Suitzan izan zen asteartean David Salinas-Armendariz abokatua (Santurtzi, Bizkaia, 1962),UEFAren eta FIFAren egoitzetan, Euskadiko Futbol Federazioa kide moduan onartzeko eskaera eramaten. Eusko Jaurlaritzarentzat ari da lanean, federazioarekin bat. Itxaropentsu dago ofizialtasunaren gaian etor daitekeenarekin.
Zer duzu esateko Espainiako Futbol Federazioaren erantzunaren inguruan?
Ez da egia Espainiako federazioak hedabideen bitartez jakin zuenik Euskadikoak UEFAn eta FIFAn sartzeko eskaria egin duela, eta ez da egia estatu ez den herrialde bat ezin daitekeenik izan haietako kide. Arancha Gonzalez Espainiako Atzerri ministroak berak onartu du nazioarteko eskubideak ez datozela bat kiroletakoekin. Euskadi ez badute onartzen UEFAk eta FIFAk, hala izango da Espainiak ez duelako baimenik eman horretarako. Bestalde, zoragarria da federazioko bozeramaileak esan izana egon daitekeela momentu bat, heldu beharko zaiola gaiari maila teknikoan. Horixe nahi dugu guk, Espainiako federazioa Euskadikoarekin biltzea, Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza juridikoarekin. Gaia mugimenduan dagoela eman du aditzera, eta badela beste maila batean balizko itun politiko bat.
Pedro Sanchezen inbestidura babesteko hark EAJri agindu zionaz ari zara?
Pedro Sanchezen inbestidurako akordioak esaten du Espainiako Gobernuak erraztu egingo duela nazioarteko federazioetan euskal federazioak onartzea. Hori zehaztu eta osatu egin behar da gero, eta pentsatzekoa da Espainiako Kongresuko talde parlamentario guztiek izango dutela zer esana. Noiz zehaztu edo bete beharko da akordio hori? Espainiako Kirolaren Lege berria tramitatzen denean, eta laster behar luke. Aurreproiektu bat dago berria onartzeko. Orduan sartu beharko dituzte euskal alderdi politikoek zuzenketak, inbestidurako akordio orokor hori zehaztu eta osatzeko. Zuzenketa horien mamia izan behar du Espainiak ez oztopatzea euskal federazioak nazioarteko federazioetako kide izatea. Prestatuta dauzkat.
Zer proposatuko dio federazioak Espainiakoari?
Txapelketa batzuetan parte hartzeko aukera izatea eta beste batzuetan ez, adibidez. Pentsatuta daude proposamenak.
Zein dira?
Nik neure aldetik eginda dauzkat, eta kasuistika zabala da: Gibraltarren ereduari hel diezaiokegu, eta Espainiaren aurka ez lehiatu lehiaketa ofizialetan; edo beheko mailetan jokatu, baina Espainia dagoen goiko mailetara iritsi gabe; edo bakarrik Nazioen Ligan jokatu, Espainia ez dagoen mailan; edo uko egin denboraldi batzuetan Eurokopan eta Munduko Kopan parte hartzeari. Beste aukera bat da UEFAk antolatzen dituen lehiaketetan parte ez hartzea, baina bai FIFAk antolatzen dituenetan, zeinetan ez dagoen Espainia: adibidez, gonbidatu moduan har genezake parte Amerika Kopan, beste selekzio batzuek egin duten bezala; edo FIFAren onespenarekin Euskadiko federazioak antola dezakeen lehiaketa batean, zeinetan beste selekzio batzuk ere ariko liratekeen. Aukerak dira, eta horietan guk geure buruari mugak jartzen dizkiogu, Espainiak uler dezan ez goazela haren aurka oldartzera.
Erdizkako ofizialtasuna ez litzateke hori?
Oraingo egoera baino hobea izango da, hori seguru. Eta posibilista izan behar da. Beti esan izan dut hau: proposamen mugatua egin behar da akordioa lortzeko. Bide bakarra izan daiteke nazioarteko federazioetan sartu eta ofizialak izateko. Baina erne! Uko egitea ez da betiko. Izan daiteke urte batzuetarako bakarrik, eta berriz aztertu daitezke lauzpabost urte barru, adibidez, eta orduan beste aurrerapauso bat eman.
Jarrera hori gabe, Espainiak nekez emango du baiezkoa?
Erakusten da gu behintzat zerbait uzteko prest gaudela akordioa egon dadin. Euskadikoak lortzen badu UEFAn eta FIFAn ordezkaritza izatea, pozik nengoke. Edozein modutan, arakatu eta aztertu egin behar da kasuistika osoa, eta beste aldearekin eseri, hitz egin eta negoziatu, bi aldeek balekotzat joko duten akordio bat lortzeko.
Zergatik egin behar du akordioa Espainiako federazioak?
Kontuan izan behar da itun politiko batek baldintza dezakeela haren jarrera. Gainera, ireki beharko luke kasu hau ez dadin joan nazioarteko epaitegi batera, TASera hain zuzen. Eman izan dituen epaiak ez dira izan Espainiaren jarreraren aldekoak; hor da Gibraltarren kasua, adibidez. TASen laudoak [epaiak] onartzen ari dira estatu ez diren herrialdeek eskubidea dutela nazioarteko federazioetako kide izateko.
Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) joatea ere aukera da?
Ez diogu uko egingo, baina, betiere, akordioa lortzen saiatu ondoren. Hobe da biek amore ematea kontu batzuetan eta akordioa lortzea, auzitara joatea baino. Epaitegiena loteria bat da azkenean, eta, guretzat, azkeneko aukera litzateke. Baina ez dugu baztertzen. Dena den, Espainiakoak elkarrizketarako jarrera izan behar luke, eta positiboak iruditzen zaizkit bozeramailearen hitzak.
TASera jotzeak ofizialtasun osoa eman dezake.
Ez dugu baztertzen hori, eta Jaurlaritzaren babesa izango du federazioak bide hori hartzeko. Eta ez bakarrik futbolean. Primizia bat emango dizut: bi auzi hastekoak dira TASen, surfeko eta halterofiliako Euskadiko federazioek helegitea aurkeztuta. Uste dugu aukera handia dugula aldeko laudoa izateko. Estrategia izango da bi kirol horietan aldeko epaia jaso eta, ondoren, beste auzi bat egitea Espainiarekin futbolaren kasuan, behar bada. Beti egongo da irekita bide hori.
David Salinas-Armendariz. Abokatua
«Akordioa lortzeko, zerbait uzteko prest gaude gu»
Eusko Jaurlaritzaren abokatua da euskal selekzioen gaian, eta Espainiako Futbol Federazioarekin akordioa lortzearen aldekoa da, epaitegiko bidea baztertu ez badu ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu