PILOTA

Aitzakiarik ez finalerako

Igandean jokatuko da Binakako Txapelketako finala, Nafarroa Arenan. Altuna III.ak eta Martijak diotenez, pilota «bizixeagoak» aukeratu dituzte Peio Etxeberriak eta Zabaletak baino. «Oso gogotsu» dira laurak, eta lehia «gogorra» espero dute.

Binakako Txapelketako finalistak, gaur, Nafarroa Arenan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Binakako Txapelketako finalistak, gaur, Nafarroa Arenan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko martxoaren 27a
16:05
Entzun

Hotz Nafarroa Arena. Isil antzean frontoiaren harmailetan eserita diren hogei bat lagunak; edo hala nahi lukete aritu, diskretu. Halako pilotaleku batean, ordea, xuxurlarik txikiena ere ozentzen du oihartzunak, eta aditu dira iruzkin batzuk. «Badakite ez dutela erraza finala, e?», gizon batek ondoko andreari, Julen Martija eta Jokin Altuna seinalatu bitartean. Muturra okertuta erantzun dio hark, esanez bezala: «Nork daki?». Xuxurlen gainetik, baina, bada soinu zorrotz eta nabarmen bat giroan: Altuna III.a pilota jo eta jo, hain justu ere. Hura soilik azaldu da takoak jarrita material hautaketara, eta aski kontzentratuta aritu da jardunean, harik eta parera tarta bat ekarri dioten arte, kandela eta guzti. 28. urtebetetzea du amezketarrak, eta, horregatik, gaur bera izan da protagonista, nabarmen. Halere, ezin jakin igandean nork zorionduko duen nor. Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta izanen ote diren txapeldun, edo Altuna III.a eta Martija.

Material hautaketaren ondoko agerraldian azaldu dutenez, laurak «oso gogotsu» dira Binakako Txapelketako finalerako, eta pozik pilotekin. Altuna III.aren esanetan, pilota «bizixeagoak» aukeratu dituzte aurkariek baino —105,6, 105,9 eta 106,3 gramokoak—, baina denak dira «onak». Dioenez, probatu dituen pilota bat baino gehiago «sartu» zaizkio ongi eskuetan, baina, bai hari, bai Martijari inportantea iruditu zaie «lurrean ongi ibiliko diren» pilotak hautatzea. Nafarroa Arenaren ezaugarriei erne, oso aintzat hartu dute frontoiaren ezker pareta nolakoa den. «Paretak asko jaten du, eta ez dugu nahi pilota han gelditzea», esplikatu du Altuna III.ak.

Aldiz, bi bikoteek aukeratutako pilotak «antzekoak» direlakoan daude bai Zabaleta, bai Peio Etxeberria, ez dute uste hautatu dituztenak motelagoak direnik. 105,9, 106,2 eta 106,7 gramokoak hautatu dituzte. «Igual motelagoak irudituko zitzaizkien frontoia hotzago dagoelako; irudipena izango zen. Igandean egongo den giroarekin, tenperaturarekin, ez da egonen diferentzia handirik», adierazi du Peio Etxeberriak.

Pilotalekuaren eta pilotarien ezaugarriei so, espero da atzealdea izatea erabakigarriena norgehiagokan. Bai material hautaketan bai eta aurrez eginiko entrenamenduetan, lau pilotariek adi erreparatu diote pilotak atzean hartzen duen abiadurari. «Frontoi berezia da, pilotak pisu handia hartzen du atzean, eta seitik atzera oso bizi ateratzen da», esplikatu du Martijak, eta aitortu du kosta zaiola bote mota horretan trebatzea. Dena dela, gaindituak ditu kezka horiek. «Asteleheneko entrenamendutik oso pozik atera nintzen. Sufritzea tokatuko zait, baina oso ondo nabari dut neure burua; konfiantza dut».

Gustura da Zabaleta ere. Hala eta guztiz ere, ohartarazpena egin du: ohartzen da jendea sutsuki nabarmentzen ari dela frontoia oso egokia dela haren jokatzeko moduarentzat, baina argitu du deus ez dela garbi. Eta pilotalekuak ez du lasaitzen. «Frontoi guztietan gertatzen den bezala, egun hobea duenak jakinen du aurkariari min egiten; ikusiko dugu nor den hori», esan du. Gainera, hain zuzen ere bi atzelariek azpimarratu dute partidak ez duela zertan atzealdean hartu karga handiena. Zabaletaren iritziz, partida ez da erabakiko ez aurrean ez atzean, «eta ez da izango pilotari bakarraren kontua».

Faborito argirik ez omen

Motibazioz beteak dira aurrelariak ere, ilusioz, baina biek nabarmendu dute igandekoak seguruenera izanen duen gogortasuna, bai eta aurkariaren maila ere. Finalistak bi aldiz lehiatu dira jada elkarren artean txapelketa honetan, eta Peio Etxeberriak eta Zabaletak irabazi dituzte biak. Halere, zuhur mintzatu da Peio Etxeberria: «Txapelketako partidarik gogorrena falta dugu oraindik». Nafarroa Arenaren berezitasunak aipatu ditu atzera ere Altuna III.ak, eta, batik bat, aurrelariei eragiten dieten alderdiak nabarmendu. «Beste frontoi batzuen aldean, uste dut hemen oso kontuz jokatu behar dela. Izugarri kostatzen da jokoa aldatzeko ondo sartzea, atzelariari kalte ez egiteko moduan; ea asmatzen dudan, zeren uste dut arriskua dagoela partida dezente gogortzeko». Halere, argitu du igandean ez dela izanen aitzakiarik batere. «Ez gara arituko ez pilotez ez paretez, aski izango dugu eguneko adrenalinarekin».

Lau pilotariek adierazi dutenez, nork bere bikotekidearekin eduki beharreko konfiantza ere funtsezkoa izanen da finalean. «Orain arte izan dugun bezalakoa», erantsi du Zabaletak. Eta beste horrenbeste esan du Altuna III.ak Martijaz: «Fede osoa dut Julenengan». Faboritoak nor diren galdetuta, Altuna III.ak eta Martijak uste dute Zabaleta eta Peio Etxeberria direla, baina, era berean, sinetsita daude oso partida parekatua izanen dela, «gogorra bezainbeste». Kontrara, Zabaletak kontatu du txapelketaren hasiera-hasieratik pentsatu zuela Altuna III.a eta Martija finalean egonen zirela. Horregatik, ezin faborito argirik ikusi.

Txapela bikote batek edo besteak irabazi, markak hausteko moduko lorpenak izanen dira finalaren ondotik. Esate baterako, Altuna III.ak txapela jantziko balu, zortzigarrena luke, eta inoizko pilotaririk gazteena litzateke hori erdiesten. Zabaletak jantziko balu, berriz, bosgarrena luke. Zer lor dezaketen jakinda bai, baina presatu gabe mintzo dira. «Ez dut energia gramo bakar bat ere gastatu nahi bosgarren txapelean pentsatzen», esan du Zabaletak, pozik. Bestalde, Peio Etxeberriak bigarren finala du jarraian, Altuna III.aren kontra lau eta erdikokoa jokatu eta lau hilabete eta erdi eskasera. Orduko hura «handi» gelditu zitzaiola aitortu du orain. «Ordura arte ongi egin nuena ez nuen ongi egin finalean, baina ikasi dut hartatik, eta prest nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.