Bihar da eguna. Bihar jokatuko dute Banakako Pentatloiaren finala, Azpeitiko zezen plazan (Gipuzkoa), 22:00etan (ETB1). Aldaketa garrantzitsu bat dago aurten, lehen aldiz emakumezkoak arituko baitira: Lucia Orbe, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Garazi Arruti. Lan hauek egingo dituzte: 63 kiloko harria hamabost aldiz altxatu; 250 kiloko harriarekin plaza bat egin (28 metro); 36 ontzako bi enbor moztu; 25 kiloko txingekin lau plaza egin (112 metro); eta plazari hamabost buelta eman korrika (1,5 kilometro).
LUCIA ORBE
Bilbo, 1989
«Ziur nago hirurek amaituko ditugula finaleko lanak»
Larunbatean plazan izango diren bederatzi herri kirolarietatik Lucia Orbe da esperientzia gutxien duena: «Harria jasotzen abenduan hasi nintzen, baina, benetan, otsailean hasi nintzen herri kiroletan. Binakakorako emakume bat falta zutela-eta, bertan egoteko gonbita egin zidaten», azaldu du. Geroztik, ez da gelditu. Dena berria zen harentzat, eta hutsetik hasi behar izan du. Baina ez du amore eman ahaleginean: «Aizkorako lanak ematen zidan beldur handien, baina probatu behar nuela pentsatu nuen. Garazi Arrutirekin hitz egin ondoren, ateratzea erabaki nuen. Dena ondo atera zen». Plazaratu bakarrik ez, txapela ere eskuratu zuten, Zelai III.a-ri eta Uxue Ansorregiri irabazita.
Azkeneko hilabeteetan buru-belarri aritu da finalean izango dituzten bost diziplinak lantzen: «Crossfit-ean aritu naiz azken bi urte eta erdian. Niretzat izugarrizko esperientzia izaten ari da herri kiroletakoa. Ez nuen inoiz imajinatuko hain gustura arituko nintzenik». Kirola egiteaz gain, hainbat herri ezagutzeko ere balio izan dio: «Mallabian [Bizkaia] egon naiz Gisasola familiarekin, baita Tolosan eta Azpeitian ere [Gipuzkoa]. Jarraitzeko gogoa areagotu egin zait».
Finalean haren burua nola ikusten duen galdetuta, «aizkora» hitza aipatu du berehala: «Ekainetik hona asko hobetu dut aizkorarekin, baina oso lan fisikoa da, eta errespetuz hartu behar da». Finalari ez dio ezer berezirik eskatu, baina landutako guztia plazaratzearekin amesten du: «Lan handia egin dut. Hamar kilo ere jaitsi ditut, korrika hobeto aritzeko. Ez dakit zenbat denboran amaituko dugun, baina ziur nago hirurok amaituko dugula».
KARMELE GISASOLA, 'ZELAI III.A'
Mallabia, Bizkaia, 1994
«Datorren urteanneska gehiago animatzea gustatuko litzaidake»
Biharko finaleko berritasunetako bat emakumezkoek egingo duten jarduna izango da. Lehiatuko direnetako bat izango da Karmele Gisasola Zelai III.a. «Ondo» iritsiko da egun handira: «Halere, nahi baino gutxiago prestatu dut, baina finalean ikusiko da. Udan, pentsatzen ez genituen hainbat txapelketa berri izan ditugu; bi astean behin bat edo beste. Horrez gain, bestelako erakustaldiak ere izan ditugu. Hori dela eta, ez naiz nahiko nukeen bezainbeste prestatu». Azken urteetan esperientzia handia pilatu arren, oraindik ere ondo kudeatzen ez duen zerbaitekin ibili behar du lehian: urduritasunarekin. «Ez dakit txapelketa bat lasai hartzen, eta alde horretatik neure buruarekiko ikasketa bat egitea falta zait».
Gisasolak «lan txukuna» egin nahiko luke. Etxean egindakoa plazaratzen badu, «pozik» amaituko lukeela azpimarratu du. Aurkariak goraipatu ditu: «Meritu handia dute: Garazi Arruti, 50 kilo izan arren, 63 kiloko bola eta 250 kiloko harria mugitzeko gai baita; Lucia, berriz, otsailera arte herri kirolak zer ziren ere ez zekien arren, asko murgildu baita; plazandrea dela erakutsi du».
Finalari zer eskatzen dion galdetuta, ez du zalantza egin: «Polita eta gozagarria izatea, bai parte hartzaileentzat, baita ikusleentzat ere. Horrez gain, datorren urterako beste emakume batzuk animatzen baditugu, askoz hobeto. Ea gehiago animatzen diren».
GARAZI ARRUTI
Bilbo, 1985
«Zalantzakizan nituenizena emateko garaian»
Azpeitian plazaratuko diren emakumeen artean Garazi Arruti da beteranoena. Bera da, Orberekin batera, Binakako Pentatloiaren irabazlea. Azken hilabete eta erdian buru-belarri prestatzen egon da biharko lehia: «Uda tartean izanda, prestakuntza ez da binakakoan izan genuenaren antzekoa izan. Orduan, negu osoa izan genuen prestaketarako».
Azaldu duenez, beste emakume batzuk jada galdezka hasi zaizkie euskal pentatloiaz: «Ikusmina sortu dugula esateko moduan nago. Oso ausartak garela esaten digu jendeak». Binakako txapelketa «oso gauza berria» izan zela aitortu du, baita urduri egon zela ere finalaren aurreko egunetan: «Txapelketa horrek plazaratzeko balio izan zigun».
Baina badaki banakakoa beste kontu bat izango dela: «Izena emateko garaian zalantzekin ibili nintzen: animatu edo ez». Beteranoena izateaz gain, hiruretan pisu gutxien duena ere izango da. Bertan egin beharreko lanik gogorrenagatik galdetuta, azkar erantzun du: «63 kiloko bolak errespetu handia ematen dit. Niretzat lanik gogorrena da».
Gustatuko litzaioke hiru finalistek «lan polita» egitea eta «ikuskizun ederra» ematea. Horrekin batera, emakumeek ere «lan handia» egiten dutela eta «gizonezkoak bezainbeste» prestatzen direla erakutsi nahi dute. Egin beharreko lanak egiteko gai izatea espero du. Txapela irabaztera aterako den arren, argi dauka «oso aurkari gogorrak» direla beste bi finalistak: «Gisasola oso indartsu dago, eta Orbek ere lan handia egingo du harriekin».
Aitzindariak dira
Bihar gauean jokatuko da Banakako Pentatloiaren finala, Azpeitian, eta, lehen aldiz, emakumezkoak arituko dira: Lucia Orbe, Karmele Gisasola 'Zelai III.a' eta Garazi Arruti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu