Alavesek etxeko lanak egin ditu Espainiako Kopan. 0-1 irabazi du gaur Santiago de Compostelan, etxeko taldearen aurka, eta bigarren kanporaketarako sailkatu da. Arabako taldea faborito argia zen aurrera egiteko, alde handia baitago bi kluben artean; zehazki, hiru maila daude, Espainiako Futbol Federazioaren Bigarren Mailan ari baita Galiziako taldea. Hori gutxi ez, eta hainbestean dabil, hamahirugarren postuan baitago. Hala ere, inon ezustekoak gerta badaitezke, Kopan gerta daitezke. Arabarren zorionerako, ez da halakorik gertatu, eta irabazi egin dute. Distirarik gabe egin dute, baina irabaztea eta inork minik ez hartzea zen helburua, eta bete egin da hori.
Gol bakarra egon da, eta etxekoek sartu dute bere atean, hamabigarren minutuan. Egoitz Muñoz Alaveseko eskuin hegaleko atzelari gazteak —debuta egin du partida ofizial batean— erdiratu egin du baloia, eta Quique Vidal Compostelako atzelariak bere atean sartu du gola. Golak Alaves hauspotu du, eta nagusi izan da lehen zatia amaitu arte, baina ez du asmatu ate aurrean. Bigarren zatian, ordea, askoz parekatuagoa egon da norgehiagoka, eta bi taldeek izan dituzte aukerak gola sartzeko. Baina inork ez du asmatu, eta 0-1ekoarekin amaitu da neurketa.
Beste zortzi euskal talde arituko dira
Alavesek jokatu du lehenbizi. Bihar eta etzi, berriz, beste zortzi euskal talde arituko dira Kopan. Bihar, Osasunak Chiclanaren zelaian jokatuko du (19:00, Movistar La Liga3); Beasainek Cartagena hartuko du (19:30); Cortesek, Granada (20:00); Barakaldok Lleidari egingo dio bisita (20:00); eta Eibarrek, Union Deportiva Logroñesi (20:00).
Etzi, berriz, beste hiru euskal taldek jokatuko dute: Amorebieta Barbastroren zelaian arituko da (19:00, AragonTV); Tudelanok Deportiva Minera jasoko du (20:00); eta Realak Jove Español San Vicenteri egingo dio bisita (21:00, Movistar La Liga).