FUTBOLA. Atzo bete zen urtebete Aitor Elizegi Athleticeko presidente kargura ailegatu zenetik, eta horren balantzea egin zuen. Presidentea «harro»agertu zen egindako lanaz. «Eskertu egin nahi diet klubeko langile guztiei erakutsi duten konpromisoa». Gaizka Garitanoren eta Angel Villacamparen lana goraipatu zuen.
Kirol arloan hainbat izen izan zituen hizpide. Besteak beste, Unai Nuñezen inguruan galdetu zioten. Ingalaterrako eskaintzak izan dituen zurrumurrua egon da, eta azkenaldian ez duela askorik jokatu. «Otsailean ez ezik, udan ere Garitanoren aginduetara entrenatzen ikusi nahiko nuke. Funtsezko jokalaria izan zen Bernabeun berdinketa lortzeko». Hortik harago, Williamsek, Yerayk, Raul Garciak eta Unai Simonek kontratua berritu izana nabarmendu zuen. Udan taldea utzi zuen Markel Susaetaren inguruan ez zuen «gaizki» hitz egin nahi izan. «Kapitaina izan zen, eta klubaren historiako zati bat».
Athletici jardunaldi askotan egokitu zaio igandeetan 14:00etan jokatzea, eta horrekin kexu azaldu dira bai jokalariak, baita zaleak ere. «Ez gaude ados, eta ez dugu sekula babestuko zelaietara jende gutxiago joatea ekarriko duen politikarik». Hori izan zen, besteak beste, Javier Tebas berriz Espainiako Futbol Liga Profesionaleko presidente izateko bozketan Athletic abstenitu izanaren arrazoietako bat. «Bestea, ez dugula bat egiten emakumeen futbolaren inguruan duen ikuspegiarekin».
Espainiako selekzioak Eurokopako partidak San Mamesen jokatzearen inguruan ere mintzatu zen Elizegi: «Nik kargura iritsi aurretik hartutako konpromisoa izan zen, eta gure betebeharra da errespetatzea eta hitza betetzea».
Aitor Elizegi «harro» urtebete honetan egindako lanaz
Athleticeko presidenteak espero du Unai Nuñezek «otsailean ez ezik, udan ere» taldeak segitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu