Aizkorak prest

Maila nagusiko Euskadiko Txapelketako finala jokatuko dute bihar Donostian. Aitzol Atutxak laugarren txapela irabazi nahi du jarraian

Julen Etxeberria.
2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Urteko egunik garrantzitsuena biziko du aizkorak bihar. Maila nagusiko Euskadiko Txapelketako finala jokatuko dute Donostian, Gaska kiroldegian (18:00, ETB4). Sei aizkolari ariko dira: Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza. Sei aizkolari horiek sailkatu ziren finalerako irailaren 16an Abadiñon (Bizkaia) jokatutako kanporaketan.

Batzuk sarritan, beste batzuk gutxiagotan, baina finalean aritutakoak dira guztiak. Iaz, adibidez, Azurmendi ez beste, guztiak izan ziren finalean —Juanjoxe Lopez Azpilikueta aritu zen orduan—. Lehiatu bai, baina irabazi soilik Atutxak eta Azurmendik irabazi dute: dimoztarrak hirutan, azken hiru ekitaldietan; eta beasaindarrak bitan, 2011n eta 2013an.

Atutxa II.a da faborito berriro. Nagusi da aspaldian. Aurten, adibidez, urte ederra darama, irabazi egin baititu jokatu diren hiru txapelketa nagusiak: lehena, Urrezko Aizkolarien binakakoa, zazpigarrenez, Mugertzarekin; bigarrena, Urrezko Aizkolarien banakakoa, bigarrenez; eta azkena, Urrezko Kopa, hirugarrenez. Banakakoak urte perfektua biribilduko luke. Irabaziz gero, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a-rekin berdinduko luke, lau txapel irabazita. Aurretik izango lituzke oraindik Floren Nazabal, Joxemari Olasagasti eta Anjel Arrospide—sei txapel— eta Miel Mindegia —hamar—. Arrospide izan zen lau urtez jarraian txapela irabazi zuen azkenekoa. Leaburuarrak sei garaipen kateatu zituen 1990etik 1995era. Erdibidean da Atutxa II.a.

Dimako aizkolariak, ordea, tentuz ibili beharko du, gertu baititu arerioak. Kanporaketan, adibidez, lau izan zituen aurretik: Vicente —denborarik onena egin zuen—, Larrañaga, Azurmendi eta Mugertza. Parekotasun handia izan zen, sailkatu ziren seiak minutu baten bueltan izan baitziren. Finalean, ordea, bestelakoak izan ohi dira kontuak. Iaz ere Vicente izan zen azkarrena kanporaketan, baina luze egin zitzaion finaleko lana. Lehen esperientzia hura oso baliagarria izango zaio. Hura eta beste lauak gertutik zaindu beharko ditu Atutxa II.ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.