Pilota. Banakako Txapelketako finala

Aitzakiarik ez dago finalerako

Retegi Bik pilota arinak hautatu ditu; Irujok, zakarragoak.Oraindik 150 bat sarrera daude salgai

Julen Retegi eta Juan Martinez de Irujo, atzo, Atano III.a frontoian egindako pilota aukeraketan. ANDONI CANELLADA / ARP.
jon eskudero
Donostia
2014ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Kito. Prest dago guztia pilotaren urteko egunik handienerako: etziko buruz buruko finalerako. Baita pilotak ere. Juan Martinez de Irujok eta Julen Retegik atzo egin baitzuten material aukeraketa Atano III.ean. Arrunt pilota ezberdinak hautatu zituzten, baina, egiari zor, laurak ere jokatzeko egokiak direla aitortu zuen eratsundarrak. «Nireak arinagoak dira, eta Irujorenak, zakarxeagoak. Bakoitzak bere gustuko piloten alde egin du, eta ez dago aitzakiarik». Irujok, ohikoa duen moduan, ez zuen hitzik egin pilotei buruz, baina keinu bat aski izan zuen iritzia adierazteko. Izan ere, Retegiren pilota bat jo ostean, kazetariei hala esan zien: «Zuek ere ikusi duzue». Nonbait, gehiegi bizitzeko arriskua du pilota horrek.

Lanak, hori bai, azkar egin zituzten nola Irujok hala Retegik. Nolako pilota komeni zitzaien pentsatuta joan ziren etxetik. Lehenbizi eratsundarraren txanda izan zen, eta, aitaren laguntzaz, berehala aukeratu zituen bi pilota, 104,6 eta 105,2 gramokoak. Irujok ere ez zuen izerdi askorik bota materiala hautatzen. 106,2 eta 105,7 gramoko bi pilota baztertu zituen. Lanak bukatzean, pilotakada batzuk jo bai, baina ez zuen entrenamendurik egin nahi izan bietako inork.

Dirua gorri: 100 40ri

Izan ere, eskuetako arazoekin ibili dira txapelketa osoan bi finalistak. Retegik nahiko osatuta dauka eskuin eskua, «nahiz eta min pixka bat izan». Irujok, berriz, badaki sufritzea tokatuko zaiola, ezker eskua bere onera ekartzeko denborarik ez baitu izan. Horrek ez du gehiegi kezkatzen Patxi Eugi haren botileroa. «Irujok badaki hortzak estutu eta sufritzen, eta uste dut asmatuko duela partida irabazten. Hori bai, lana gogotik egin beharko du». Dirua Iberokoaren alde aterako da, 100 40ri.

Finalak ez du beste urte batzuetako ikusminik sortu, baina atzo 200 lagun inguru batu ziren Atano III.ean. Dena den, 150 sarrera salgai daude oraindik, izan kantxakoak, goiko harmailakoak zein errebotekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.