituzten denak sartu dituzte. Hemendik aurrera arabarrek Ligan jarri beharko dute arreta osoa. Coudetek lan dezente du aurretik, taldea beheko postuetatik aldentzeko. Horretarako lehen aukera igandean izango du, Osasunaren aurkako derbian.
Osasuna asko sufrituz sailkatu da, Ceutaren aurka. Horren seinale, Vicente Morenok zuzentzen duen taldea 2-0 ari zen galtzen 84. minutuan. Eta hurrengo 10 minutuetan kanporaketa irauli du. Budimirrek (84. min), Raul Garcia de Harok (87. min) eta Redruk beren atean sartu dituzte golak (93. min). Etxekoak hobeto hasi dira, eta ekimena haiena izan da lehen minutuetan. Osasuna baloi luzeen bidez ahalegindu da min egiten, baina Ceuta ondo jarrita zegoen berdegunean, eta minutuak igaro ahala gorritxoak deserosoago sentitu dira. Hala, 41 minutuan, etxekoek gola sartu dute.
Bigarren zatiari estutuz ekin diote nafarrek, eta 52. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Raul Garcia de Harok sartutako gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Osasuna argitasuna galduz joan da, eta, kanporaketa zailtzen ari zela kontuan hartuta, Vicente Morenok Aimar Oroz eta Ante Budimir zelairatu ditu. Baina are maldan gorago jarri zaio Ceutak kontraeraso batean gola sartu baitu. Bikaina izan da Ruen Diezek sartutako gola. 20 minutu falta ziren neurketa amaitzeko. Buruarekin baino gehiago, bihotzarekin egin du aurrera Osasunak, eta, azkenean, 10 minututan emaitzari buelta eman, eta hurrengo kanporaketan izango da.
Realak partida oso grisa jokatu du Cuencan. Lehen 20 minutuetan hainbestean aritu ostean, hortik aurrera, balio jabetza izan, baina apenas sortu duen arriskurik. Baloiari ezin izan dio erritmorik eman, eta ia ezin izan du zuzen jokatu. Conquense pare bat aldiz gerturatu da Marreroren atera, baina atezainak bi gelditu on egin ditu. Bigarren zatia bide beretik joan da, eta, minutuak aurrera joan ahala, eta, besteak beste, zelaiaren egoera tarteko, neurketa trabatuz joan da. Pare bat geldikako jokalditan baino ez da gerturatu Conquenseren atera talde txuri-urdina. Argitasunik gabe aritu da. Azkenean, arauzko denbora 0-0 amaitu da.
Horrenbestez, luzapenean erabaki behar izan du Realak neurketa. Hura hasi eta minutu batera sartu du gola Brais Mendezek. Sergio Gomezen pase on bat jaso, eta, atzetik etorrita, erremate ona egin du arearen balkoitik. Baina oraindik 29 minutu zituen aurretik. Gola kolpea izan da etxekoentzat. Hasieran, Conquenseren atera gerturatu da Reala. Baina berriro ere arauzko denborako jokora itzuli da, baloia izanda, baina arriskurik sortu gabe. Hala, 0-1ekoarekin ezin lasai egon. Epaileak txistua jo duenean hartu ahal izan dute arnasa Realeko jokalariek eta zaleek. Izan ere, 118. minutuan Conquensek aukera argi bat izan du gola sartzeko, eta neurketa etxekoen aldeko korner batekin amaitu da.
Asteleheneko zozketan, Barakaldo ere ez da izango. Hain zuzen ere, 1-2 galdu du Racing Ferrolen kontra Lasesarren. Hala, zapuztu egin zaio hurrengo kanporaketarako sailkatu, eta Lehen Mailako talde baten kontra jokatzeko ametsa. Pena izan da, Galiziako taldeak 85. minutuan sartu baitu gol erabakigarria. Partida lehiatua izan da. Barakaldo hobeto hasi da, eta saria jaso du 18. minutuan, Luis Bilbaok gola sartu baitu.
Hurrengo minutuetan Imanol De la Sotak zuzentzen duen taldeak jokoaren ekimena izan du. Baina Beberen gola iritsi da Galiziako taldearentzat. Hortik atsedenaldira bitarte, partida asko parekatu da, eta abiadura galdu du. Hala, banakoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarrenean bisitariak hobeto hasi dira, baina pixkanaka Barakaldok indarrak parekatzea lortu du, eta neurketa luzapenera zihoala zirudienean iritsi da Racing Ferrolen bigarren gola. Hala amaitu da norgehiagoka.
Final-hamaseirenetako kanporaketen zozketan, Osasunarekin eta Realarekin ekin batera Athletic ere egongo da, Espainiako Superkopa jokatzeagatik lehen bi kanporaketetatik salbuetsita geratu ostean.