Futbola

Aitana Bonmatik eta Rodri Hernandezek irabazi dute Urrezko Baloia

Bonmatik bigarren aldiz jarraian irabazi du 'France Football' aldizkariak banatzen duen saria; Hernandezek, berriz, lehenengoa du.

Aitana Bonmati eta Rodri Hernandez saria jasotzen. MOHAMMED BADRA/EFE
Aitana Bonmati eta Rodri Hernandez saria jasotzen. MOHAMMED BADRA/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 29a
10:30
Entzun

Aitana Bonmatik (Vilanova i la Geltru, Herrialde Katalanak, 1998) eta Rodrigo Hernandez Rodri-k (Madril, Espainia, 1996) irabazi dute denboraldiko jokalari onenari ematen zaion Urrezko Baloia. Bartzelonako jokalariak bigarren aldiz irabazi du saria, eta bera zen aurten irabazteko faborito nagusia. Manchester Cityko jokalariak, berriz, ustekabean irabazi du. Atzo egin zen France Football kirol aldizkariak antolatzen duen sariaren gala, Parisko Chatelet antzokian.

Urteko topaketa garrantzitsuenetako bat izaten da futbol munduan Urrezko Baloiaren gala. Aurreko denboraldian gertatutakoaren arabera jokalari onenak saritzea du xede aldizkariak, eta ehun kazetarik hartzen dute parte bozketan: FIFA rankingeko lehen ehun herrialdeetako kazetari banak. Emakumezkoen kategorian, ordea, 50 kazetarik hartzen dute parte.

Emakumezkoen Urrezko Baloia banatu zen lehendabizi, eta bigarren urtez jarraian saritu zuten Bonmati, Bartzelonako kapitaina. «Hau ez da bakarrik lortzen. Jokalari handiz inguratuta egoteko zortea daukat, eta haiei esker daukat eboluzionatzen jarraitzeko, hazten jarraitzeko eta egunetik egunera jokalari hobea izateko aukera», adierazi zuen saria jaso berritan. Klubeko langileak, zuzendaritza batzordea, familia eta inguruko lagunak ere oroitu nahi izan zituen taula gainetik, eta katalanez egin zuen diskurtsoaren zati handi bat.

Ondoren iritsi zen Rodriren txanda. Madrildarra makuluen laguntzarekin igo zen taula gainera, orain dela hilabete eskas belauneko lotailu gurutzatua hautsi baitu. Hark ere familia eta taldekideak oroitu zituen, besteak beste, baina bere ibilbideaz ere mintzatu zen: «Mutil arrunta naiz, balioak irakatsi zizkioten mutil bat, ikasketak dituena, gauzak ondo egiten saiatzen dena eta futboletik kanpoko estereotipoei erreparatzen ez diena». Bere antzeko postuetan jokatzen duten jokalariak ere ekarri zituen gogora: «Zelai erdiko jokalariei aitortza egiteko modu bat da saria. Itzalpeko lana egiten dugu guk, baina gaur argitara atera da».

Gizonezkoen sariari dagokionez, hautsak harrotu zituen saria Rodriri eman izanak. Espainiako zenbait komunikabidek ziurtzat jotzen zuten Vinicius Junior Real Madrileko aurrelari brasildarrak irabazi behar zuela. Hala uste zuten klubean bertan ere. Baina atzo goizean jakin zuten garailea ez zela hura izan behar, eta Real Madrilek Parisera ez joatea erabaki zuen. Carlo Ancelotti madrildarren teknikariak irabazi zuen entrenatzaile onenaren saria, eta Real Madril denboraldiko klub onena izendatu zuten. Baina, Real Madrileko ordezkaririk ez zegoenez, inork ez zuen saria jaso.

Euskal jokalariak tartean

Euskal kirolariek ere ordezkaritza izan zuten. Izan ere, Nico Williams eta Unai Simon Athleticeko jokalariak izendatuen artean zeuden. Wiilliams anaietan txikiena Urrezko Baloia lortzeko hautagaien artean zegoen –hamabosgarren gelditu da saria lortzeko lehian–, eta Unai Simon, berriz, urteko atezainik onenaren sarirako zerrendan. Arabarrak aukera ugari zeuzkan saria irabaziko, baina bigarren gelditu zen Lev Yachin atezainaren izena daraman saria lortzeko lehian; Emiliano Dibu Martinez Aston Villa taldeko atezain argentinarrak irabazi zuen saria. Hala ere, Athleticeko ordezkariak ez ziren Parisen egon, Espainiako Ligako partida bat jokatzen ari baitziren Mallorcan.

(ID_14366476) FRANCE SOCCER
Xabi Alonso, aurten, neurketa batean. YOAN VALAT/EFE

Athleticeko jokalariez gain, Xabi Alonso teknikari gipuzkoarra ere izendatuta zegoen, denboraldiko entrenatzaile onenaren saria lortzeko. Bayern Leverkuseneko teknikariak Alemaniako Liga eta Kopa irabazi zituen, eta Europa Ligako finalera iritsi. Atzo ez zuen saririk jaso, ordea: Ancelottik jaso zuen teknikari onenaren saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.