Aitonaren izenean

Ehun urte dira Juan Manuel Azpiroz 'Aiako Txikiak' Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuela. Haren omenez, eta garaipenaren urtemugaren aitzakian, familiako hamabi kidek parte hartuko dute bihar lasterketan.

Behobia-Donostian aterako diren Azpiroz familiako hainbat kide, aitonaren omenezko kamisetekin. AZPIROZ FAMILIA
Behobia-Donostian aterako diren Azpiroz familiako hainbat kide, aitonaren omenezko kamisetekin. AZPIROZ FAMILIA
Unai Ugartemendia.
2024ko azaroaren 9a
05:05
Entzun

Behobia-Donostia lasterketak seigarren aldia zuen 1924an. Garai hartako lasterketarik ezagunena zen Gipuzkoan. Aurreko bost aldietako hiru irabazleak ez ziren edonor: Juan Mugerza euskal atleta handia (1919), Henri Daliere (1920 eta 1921) eta Serafin Ulezia (1922 eta 1923).

Urte hartan, Aiako Mahastisoro baserriko (Gipuzkoa) Juan Manuel Azpiroz Aiako Txikia-k erabaki zuen lasterketan parte hartzea. 22 urte besterik ez zuen, baina ordurako korrikalari ezaguna zen, bereziki Gipuzkoan. 24 korrikalarik bakarrik eman zuten izena lasterketan, baina hamasei atera ziren azkenerako. Haien artean, Azpiroz izan zen azkarrena. Kursaal kasinoaren aurrean amaitu zen lasterketa, eta nagusitasun osoz irabazi zuen. Haren denbora 1.14.22 izan zen. Atzetik izan zituen, hurrenez hurrenez, beste bi gipuzkoar: Errenteriako Antonio Casal eta Zarauzko Francisco Rementeria. 

«Gogoratzen dut kartetan jokatzen zuela gurekin, punttuan. Hori bai, guk betidanik jakin izan dugu aitona korrikalaria izan zela. Eskualdean oso ezaguna zen»

 JAIONE AZPIROZ Aiako Txikiaren biloba

2022an otu zitzaion Azpirozen familiako kide bati aitonari omenaldia egitea. Lehengusu bazkari batean izan zen: «Urretxuko Jon lehengusuak komentatu zuen 2024an ehun urte beteko zirela aitonak Behobia-Donostia irabazi zuenetik, eta, ondo egonez gero, ateratzeko asmoa zuela. Gainera, esan zuen polita izango litzatekeela haren omenez familiako kideak elkarrekin izatea han. Esan eta bete. Irteeran, familiako belaunaldi ezberdinetako hamabi kide izango gara», aurreratu du Ainhoa Azpirotz Eizmendik (Usurbil, Gipuzkoa, 1974). 11 senide lasterka aterako dira, eta bat patinetan.

Denera, Azpirozen sei biloba, bost birbiloba, eta hereniloba bat izango dira, bihar, Behobiako irteeran izango diren 27.000 kirolarien artean, soinean dutela aitonaren orain dela ehun urteko argazkiarekin egindako kamiseta. Behobia Txikian ere lau birbilobak parte hartuko dute, eta haiek ere pozik egingo diote omenaldi txikia birraitonari.

(ID_17310049907355) Aiako txikia Behobia-Donostia irabazten.
Juan Manuel Azpiroz Aiako Txikia Behobia-Donostia irabazten.

Jaione Azpiroz Eizmendik (Usurbil, Gipuzkoa, 1977) ere ondo gogoratzen du bazkari hura. «Omenaldi txiki bat egiteko eta gure artean elkartzeko motiboa eta aukera polita izan zitekeela ikusi genuen. Lehengusuen artean alde handia daukagu. Esaterako, zaharrenak 75 urte ditu, eta gazteenak, 45. Denera, ia hogei lehengusu gara, baina, lehen aipatutako bazkari hartan jada, batzuek esan zuten animatuko zirela. Hurrengo urteko bazkarian, aurrera egitea erabaki genuen». Ekhi Susperregi Azpiroz semea (Lezo, Gipuzkoa, 2008) izango du alboan Jaionek. Hura da parte hartuko duten senideetan gazteena. «Konturatu nintzen gutxieneko adina betetzen nuela lasterketan parte hartzeko, eta animatu egin nintzen. Oso gustuko dut kirola egitea».

