Aho batez babesturik

Jokin Aperribaik akziodunen babes osoa jaso du (%98) beste bost urtez Realeko presidente izateko. Kirol arloa izan da batzarreko kezka nagusia

Jokin Aperribai Realeko presidentea, atzoko batzarrean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon eskudero
Donostia
2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Urte batzuk atzera pentsaezin jo zitekeen arren, Realeko akziodunen batzar nagusia modu lasaian ospatu zen atzo, Donostiako Kursaalean. Bederatzi urtez presidente karguan egon eta kluba beltzetik zurira eraman ondoren, 2022ra arte Reala zuzentzen jarraitzeko akziodunen babes osoa jaso zuen Jokin Aperribaik: % 98. Besteak beste, aurrekontu historikoak aurkeztu zituen, eta, etorkizunera begira, proiektu «interesgarriak» abian dituztela ohartarazi zuen. Anoeta berriaz gain, Realaren erronka nagusia Gipuzkoarekin bat egitea dela eta, «bestelako kudeaketa eredua» abian dutela adierazi zuen. Aurrez iragarri bezala, lan taldeko aurpegi berriak aurkeztu zituen: Nerea Aranburu, Javier Igarza, Joserramon Fernandez de Barrena, Fermin Altuna, Maite Azkoaga eta Alejandro Pereda.

Aurrekontuei dagokienez, inoizko zenbakirik altuenak aurkeztu zituen Aperribaik. Egungo administrazio kontseiluak 2008-2009 denboraldian ekin zion lanari, eta orduan 42,9 milioi euroko balantze negatiboa zuen taldeak. Lanaren ondorio, egoera «osasuntsuan» dago egun kluba. Iragan sasoian, urrutira joan gabe, 2,4 milioi euroko irabaziekin itxi ziren kontuak ekainaren 30ean. Denboraldi honetarako ugariagoak dira aurreikuspenak. Zehazki, 100,6 milioiko diru sarrerak egongo dira, eta 84ko gastuak. Hortaz, hamabost milioi euroko irabaziak izango ditu Realak. «Horregatik, ez da klubaren egun erdirik egongo».

Zeniten aurka, salaketa

Besteak beste, «hazkunde prozesuan» jarraitzeko fitxaketarik onena Anoeta berria izango da, presidentearen hitzetan. Batzarretik «indarberrituta» ateratzeak mesede egingo die estadioaren lanei, «edozein unetan aurki daitezkeelako zailtasunak». Halere, lanak bide onetik doazela garbi du presidenteak. 2019ko urrian dena bukatuta izatea espero du, aurreikusi bezala. «Sozialki, ekonomikoki eta kirol arloan jauzi bat emateko balioko digu Anoetak. Pertsonengandik gertuago egotea da gure helburua, eta estadio erakargarriago eta modernoago batek lagunduko digu. Gipuzkoa eta Reala bat eginda egoteko arma onena izango da». Hots, 40.000 eserleku izanda, beteko al da inoiz estadioa? «Lan egin behar dugu zentzu horretan. Kanpainak baditugu abian, eta jarraitzaileei erraztasunak jartzeko hainbat bide topatuko ditugu. Beste kudeaketa plan bat edukiko dugu».

Akziodunen esanetan, jarraitzaileak erakartzeko erarik onena taldeak egoki erantzutea litzateke, eta azkenaldiko jardun eskasa ikusita, erantzukizunak eskatu zizkioten Aperribairi. Konfiantza eskatu zuen hark. «Bolada txarrean sartuta gaude. Lleidaren aurka Kopatik kanporatu ginenean ez nuen lorik egin. Baina gugan sinetsi behar dugu». Bestalde, Zeniten aurka Europa ligako partidan gertatu zen suziri jaurtiketen harira, UEFAra haserrea adierazi duela jakinarazi zuen presidenteak. «Uste dugu Zeniteko zaleak klubarekin elkartuta zeudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.