Aitor Elizegi: «Espainiako Kopako finala aurten izatea nahi dugu»

Athleticeko presidenteak espero du «zaleekin» izatea finala. Damaris Egurrolak Athletic utziko du, taldean bost urtez aritu ondoren

Aitor Elizegi, iazko abenduko agerraldi batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak prentsaurreko bat egin zuen atzo, eta iragarri zuen Espainiako Kopako finala aurten izatea nahi duela klubak: «Espero dut zaleekin izatea». Aurretik, baina, Liga amaitu beharko da. Ekainaren 30ean kontratua bukatzen zaien jokalariez, esan zuen hitz egin dutela Beñatekin eta San Joserekin Gaizka Garitano entrenatzaileak eta Rafa Alkorta kirol zuzendariak: «Arren eta otoi eskatu diegu geratzeko, jokalari guztienbeharra izango baita».

Garitanoren kontratua berritzearen atzean zer dagoen azaldu zuen: «Taldeari sekulako indarra ematen dio. Klub osoak nahi zuen Gaizkak jarraitzea. Sekulako lana ari da egiten harrobiko gazteak profesionaltasunera gerturatzeko; asko ari zaie laguntzen. Estrategikoa da Gaizka gurekin egotea, ordenatu egiten gaitu eta». Datorren denboraldiko taldeaz ez zuen ezer aurreratu: «Lehendabizi, sasoi hau amaitu behar dugu, eta ikusi non gauden. Ez baita gauza bera Europan aritzea edo ez. Egutegi trinkoa izango da, baliteke-eta irailaren 12an hastea Liga, eta ez da ahaztu behar gehiago trinkotuko dela, 2021ean Eurokopa ere izango denez gero».

Arlo ekonomikoari dagokionez, gogor jo zuen aurreko zuzendaritzaren aurka: «Iraganetik jaso dugun aurrekontu ereduari eustea oso zaila da Europan jokatu gabe, baina denok onartu dugu eredu hori, eta orain denoi dagokigu betetzea». Argitu nahi izan zuen baieztapen horrekin ez zela esaten ari lehen taldeko jokalarien soldatak gehiegizkoak direnik: «Sekulako ahalegina eta lana egiten dute egunero, eta soldata justuak dituzte».

Bestalde, Damaris Egurrolak jakinarazi du Athletic utziko duela. Bost urtez aritu da taldean. Ohar batean esan du «beti amestutako erronka berriak» dituela, eta «ilusio handiarekin» ekingo diela. «Anbizio eta gogo horregatik, eta beste arrazoi batzuengatik, hartu dut erabaki hau».

Ordutegi aldaketa

Espanyol-Alaves partida ekainaren 13an jokatuko dute (larunbata), 14:00etan, eta hurrengo egunean, hilaren 14an, ordutegi bera izango du San Mameseko partidak: Athletic-Atletico Madril. Bi norgehiagokak, hasiera batean, 13:00etan ziren jokatzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.