Ahoa ere lesio eragile da

Ahoa eta inguruko guztia ez badaude orekatuta, gorputzeko beste ataletan eragina izan dezake. Kirolariek lesioak izan ohi dituzte. Eider Unamuno dentista aditua da gai honetan, eta garrantzi gutxi ematen zaiola dio.

Eider Unamuno dentista, eskuan Tomas izeneko kaskezurra duela, Eibarren daukan kontsultan. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da kontu zaharra hau: kirolari bat giharretako minez, lesioa lesioari kateatuta, eta zulo beltzean sartuta, atera ezinda. Jokatu nahi, baina ezin. Gorputza oztopo. Joan fisioterapeuta batena, eta igurtziak, alferrik. Joan mila medikurengana, eta erremediorik ez. Petrikiloren baten atean kox-kox hurrena, baina hark ere ezin. Elitekoa bada kirolaria, prentsaurrekoa edo agiria gizarteari: «Kirola utzi beharrean naiz, lesioek eraginda. Jo ditut jo beharreko ate guztiak, baina alferrik izan da».

Horrelako kasuistiken berri izaten duenean, asaldatu egiten da Eider Unamuno (Soraluze, Gipuzkoa, 1979). Dentista da, eta, urteen joanean, ikertuz eta arakatuz joan da ahoko osasunak zer eragin daukan kirolariengan. «Ez zaio behar besteko garrantzirik ematen. Azkenean, ahoa ez da tratatzen gorputzeko beste atal bat bezala», esan du, eskuan Tomas duela, kontsultan daukan kaskezurra, hortzak zuri bezain garbi. Adibide asko ezagutzen ditu, hainbat kirolarik egin baitiote bisita Eibarreko kontsultara, baina bat du oso gogoan. Ez du harekin lan egin, baina Bruno Hortelano Espainiako atletari gertatua jakin zuenean, barruak buelta eman zion: «Iazko Olinpiar Jokoetara joan gabe geratu zen lesioengatik. Kontua da, baina, minak ahotik zetozkiola». Ahoko aparatu berria errudun: «Jokoak baino lehentxeago ortodontziako tratamendu berria jarri zioten, eta gorputz osoan eragin zion aldaketa, baita lesioak ere».

Ahoa ez baita edozein atal: «Txikitzaile oso handia da, eta oso gihar indartsuak erabiltzen ditu». Jaterakoan, adibidez, gihar horien mugimenduek beste batzuk eragiten dituzte: «Hortzak hezur batzuetan daude sartuta, hezur horiek mugitzeko giharrak daude, eta indar hori garezurretik eskapulara doa, gero hortik behera. Dena dago lotuta. Jan egunero jaten dugu, eta gihar horiek oso ondo zaindu behar dira». Zehaztu egin du zerk eragin ditzaketen gorputzean gorabeherak: «Hortzak, txantxarrak, hantura, infekzioak... Hainbat bide daude». Gehiago zehaztu du azalpena: «Entrenamendu batean prozesu katabolikoa gertatzen da. Hantura da, azken batean, eta, gure gorputzekoak konpontzen dituena lanpetuta badabil ahokoa konpontzen, lesioa osatzea kosta egingo da, edo sasoia hartzea atzeratu, adibidez».

Jateko moduak ere lesioak eragin ditzake: «Pertsonen %80k ahoaren alde batekin txikitzen dugu janaria. Demagun eskuina dela alde hori. Eskuin besoa asko erabiltzen duten kirolariengan eragina izan dezake horrek». Jaterakoan ez baitira soilik ahoko giharrak jartzen dantzan: «Alde horretako gihar multzoa oso tonifikatuta egongo da, eta giharren gaineko mintza, faszia delakoa, uzkurtuago. Eskuin aldean arrisku handiagoa izango du lesionatzeko, gehiegi erabilita dagoelako, eta jaten ere asko erabiltzen duelako». Beste aldean ere, ezkerrekoan, kalte egin dezake, ordea. «Eskuinaldea gorago izango du, uzkurtua dagoelako, eta bestean pisu handiagoa jarriko dio horrek, eta lan gehiago eginarazi, lesioak eragiteraino».

Horrelakoak gertatu egiten dira, eta Unamunok nahi bat azaldu du horrelakoetarako: «Prebentzioa egitea litzateke nire lana, okerra ez gertatzeko. Baina hona etortzen diren gehienak trapu eginda etortzen dira». Beste eskaera bat ere plazaratu du, tratamenduen inguruan: «Ahoko tratamenduek gorputzean zer aldaketa eragiten duten ikusita, halakoak denboraldiaren amaieran egitea da nire aholkua».

Hasiera eta dibulgazioa

Ondorio horietara guztietara heltzeko, noizbait hasi behar izan zuen Unamunok honetan: «Aurrenekoz ama izan nintzenean, pentsatzen hasi nintzen gure alabari aparatuak-eta jarri beharko banizkio horrek zer beste eragin izan zezakeen». Formatzeari ekin zion: ariketen fisiologia, posturologia, osteopatia... Kasu praktikoak heldu ziren gero: «Batek hortzetan ez dakit zer zuela, eta ikasitako horiek praktikan jarri nituen. Mina txikitu zitzaion». Txirrindulari baten kasuarekin hasi zen kirola eta ahoarena lotzen: «Entrenamenduetan giharrak igotzen zitzaizkiola-eta etorri zitzaidan, eta, ahoa begiratu eta gero, hobera egin zuen. Ordura arte ez nion kirolarekin harreman hori aurkitzen, baina kirolariak hasi zitzaizkidan esaten hobetu egiten nituela, eta hortik hasi nintzen gehiago formatzen».

Ikasteak ez omen du mugarik, eta hor segitzen du. Baita ikasitakoa erakusten ere: kirol odontologia izeneko ikastaroa antolatzen lehena izan da. Bertan, dentistak batzen dira, formatzeko, eta bi adar ditu ikastaroak: kirol arloa eta odontologia. Bere espezialitatean klaseak ematen ditu. Horretan lehena bada, ez omen da aurrenekoa gai honetan: «Euskal Herrian ni baino lehen ibili zen Juan Jose Arana. Ikastaroetan irakasle da».

Irakasteaz gain, irakasten ari direna zabaldu ere egin nahi dute guztiek, eta horretarako sortu dute Espainiako Kirol Odontologiako Elkartea (bera da presidentea): «Beharra dago. Hona Lehen Mailako futbolariak etortzen zaizkit, baina beren kasa. Klubetan, medikuek ez diote garrantzirik ematen gai honi. Jarrera horren atzean «ezjakintasuna» dagoela dio. NBA ere aipatu du: «Begira zer liga puska den, baina jokalariek edozein lekutan erositako aho babesgarriak erabiltzen dituzte. Neurrira egindakoak balira, ez lituzkete zintzilik edukiko, solte, partida gelditzen denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.