Akuilua hartuta hasi da

Javi Graciak bere aurkezpenean esan du Osasunaren hurrengo partidan bere eskua nabaritzen hastea nahi duelaEstu hartu du taldea lehen entrenamenduan, eta eguneko bi lan saio antolatuz hasiko da

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Javi Gracia (Iruñea, 1970) gogotsu iritsi da Osasunara. Entrenatzaile berria atzo hasi zen lanean, eta lehen egunean bi lan saio antolatu zituen. Hurrengo egunetan erritmo berean jarraituko du. Helburua argia da, Osasunak hilaren 15ean Getafen jokatuko duen partidan bere eskua nabaritzea. Zertan zehazki? Goizeko lan saioan behintzat asko sakondu zuen defentsa lanean, eta atea babestuko duten lauko bi lerroetan. «Orain arteko emaitzen zergatia aztertu behar dugu, arazoak aurkitu eta konpondu. Orain arteko batez bestekoak jarraituz gero 88 gol jasoko genituzke sasoi guztian; hala ezinezkoa da», azaldu zuen gero bere aurkezpenean. Estrapolazioa ez da justua, baina argigarria bada behintzat teknikari berriaren arduren berri jakiteko.

Hedabideen aurrera irten aurretik zuzendu zuen lan saioa. Jende asko bildu zuen Taxoaren, eta Graciak berak bazekien begi asko zituela gainean. Txaloak jaso eta guzti egin zuen jokalari batzuei modu ozenean kargu hartu zienean. Taktikari dagokionez, lauko bi lerro jarri zituen, eta horien ordena zorrotz zaindu zuen. Aurrelariek, aldiz, Oriolek eta Onwuk aparte lan egin zuten, Juan Solla prestatzaile fisiko eta, dirudienez, bigarren entrenatzailearekin. Zertzelada batzuk dira, baina taldeak izan dezakeenitxura aurreikus daiteke.

Gracia lezioa ondo ikasia «itzuli» da Osasunara. Haren fitxan Athleticen harrobikoa dela agertzen bada ere, eta Osasunako lehen taldean jokatu gabea den arren, bere sustrai nafarrak azaleratu zituen. «Zure jaioterriko koloreak defendatzea baino gauza politagorik ez dago. Artxiboetan beste gauza batzuk jarri arren, nik nire bidea Osasunan hasi nuen. Hamar urte bete arte Osasunarekin jokatu nuen, eta gero bideak eta jokatzeko grinak urruntzen zaitu».

Argi utzizuen Jose Luis Mendilibarren lanari dion errespetua, eta ez zuen nahi bere hitzak aurreko entrenatzailearekiko kritika modura hartzerik. Taldearen lehen premia «bultzada animiko» bat dela adierazi zuen, eta xehetasun taktiko txiki batzuk eman zituen. «Oreka lortzen saiatuko gara. Agian, gola sartzeko arazoa dugu, bada ez jasotzen saiatu behar dugu. Iragan sasoian gol gutxien jaso zuen bosgarren taldea izan ginen eta horri esker eutsi genion mailari».

Lehen egunetako lan karga ere azaldu zuen. «Gauza asko ditugu hobetzeko, eta, partidarik ez dagoenez, une egokia da entrenatzeko. Gainera, nik gauzak konpontzeko ezagutzen dudan modu bakarra lan egitea da». Jokalariek premia hori ikusi dute, eta euren jarrera goratu zuen. «Lanerako dagoen multzoa aurkitu dut. Konpromisoa sumatzen dut haiengan, asteburuan lan egiteko eragozpenik ez dute jarri».

Erronka «profesional eta pertsonala» ilusioz hartu du. Bere hautaketak eztabaida sortu duen arren, oso gertutik jarraitu duelako taldearen denboraldi-aurrea eta zuzendaritzako baten senidea delako. Biak zehaztu zituen. «Ni jaio nintzenetik naiz Txuma Peraltaren lehengusua. Ibilbide profesional luzea egin dut, eta inoiz ez naiz 'inoren lehengusua' izan. Cadiz edo Almerian lehengusua izatea bitxia zatekeen, baina Iruñean, ez». Taldeari hain gertutik eginiko jarraipenaz, aldiz, langabezian dagoen entrenatzaile batek beti prest egon behar duela esan zuen. «Are gehiago, azken partidan ez nintzen Sadarrera joan esamesik ez sortzeko. Nik ez dut aurreko entrenatzailearekin liskarrik sortu nahi».

Kontratu bitxia

Miguel Artxanok presidenteak ere hartu zuen hitza, eta «ausarta» izateko eta gazteekin jokatzeko «ausardia» izateko eskatu zion. Era berean, Graciak sinaturiko kontratuaren nondik norakoak azaldu zituen. «Bi urterako kontratua sinatu du, baina bi aldeetako batek ekainean eten nahi izanez gero, libreki eta kalte-ordainik gabe eten daiteke».

Iragan sasoiaren bukaeran Jose Luis Mendilibarrekin gertatutakoa eragotzi nahi dutela pentsa daiteke. Teknikari ohiak bere kontratuan zuen klausula baten arabera, mailari eutsiz gero zuzenean berritzeko eskubidea zuen. Artxankok berak azaldu zuenez, ekainean hori izan zen Mendilibarrekin jarraitzeko arrazoietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.