Txirrindularitza

Alaphilippe eta Evenepoel, Donostiako Klasikoko txirrindularien artean

230 kilometro pasatxoko ibilbidea du aurtengo Donostiako Klasikoak; Murgil Tontorra igo beharko dute txirrindulariek. Heldu den larunbatean jokatuko da lasterketa.

Donostiako Klasikoaren aurkezpena. KLASIKOA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 19a
15:52
Entzun

Ez da gutxi igaro txirrindulariak Donostiatik birritan igaro zirenetik, Frantziako Tourraren aitzakiaz, eta aurki izango dira bueltan: heldu den larunbatean jokatuko da Donostiako Klasikoa; 42. aldia izango da aurtengoa. Julian Alaphilippe, Neilson Powless, Ion Izagirre, Pello Bilbao, Carlos Rodriguez... Tourrean aritu diren 42 txirrindulari itzuliko dira hiriburura, baita beste hainbat ere. Tartean, Remco Evenepoel; klasikoko hirugarren garaipena lortu asmoz eragingo die pedalei. Tadej Pogacar ere bertan egotea espero dute; antolatzaileek etortzeko asmoa duela esan dute.

Gaur aurkeztu dute Donostiako Klasikoaren aurtengo ibilbidea Donostiako udaletxean. 230,3 kilometroko lasterketa izango da, iaz baino luzeagoa (225km). Mendate bat gehiagotik igaro beharko baitira txirrindulariak: Murgil Tontorra (1,9 kilometro eta %10,2) klasikora itzuliko da —2019an lastertu zuten azkenekoz bertan—.

Klasikoaren hasiera aldea aldatu dute, 230 kilometroren muga gainditzeko: Donostiako Alderdi Ederretik abiatuta, Zarautz igaro eta Meaga mendaterantz joko dute (3,7 kilometro eta %3,4). Hortik, Azpeitiraino. Bidania-Goiatzera igoko dira Erreziletik, Iturburu mendatetik pasaz (7,1 kilometro eta %5,8). Tolosara jaitsiko dira txirrindulariak, eta ohiko ibilbideari eutsi: Alkiza (4,4 kilometro eta %6,1) eta Jaizkibel (7,5 kilometro eta %5,8) igoko dituzte, hurrenez hurren. Gero, Erlaitzi (4,1 kilometro eta %10,3) eta Mendizorrotzi (7,7 kilometro eta %5) egin beharko diete aurre txirrindulariek. Helmugarako zortzi kilometro geratzen direla, Murgil Tontorra igo beharko dute, klasikoko azken mendatea. Bai Mendizorrotz, bai Murgil Tontorra Murgil bidetik igoko dituzte.

Lehiatuko diren txirrindularien behin-behineko zerrenda aurkeztu dute antolatzaileek. Aipatutakoez gain, Donostian izango dira Alex Aranburu, Simon Yates, Tony Gallopin, Juan Ayuso, eta Mikel Landa, besteak beste. 25 talde arituko dira guztira. Lasterketaren bezperan aurkeztuko dituzte Donostiako Alderdi Eder parkean taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.