Egun gutxitan partida ugari jokatu dituzte Lehen Mailako taldeek. Horrek baditu alde txarrak, baina baita onak ere. Ostegunean, Osasunak porrot mingarria jasan zuen Gironan (4-0), baina hiru egun soilik behar izan ditu egoerari buelta emateko: Sadarren 3-2 irabazi dio denboraldi hasieran modako taldea izaten ari denari, Celtari.
Joan-etorri askoko partida izan da. Bi taldeek joko zuzena egin dute erasoan, eta ugariak izan dira gol aukerak. Osasunaren hamaikakoan Enzo Boyomo atzelari fitxatu berria izan da aldaketa nagusia, eta 21 minutu soilik behar izan ditu Sadar konkistatzeko: korner baten aldaratzean, baloia sareetara bidali du Valladolidetik iritsitakoak.
Pozak, ordea, gutxi iraun dio etxeko taldeari, zortzi minutu geroago berdinketaren gola sartu baitu Borja Iglesiasek. Jokaldi zoragarria egin du Minguezak, eta haren erdiraketa bat baliatu du aurrelariak. Atsedenaldiaren aurretik heldu da Osasunaren bigarrena. Bryan Zaragozaren erdiraketa bat buruz jo du Carlos Dominguez atzelariak, eta bere atean sartu du. Lehen 45 minutuen ostean, 2-1.
Gola eta oparia
Bigarren zatiaren hasieran nagusitu egin da Celta. Baloiaren jabetza galiziarrek izan dute, eta atzean sartu da Osasuna. Sufritzea egokitu zaio. Halako batean, ordea, kontraeraso batean, zertarako gai den erakutsi du Abel Bretonesek. Oinkada izugarria du atzelariak, eta inork ezin izan du harrapatu. Horrela sartu du bere lehen gola gorritxoen elastikoarekin. 3-1.
Partida bere horretan amaituko zela zirudienean, 91. minutuan, gaizki-ulertu bat izan dute Sergio Herrerak eta Moi Gomezek, eta gol bat oparitu diote Celtari. Zorionez, beranduegi zen galiziarrentzat.
Orain, bi asteko atsedena izango dute Lehen Mailako taldeek, eta zakuan dituen zazpi punturekin pozik izateko moduan da Osasuna. Itzulitakoan Rayo Vallecanori egingo dio bisita.