Aitor Elizegi: «Zaila da egoera honetan gobernatzea»

Kontuak Athleticen egungo egoeraren argazkia direla nabarmendu du, eta ez dutela mezua helaraztea lortu

Aitor Elizegi, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE.
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak atzo hitz egin zuen lehen aldiz bazkide konpromisarioek ezetz esan ondoren batzarrean aurreko sasoiko kontuei, denboraldi honetako aurrekontuari eta animazio harmailaren egitasmoari. Aitortu zuenez, emaitza «gogorra» izan da. Horregatik, uste du «autokritika egiteko, hausnartzeko eta entzuteko momentua» dela. «Ez dugu lortu gure mezua bazkideei helaraztea». Beste aukera bat izango dute, ezohiko batzar batean, baina ez zuen zehaztu noiz egingo duten.

Azpimarratu zuenez, «oso zaila» da defenditzea 37 milioi euroko galera bat. «Inoiz ez zitzaien eskatu halako laguntza bazkideei. Taldea ere ahalegina egiten ari da. Ezohiko egoera da, eta ziur ehunka akats egin ditugula, ez baitaude nora heltzeko aurrekaririk. Batzarreko argazkian ez genuen zeri heldu. Oso zaila da egoera honetan gobernatzea».

Elizegiren arabera, aurreko sasoiko kontuak «Athleticen egungo egoeraren argazki zehatza dira». Aldiz, bai azaldu zen prest denboraldi honetako aurrekontuaz hitz egiteko; adibidez, bazkideei kuotaren %70 baino gehiago itzultzea. «Bagenekien neurri horrek erantzuna izan zezakeela, baina klubari laguntzeko modua da. Uste dugu egin behar dela, eta hori azaltzen saiatu ginen, baina batzarra ez dago ados. Eta subiranoa da. Guztion artean lortu behar dugu hau aurrera ateratzea». Animazio harmailaz, berriz, adierazi zuen ezezkoa jaso arren, «aurrera» egin dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.