Burumakur dago Alaves. Indartsu hasi zuen denboraldia, baina galdu besterik ez du egin Sevillari irailaren 20an irabazi zionetik. Logikotzat jo daiteke Real Madrilen eta Bartzelonaren aurka punturik ez biltzea. Getaferen zelaian estropezu egitea ere ez da hondamendia. Ordea, azken bi partidetan oso kolpe mingarriak jaso dituzte arabarrek. Valladolidek ezustean harrapatu zituen Mendizorrotzan, eta gaur ez dira gai izan Rayori irabazteko, ordubetean baino gehiagoan kopuru nagusitasuna izan arren. Hori gutxi ez, eta 80. minutuan bere atean sartu du baloia Siverak, geldiketa salbatzailea egin ondoren. Zerraldo erori da Alaves, eta esku hutsik gelditu bosgarrenez jarraian.
Zulo beltzak guztiz irentsi du Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldea. Oso apal dabil jokoz nahiz aldartez, eta zortea ere kontra dauka. Argi izpi batzuk agertu dira 20. minutuan, Rayo jokalari bat gutxiagorekin gelditu baita. Muminek sarrera baldarra egin dio Toni Martinezi, eta epaileak, errepikapena VAReko pantailan ikusi ondotik, aldageletara bidali du Rayoko atzelaria. Ordea, Alavesek ez du abantaila baliatu. Nekez artegatu du etxeko taldea. Bosteko lerroarekin zelairatu da, defentsan sendoago aritu eta kontraerasoan jokatzeko asmoz. Alabaina plana aldarazi dio Muminen txartel gorriak. Halabeharrez, jokoaren ekimena bere gain hartu behar izan du, eta ez da eroso sentitu. Rayok erraz eutsi dio, eta kolpe zitala eman neurketa bukatzeko hamar minutu falta zirela.
Berandu iritsi da etxekoen gola, baina neurketaren hastapenean ere aukera onak izan dituzte. Gogor oldartu zaizkie arabarrei, batez ere hegaletatik sartuta. Zuloak errazegi aurkitu dituzte Garcia Plazaren apustu berritzailean. Alavesi ez zaio nabaritu normalean baino atzelari bat gehiagorekin ari zenik. Sivera arriskua usaintzen hasia zen, eta Isi Palazoni buruz buru gailendu zaio. Zelaiaren beste muturrean, aldiz, belarra zapaldu gabe zegoen oraindik. Toni Martinez izan da jokoa pizten saiatu den bakarra. Eta hark behartu du, hain justu, Muminen txartel gorria. Baloia bere egin du korrikaldi bizi batean, eta aterantz zihoala, lurrera bota du Rayoko atzelariak.
Gauzak hala, lauko lerroa berrezarri du Garcia Plazak. Ez da atsedenaren zain gelditu, eta Jordan sartu du zelaian, baloiarekin argitasun handiagoa izateko. Santiago Mouriño izan da kaltetua; oso haserre eseri da aulkian. Hortik tarte batera, Alaveseko teknikaria ernegatu da, Sivera behin eta berriz luze ari zelako jokatzen. Jokalariek baloia pazientziaz mugitzea nahi zuen. Alabaina, Alaves katramilatu egin da joko estatikoarekin.
Amaieran, korderik gabe
Gasteiztarrek bestelako bizitasuna izan dute atsedenaren ondoren. Toni Martinezek ekinean jarraitu du, eta piztu egin da Carlos Martin, baita Carlos Vicente ere. Hain justu, Vicente 0-1ekoa egiteko zorian izan da 58. minutuan. Bakarrik gelditu da Battagliaren aurrean, baina azkarregi jaurti du, urduritasunaren ondorioz, eta ezin izan du atezaina gainditu. Lehenago, Jordanek erremate indartsua egin du area ertzetik, baina atzelari batek desbideratu du. Eta gero, Martinek kanpora jaurti du, area barruan bi aurkariri izkin egin ondotik. Soka bere aldera ari zen ekartzen Alaves, eta nekatzen hasia zen Rayo.
Haatik, etxekoek zutik iraun dute, eta Alaves jota utzi dute kontraeraso batean. Gumbauren erremate itzela gelditzeko gai izan da Sivera, baina baloiak, langan jo ostean, eskuan eman dio, eta ate barruan bukatu du. Arabarrak guztiz etsita gelditu dira, eta ez dute suspertzeko imintziorik ere egin.