Ainhoa eta Jaione ahizpek ez dute Behobia-Donostia lasterketako oroitzapen berezirik aitonarekin. «Korritu zuenean, 22 urte zituen, eta hamar seme-alabak geroago jaioak dira. Batez ere, hark jokatu zituen apustuez hitz egin digute gurasoek; esaterako, Tolosako eta Azpeitiko zezen plazetan jokatu zituen hainbat apustuz. Aian bertan ere batzuk jokatu zituen. Oso gogoan dute 1956an Montte Albenizen aurka jokatu zuena. Aian egin zuen azkena izan zen», ekarri du gogora Ainhoak. Jaionek aitona ezagutu zuenean, adin handikoa zen jada. «Nik 7 urte nituenean hil zen. Gogoratzen dut kartetan jokatzen zuela gurekin, punttuan. Hori bai, guk betidanik jakin izan dugu korrikalaria izan zela. Eskualdean oso ezaguna zen».

(ID_17310051088425) Ainhoa, Jaione eta Ekhi Azpiroz familiakoak.
Ezkerretik eskuinera, Jaione Azpiroz Eizmendi, Ekhi Susperregi Azpiroz —Jaioneren semea— eta Ainhoa Azpirotz Eizmendi. UNAI UGARTEMENDIA

Ekhik ere entzun izan ditu birraitonaren kontuak. «Aitonarekin Aian genbiltzan batean, bertako batzuei entzun genien anaiak eta biok azpiroztarren gorputza genuela; argalak gara, birraitona bezala. Niri aitonak kontatu izan dizkit birraitonak egindakoak, eta Aian 1983an haren omenez jarri zuten oroigarriak hori dio. Ez zidaten gezurrik kontatu!».

«Aitonarekin Aian genbiltzan batean, bertako batzuei entzun genien anaiak eta biok azpiroztarren gorputza genuela; argalak gara, birraitona bezala» EKHI SUSPERREGIAiako Txikiaren birbiloba

1924an, Behobia-Donostia lasterketa irabazteaz gain, lortu zuen errepideko hainbat lasterketatan lehen hamarretan sailkatzea. Urte horretan bertan, esaterako, Gipuzkoako krosean laugarren sailkatu zen, eta Escursionistas krosean hirugarren. 1925ean, berriz, Donostian jokatutako Nazioarteko Krosean seigarren helmugaratu zen. Baina, batez ere, jokatu zituen apustuengatik egin zen ezagun Aiako Txikia. 1940ko hamarkada izan zen garairikoparoena. Gogoangarriak izan ziren, adibidez, 1928an Azpeitiko zezen plazan Klaudio Egañaren aurka jokatutakoa, 1942an Eusebio Alberdiren aurka egindakoa, eta, 1946an, Aian, handik urte batzuetara herri kirolen munduan hain ezagun egin zen Pedro Albeniz Iruntxiberri kontra jokatutakoa. Loraldi bete-betean igaro zituen urte haiek.

Estreinakoz Behobia-Donostian

Oraingo honetan, korrikalari moduan egin zuen balentriarengatik omendu nahi dute etxekoek, eta urteurrena gogoratu. Ainhoak, Jaionek eta Ekhik lehen aldiz korrituko dute Behobia-Donostia. «Utzi nion korrika egiteari. Gehiago ibiltzen gara mendian eta bizikletan. Baina orain dela hiru bat urte-edo, Lezoko Emakume Korrikalarien taldea sortu zen, eta haiekin hasi nintzen. Ordutik, astean behin edo bitan ateratzen naiz taldearekin entrenatzera. Bestela, aurten, bakarrik ere irten izan naiz», nabarmendu du Jaionek.

