Aitor Elordik jokatuko du Buruz Buruko Txapelketako finala Jokin Altunaren aurka. Aspeko pilotariak Dario Gomezi irabazi dio gaur Gasteizko Ogeta pilotalekuan (15-22). Ordezko gisa sartu zen txapelketan, eta finala jokatuko du; Binakako Txapelketako txapeldun ere izan zen aurten. Urte ikusgarria egiten ari da Mallabikoa.
Gaur, Dario baino hobeto sartu da partidan (0-4). Errioxarrari hasieratik nabaritu zaio urduritasuna, eta normalean baino huts gehiago egin ditu. Elordik, partida distiratsua egin gabe, asmatu egin du tantoak gogortzen, eta Dariori gauzak zail jartzen. Hark ez du minik egin sakez, eta asko kostatu zaio tantoak amaitzea. Akats larriak egin ditu, gainera (3-11).
Tantoak pasatu ahala, hobeto jokatzen hasi da Dario. Elordik ere azkar agortu ditu bere hiru hutsarteak, eta fisikoki larri ibil zitekeela zirudien. Pilotariak gero azaldu du «estrategia bat» izan dela hori.
Une batean hirura ere jarri da Dario (12-15). Hor, ordea, bolada onean sartu da Elordi, eta sei tanto egin ditu jarraian (12-21). Azkenean, ezker gantxo ikusgarri batekin heldu da 22ra.
Ekainaren 4an jokatuko du Altunaren aurka, bere lehenengoa. Amezketarra izango da faboritoa; laugarren finala izango du buruz buru. Bi txapel baditu, 2018an eta 2021ean irabaziak.
Ikusi gehiago:Altunak ohitura bihurtu du