Mendateak eta ihesaldiak izan dira, orain arteko ibilbidean, Euskaltelen agertokirik gogokoenak. Klasikoetan eta esprintetan, ordea, maillot laranjak nekez egin izan du distira. Euskal ziklisten ezaugarriekin du zerikusia horrek. Igotzaile on ugari ematen du euskal harrobiak, baina ez da horren emankorra egun bakarreko proben eta abiaduraren ikuspegitik. «Alor horiek indartzeko beharra geneukan, eta gauzak hala, atzerrira begiratzea erabaki dugu», azaldu du Jorge Azanzak, Euskalteleko kirol zuzendariak. Urtea 30 talderik onenen artean finitu nahi dute, eta helburu horri begira, espero da kanpotik iritsi diren txirrindulariek ekarpen erabakigarria egitea. Azkarrak dira gehienak; puntuak biltzeko egokiak, alegia. «Hemen aurkitzen zailak diren ezaugarriak dituzte».
DEKKER ETA VAN DER TUUK
Esprinterra eta ezkutaria
Guztira sei atzerritar fitxatu ditu Euskaltelek, eta David Dekker (Turnhout, Herbehereak, 1998) da denen artean ezagunena. Ez bakarrik Erik Dekker ziklista ohiaren semea delako: esprintetan emaitza onak lortu izan ditu, eta World Tourrean aritu da azken lau urteetan, Jumbo-Visma taldean lehenik, eta Arkean ondoren. Etapa bat irabaztear izan zen 2023ko Italiako Giroan —bigarren izan zen bigarren etapan—, baina itzali samar ibili da azkenaldian. «Ohiko maila berreskuratzea espero dugu. Ondo egokitzen bada eta lasai badago, txirrindulari handia izan daiteke guretzat», esan du Azanzak. Kostata fitxatu zuten. «Beste esprinter bat izan nahi genuen Aberasturirekin batera. Dekkerren aukera sortu zen, baina ez zen erraza izan. Bi aldeek ahalegin handia egin dugu».
Dekkerri atxikita etorri da Danny van der Tuuk (Assen, Herbehereak, 1999). Taldekide izan ziren bi urtez, 2017an eta 2018an. Esprinterra eroso egotea izango da Van der Tuuken zeregina, bai errepidean bai handik kanpo. «Haren ezaugarri bertsuak dituzten zenbait ziklista geneuzkan, baina, behin Dekker etorrita, logikoa iruditu zitzaigun Van der Tuuk fitxatzea. Iaioa da talde lanean, eta erlojupekoetan ondo molda daiteke». Kern Pharmatik iritsi da.
SUTTON ETA HENNEQUIN
Maila oneko gazteak
Louis Sutton (Barnet, Ingalaterra, 2002) eta Paul Hennequin (Bordele, Okzitania, 2002) dira atzerriko fitxaketen artean gazteenak. Sutton jada distira egina da Euskal Herriko errepideetan: Bidasoko Itzulian etapa bat irabazi zuen 2023an, eta sailkapen nagusia iaz. Haren fitxaketarekin pozarren dago Azanza. «Klasikozale gisa aurkezten du bere burua. Ziklista petoa da, eta bertute asko ditu: azkarra da, igoeretan txukun moldatzen da.... Tarte handia du hobetzeko, baina asko eskaini diezaguke lehen urtetik bertatik. Gauza bereziak ikusi dizkiot egonaldietan eta lehen lasterketetan». Duen talentuaren berri eman zuen iaz Britainia Handiko Itzulian: seigarren izan zen bigarren etapan, besteak beste Julian Alaphilippe eta Remco Evenepoelen atzetik. Azken bi urteak AVC Aix-en-Provence taldean egin ditu.
Hennequin ere txirrindulari azkarra da, eta ondo igarotzen ditu muinoak. Alabaina, haren beste bi bertute nabarmendu ditu Azanzak: maisutasun teknikoa eta ausardia. «Frantziako bi lasterketatan topo egin genuen harekin, eta txundituta utzi ninduen. Kilometro pila egin zuen ihes eginda. Eta etapa batean, laugarren izan zen behin tropelak harrapatu ostean. Gainera, oso trebea da bizikleta gainean, eta hori oso garrantzitsua da gaur egungo txirrindularitzan». Kontinental mailako Nice Metropole taldean hiru urte eman ondotik, beste koska bat igoko du bordelesak. Frantziako egutegian nabarmentzea izango du helburu.
LOPEZ ETA DINA
Esperientzia eta kalitatea
Van der Tuuken gisan, Kern Pharmaren maillot berdea erantzi, eta Euskaltelen elastiko laranja jantzi du Jordi Lopezek (Badalona, Herrialde Katalanak, 1998). Hark bost urte egin ditu Nafarroako taldean. 2023an, nerbio motorrekin zerikusia duen gaixotasun neuronal bat atzeman zioten, baina, osatu ostean, iaz sasoi onean itzuli zen errepideetara. «Medikuek esan diote bizimodu normala egin dezakeela. Arazo horiek atzean utzi ditu jada», azaldu du Euskalteleko kirol zuzendariak. Egun bakarreko probetan ekarpena egiteko fitxatu dute. «Alor hori sendotzen lagunduko digu. Txirrindulari osoa da, eta txinparta du lasterketen bukaeran». Horrez gain, postu onak lortu izan ditu itzulietan.
Dena den, sailkapen nagusiei begira, Marton Dina (Budapest, Hungaria, 1996) izango da apustu nagusia. Atzerritik iritsitakoen artean beteranoena da, 28 urte baititu. Txekiako ATT Investments taldean aritu da azken bi urteetan, eta aurrez Italiako Giroan lehiatu zen Eolo-Kometarekin. «Desberdina da fitxatu ditugun beste ziklisten aldean. Joan Bou taldetik atera ondoren, itzulietan protagonista izan zitekeen norbait behar genuen. Iaz, Hungariako eta Esloveniako itzulietan izan ginenean, gure txirrindulari onenen aurretik ibili zen Dina. Oso erreferentzia onak genituen, eta, behin harekin hitz eginda, asko gustatu zitzaidan zer ikuspuntu zuen».
Azkar egokitu omen da Dina, kanpotik iritsitako besteak bezalaxe. «Uste genuen gehiago kostako zitzaiela egokitzea. Oso pozik gaude horrekin. Gehienak ez dira ziklista ospetsuak, baina uste dut askoz ezagunagoak izango direla hemendik bizpahiru urtera».