Senideak elkartzeko aitzakia eta arrazoia ere izan da korrika egitea azken hilabeteetan. Batera entrenatu izan dira, eta 10-12 kilometroko saioak ere egin dituzte. «Hilean behin entrenatzeko egun bat hartu dugu. Urtarrilean hasi ginen, eta geroztik eutsi egin diogu hitzorduari. Lasterketa hurbildu ahala, jende gehiago elkartu gara saioetan», gaineratu du Ainhoak.

«Hilean behin entrenatzeko egun bat hartu dugu. Urtarrilean hasi ginen, eta geroztik eutsi egin diogu hitzorduari. Lasterketa hurbildu ahala, jende gehiago elkartu gara saioetan» AINHOA AZPIROTZAiako Txikiaren biloba

Urte batzuk bazituen hark ere korrika ibili gabe. Min hartzeak ematen zion beldurrik handiena entrenatzen hasteko garaian, baina, zorionez, ez zaio halakorik gertatu: «Iazko Aste Santuan saio batzuk egin nituen, poliki-poliki, gorputzari entzunez. Azken urtean serioago hartu dut prestakuntza, eta hilean behin elkartzeak bizipoz handia eman digu». Ekhi ohituta dago kirola egitera, baina errespetua dio lasterketari. «Urte hasieran jarri ginen serioago lasterketa prestatzen. Lehen, Lezotik pasatzen zenean, animatzera ateratzen ginen. Beti izaten da ezagunen bat lasterketan. Orain, guri tokatzen zaigu!».

Juan Manuel Azpiroz Aiako txikia
Juan Manuel Azpiroz, Aiako Txikia.

Denak batera irtengo diren arren, bakoitzak bere erritmoan irudikatzen du lasterketa. Jaionek argi dauka. «Elkartu izan garenetan, argi ikusi dugu gutxienez bi erritmo ezberdinetan ibiliko garela. Bakoitzaren erritmoa errespetatu behar da». Ainhoa badaki zer taldetan joango den, eta irribarrez azaldu du. «Argi ikusten dut gazteak aurrera joango direla. Gure erritmoan joanda, askoz gehiago nekatzen dira».

Lehengusuen artean parte hartzaile zaharrena Iñaki Ibarbia izango da. 62 urte ditu, eta gazteekin joango da. Izan ere, korrikalaria da, eta bere garaian lasterketa bikainak egin izan ditu Behobia-Donostian. Aitonak egindako denbora hobetu zuen Ibarbiak 1995ean. Hemeretzigarren postuan helmugaratu zen, 1.05.00 denborarekin. «Oraindik ere sasoi bikainean dago», azaldu dute.

Ekhik ere oso argi ditu gauzak estreinakorako. «Atzean aterako naiz. Oso azkar ateraz gero, arriskua dago hamargarren kilometrora lehertuta iristeko. Gutxinaka, eta lehen hamabost kilometroak osatzean, aurrera egiten saiatuko naiz». Hirurek ere helburu bakarra dute lehen parte hartzean: «Lasterketa ondo egitea, gozatzea eta aitona omentzea». Baina lesioengatik korrika atera ezin diren familiako hiru kideren hutsa izango dute, haien artean, Aitziber Ibarbia mendi korrikalariarena. Alabak ordezkatuko du, Jare Urkiolak. Patinetan egingo du lasterketa.

Bazkarirako aitzakia

Azpiroztarrek, korrikalari gehienek egiten duten antzera, lasterketaren ostean bazkaria egingo dute. Lehengusu bazkaria familia bazkaria bihurtu da aurten. Denetara 73 kide elkartuko dira Usurbilgo sagardotegi batean. «Korrikarako ez, baina bazkaltzeko inoiz baino jende gehiago elkartuko gara. Korrika egitera ez bada ere, senide asko animatzera joango dira, gehienak kamiseta jantzita, eta hori ere oso polita izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.