Aimar Irigoienek ez dauka etenik. Parte hartzen duen ia txapelketa guztietan irabazten du, eta atzo ere ez zuen hutsik egin. Harri Txikietako Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa jokatu zen Aiako pilotalekuan (Gipuzkoa), eta errezildarra jaun eta jabe izan zen. Guztira 107 jasoaldi eman zizkien lau harri ezberdinei, 12.462,5 kilo pilatuz, eta bosgarren urtez jarraian jantzi zuen txapela.Bigarren Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a izan zen, 10.962,5 kilorekin. Hirugarren, Unai Bertiz, 9.925ekin. Laugarren postuan, berriz, Josetxo Urrutia leitzarra geratu zen, 9.350 kilo pilatuta. Eta azken postuan Xabier Ariztegi Santxin, 7.637,5 kilorekin. Azken horrek lan ona egin zuen estreinako txapelketa izateko.
Irigoienek lehen harriarekin utzi zuen ia erabakita txapelketa. 125 kiloko koadroarekin aise aritu zen, eta hiru jasoaldiko aldea atera zion Izeta IV.ari. Proba guztiak aintzat harturik iazko pare aritu zen txapelduna. Duela bi urte ezarri zuen markarik hausterik ez zuen izan —13.362,5 kilo altxatu zituen—. Bigarren proba 125 kiloko zilindro-koparekin egin zuten, eta hor aldeari eutsi besterik ez zion egin txapeldunak. Eta hurrengo probetan ere berdintsu. 112,5 kiloko kuboarekin zein 100 kiloko bolarekin bere neurrian aritu zen, aldeari ondo eutsiz. Azkenerako 1.500 kiloko aldea atera zion Izetari. Alegia, zortzi jasoaldiko aldea.
Hirugarren eta laugarren posturako lehia politagoa ikusi ahal izan zuten Aiako pilotalekua bete zuten zaleek. Lehenengo bi probetan parean aritu ziren Bertiz eta Urrutia, baina azken bi harriekin gehiago izan zen Sunbillakoa. Gorputz handiagokoa izaki, indar gehiagorekin heldu zen bukaerara. Azkenean 575 kiloko aldea atera zion leitzarrari. Jasoalditan adierazita, bosteko aldea. Eta azken postuan Ariztegi izan zen. Lehen txapelketa zuen Etxalarkoak eta ongi aritu zen.
Aimar Irigoienek bosgarren aldiz jarraian irabazi du harri txikietako txapelketa
Errezildarrak 12.462,5 kilo pilatu ditu guztira, eta erraz irabazi die Aian Izeta IV.ari eta Bertizi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu