Urtebete baino ez du iraun Joxean Olaskoagoa Aizperro-k Orion entrenatzaile lanetan. Atzo goizean plazaratu zuen oharra Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzak: «Bi aldeek adostu dugu ez jarraitzea denboraldia amaitu eta gero». Asteon bildu dira zuzendaritza eta Aizperro, eta bilera horretan egin zuten denboraldiaren balorazioa bi aldeek, eta elkarrekin ez jarraitzea erabaki zuten.
Zuzendaritzak eman zuen pausoa, hori garbi geratzen da oharrean: «Aurreko postuetatik gertuago ibiltzea espero genuen, eta emaitzak ez dira onak izan». Horra arrazoietako bat, eta garrantzitsuena batere ezbairik gabe, entrenatzailearekin hartu duten erabakia hartzeko. Oriok aurten ez du banderarik irabazi traineruetan, eta San Miguel ligan bosgarrena da oraingoz, gaurko eta biharko estropada jokatzeko daudela. Kontxako Banderan, aldiz, laugarren izan zuen, bigarren igandean lehen txandan arraun egin ondoren. Ligan, bigarren izan da posturik onena, eta hamargarren txarrena. San Miguel ligara 2013an itzuli zen Orio, eta ordutik aurtengoa izan daiteke banderarik irabazi gabe geratzen den lehen urtea. Liga nagusia sortu zenetik, 2004an, 2005ean eta 2011n bakarrik gertatu zaie halakorik.
Aizperrorekin hitz egin du BERRIAk, eta bere iritzia eman du: «Bileran, balorazioa egiten ari ginela, esan zidaten aldatzeaz ari zirela pentsatzen, eta nik esan nien erabaki hori ona izan daitekeela klubarentzat». Onartu egin zuen, hortaz, agintariek esan ziotena, eta, horretarako, uda osoan bizi izan duenean oinarritu zen: «Urtea gogorra izan da, hori ez dago ezkutatzerik, eta nekatu samar bukatu dut nik ere. Buruan neukan alde batera geratzea neuk ere, eta mahai gainean aukera hori azaldu zenean bileran, ontzat jo nuen. Klubarentzat ona denez, ez daukat inolako arazorik paretik kentzeko».
Bi aldeen arteko harreman «ona» izan da urte osoan, Aizperroren hitzetan, eta ondo bukatu dutela dio: «Ez da batere arazorik egon, eta ondo amaitu dugu harremana». Hala ere, emaitzen gaian, onartu arren ez direla onak izan, egindako bideaz ez du damurik entrenatzaileak: «Berriz ere lan bera egingo nuke», esan du erabateko ziurtasunaz.
Duela urtebete, Aizperro izendatu berritan, zuzendaritzak eta entrenatzaileak plazaratu zuten Orioren egitasmoak aldaketa behar zuela, eta birmoldatze horren oinarria hau zen: gazteekin, harrobiko arraunlariekin, traineru nagusia osatuz joatea. Lan hori bete du Aizperrok, eta hori ere aipatu du zuzendaritzak oharrean: «Aizperrok gazteekin egin duen lana egokitzat jotzen dugu». Entrenatzaileak ere balioa eman dio lan horri, eta gustura dago arlo horretan egindakoarekin.
Elkartu zirenak orain urtebete banatu berritan, bakoitzak zer egin behar duen jakiteko garaia da. «Saltoa eman nahi dugu», esan du garbi asko zuzendaritzak. «Laster jakinaraziko dugu datorren urtera begira hartutako erabakien berri», bukatu zuen oharra agintari multzoak. Erabaki nagusia, jakina, entrenatzaile berriarena da. Baina oraingoz, ez dago ezer zehatzik, eta ezta ezer lotuta ere, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Garbi dago bigarren urtez segidan aldatuko duela entrenatzailea Orioko zuzendaritzak, iaz Igor Makazagaren lekua bete baitzuen Aizperrok
Aizperrori dagokionez, honen bidea garbiago dago: «Bukatu da arrauna niretzat», esan du garden asko. «Lasaitu handia hartu dut zama hau gainetik kenduta, eta orain atseden hartu nahi dut». Urte mordoan bidelagun izan duen arrauna uztearena, zehaztu egin du gero, baina: «Arraunlari segitzeko ez nago, adinean aurrera noalako, eta talde handi bat entrenatzeko ere ez. Baina talde txiki batean, gazteei laguntzen eta horrelako lanetan murgiltzea ez dut erabat baztertuko».
Aizperro: «Klubarentzat onena denez, ni ados nago»
Orioko zuzendaritzak jakinarazi dio Joxean Olaskoagari ez duela jarraituko entrenatzaile lanetan datorren urtean. «Emaitzak onak ez izatea» izan da agintarien argumentua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu