Akordioari eutsi diote

Osasunak eta klubeko hamar agintari eta langile ohik eutsi egin diote fiskaltzarekin adostutakoari, eta ez da egingo haien aurkako epaiketa

Luis Sabalza Osasunako presidentea eta hamar akusatuak, atzo, epaitegian. JESUS DIGES.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Inork ez zuen atzera egin. Osasunak, klubeko hamar agintari eta langile ohik eta fiskaltzak eutsi egin zioten atzo elkarren artean adostutakoari. Horren ondorioz, ez da egingo atzo Nafarroako Auzitegian hastekoa zen haien aurkako epaiketa. Osasunak Nafarroako Ogasunari 2010, 2011, 2012 eta 2013. urteetan egindako iruzur fiskala epaituko zuen. 5,4 milioi euro utzi zituen ordaindu gabe.

Osasunak eta fiskaltzak eginiko tratuaren arabera, klubak 1,4 milioi euroko isuna ordainduko du, eta onartu egin du 45 hilabetean ez jasotzea ez diru laguntzarik, ezta pizgarri fiskalik ere. Zigor txikia da, 11 eta 22 milioi euro arteko isuna jasotzeko arriskua baitzuen. Fiskaltzak kontuan hartu du klubak delitua aitortu duela, kolaboratu egin duela, mina arintzeko nahia erakutsi duela eta berriz halakoak ez gertatzeko neurriak hartu dituela. Aurretik, gainera, Osasunak 6,8 milioi euro ordaindu zizkion Nafarroako Ogasunari, zorraren atzerapenagatik eta interesengatik. «Pozik» azaldu da Luis Sabalza klubeko presidentea.

Akusatuen artean, berriz, Miguel Artxanko presidente ohiak, Angel Bizkai kudeatzaile ohiak eta Jose Manuel Puros zuzendaritzako kide ohiak 28 hilabeteko espetxe zigorra onartu dute. Haietako bakar bat ere ez da joango kartzelara. Patxi Izko presidente ohiak, berriz, 22 hilabeteko espetxe zigorra onartu du; eta Sancho Bandres, Txuma Peralta eta Manolo Ganuza agintari ohiek hamasei hilabetekoa. Guztiei aplikatu zaie mina arindu nahi izanaren aringarria, baita epaiketa hasteko denbora luzez itxaron egon behar izatea ere. Halaber, bertan behera geratu dira Jose Gomez eta Tomas Lopez langileen aurkako karguak. Akusatuek arriskua zuten zortzi eta hamazazpi urte bitarteko zigorrak jasotzeko. Zigorra jaso duten guztiek, hala ere, isunak ordaindu beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.