FUTBOLA. Osasunak egin du denboraldiko bigarren fitxaketa: Aitor Fernandez atezaina. Arrasatearra Levantetik iritsi da talde gorritxora, 31 urte ditu, eta 2025 arteko kontratua sinatu du. 14 milioi euroko etete klausula ezarri diote, eta fitxaketaren kostua aldatu egingo da atezainak erdiesten dituen helburuen arabera.
Aurreko denboraldi amaieran egindako agerraldian, Braulio Vazquez kirol zuzendariak argi esan zuen helburuen artean zutela atezain bat fitxatzea, Sergio Herrerarekin titular izateko lehiatzeko. Asteak ziren Fernandezen izena aipatu zela. Izan ere, Jagoba Arrasatek ondo ezagutzen du. Haren entrenatzaile izan zen Numantzian.
Atezaina pozik dago fitxaketarekin. «Aldaketa eta aurrerapauso handia da nire kirol ibilbidean hona etortzea. Azken urteetan, Osasuna oso ondo ari da egiten gauzak. Ez nuen bitan pentsatu, are gehiago Jagoba hemen egonda», adierazi zuen. Bere ezaugarrien inguruan galdetuta, ondorengo hau nabarmendu zuen: «Ezeren gainetik, langilea naiz, eta taldea dut beti buruan».
Aitor Fernandez atezaina fitxatu du Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu