Futbola

Ajaxeko zaleek ez dute aparteko istilurik eragin

Ertzaintzak oldarraldi txiki batzuk egin ditu Herbehereetako futbol taldearen zale batzuk baretzeko. Amara Berriko auzokideak kexu dira halako partidek auzoan eragiten dituzten arazoengatik.

Ajaxen zaleak Anoetara sartzen Ertzaintza inguruan zutela, futbol zelaiaren atarian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ajaxen zaleak Anoetara sartzen Ertzaintza inguruan zutela, futbol zelaiaren atarian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
nerea intxausti
Donostia
2024ko azaroaren 28a
21:05
Entzun

Gertatuko zenaren zain zegoen jendea, baina arratsaldea uste baino lasaiago joan da. Ajax Herbehereetako futbol taldeko 1.925 zalek zuten futbol zelaira sartzeko aukera, eta, istilu txikiak jazo diren arren, ez da apartekorik gertatu. Zale asko eta asko futbol zelai inguruko tabernetan egon dira, realzaleekin bat. 

Hori bai, ezusteko bat izan da arratsaldean. Ajaxen zaleek geratuak ziren Kursaal parean, handik zelaira batera joateko, baina entzungor egin diote Ertzaintzaren aholkuari, eta ez dira azaldu; beste ibilbide alternatibo bat egin dute Amara Berri auzora heltzeko. Hori dela eta, zaleak sakabanatuta ibili dira, eta Ertzaintzaren kontrolik gabe. Halaber, Ertzaintzak egin beharreko zaintza zaildu du. Partidaren atarian, Federico Garcia Lorca kalean, Ertzaintzak oldarraldi bat egin du hirurehun bat zaleren kontra. Ertzaintzaren arabera, Ajaxen zaleek gordeak zituzten makila batzuk atxiki dituzte.

Oraingoan, ez zituzten partida dela-eta Amara Berriko eskolak eta kirol zentroak lehenago itxi —beste batzuetan baino beranduago izan zelako norgehiagoka—, baina 16:00etatik aurrera trafiko mozketak izan ziren zelai inguruan, eta Amarako 32 tabernak 15:00etan jaso behar izan zituzten terrazako mahaiak, udalak orain astebete ohar batean jakinarazitako agindu bati jarraikiz. Halere, Xabier Berridi Amara Berri auzo elkarteko kidea kexu da horrelako partidek kalte handiak eragiten dituelako auzoan: «Etxean egon, ez aparkatu, ez etorri…». Haren ustez, udalak eta Realak «halakoak gelditzeko ardura» hartu behar dute. 

Auzo elkarteko kideen kexetara batu dira beste zenbait eragile. Gehienak realzaleak direla zehaztu du Berridik: «Eta ni ere realzalea naiz, irabaztea nahi dut eta Txapeldunen Ligara heltzea». Baina, aldi berean, esan du aspertuta daudela futbolarekin: «Realak irabazten badu, horrelako partida gehiago izango ditugu, eta ezin dugu halakorik jasan hemen».

Liskarrak tarteko

Europa ligan jokatu diren beste partidetako liskarrak tarteko, Realeko arduradunek eta Eneko Goia Donostiako alkateak berak esan zuten nahiago zutela Ajaxen zaleei partidarako sarrerarik ez saltzea, hain zuzen gerta litezkeen liskarren beldur. Baina UEFAk sarrerak saltzera behartu zituen talde txuri-urdineko arduradunak. Hain zuzen, Goiak UEFAri leporatu dio «entzungor» egin izana, eta «jarrera eraikitzailea ez izatea» egotzi dio, zale batzuek eragin dezaketenaren inguruko kezka agertuta. 

Urrian, Bruselako Anderlecht taldearen zaleak izan ziren Donostian. Bizilagun batzuek adierazi zuten egun hartan etxetik ateratzeko «beldur» izan zirela zale horien jarrera dela medio, Berridi auzo elkarteko kideak aitortu duenez. Futbol partida bitartean istiluak eragin zituzten: objektuak bota zituzten zelaira, aulkiak hautsi zituzten, eta bost pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak. 

Berridik gehitu du, halere, kanpokoak ez direla istilu eragile bakarrak, eta esan du auzokideek Realaren zaleekin ere arazoak dituztela «partida guztietan», zaratarekin edo zikinkeriarekin: «Gaur egun, partidak ez dira soilik igandeetan, arratsaldeko bostetan; orain, aste barruan ere izaten dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.