Txirrindularitza harri eta zur utzi zuen Gino Maederren heriotzak. Lehia betean hil zen Maeder, istripu baten ondorioz, Suitzako Itzulian. Alde horretatik, betiko gogoratuko da aurtengo denboraldia. Eta kirol arloan ikusitakoak ere arrastoa utziko du zaleen oroimenean: Tourra Euskal Herritik abiatu da, euskal txirrindulariak oso ondo aritu dira, eta munduko txirrindularirik onenek erakustaldi handiak egin dituzte. Jumbo-Visma, berriz, sekula ikusi diren talderik indartsuenetako bat izan da. Soudalekin bat egin zezakeen datorren urteari begira, baina badirudi fusioa ezerezean geldituko dela azkenean. Mesede ziklismoarentzat, nahikoa desoreka baitago dagoeneko egiturarik ahaltsuenen eta gainontzekoen artean.
JUMBO-VISMA, NAHIERAN
Itzuli handien jabe
Herbehereetako taldea garaipenak lortu eta lortu aritu da, eta 65 eskuratu ditu orain arte. Bere legea ezarri du astebeteko itzuli onenetan, baita goi mailako klasiko askotan ere. Indar erakustaldirik handienak, zernahi ere, hiru itzuli handietan egin ditu: Giroan, Tourrean eta Vueltan. Hiruretan nagusitu da. Sasoi berean garaipen hirukoitza lortu duen gizonezko lehen taldea da.
Hiru lasterketak, gainera, txirrindulari banarekin irabazi ditu. Tourrean, Jonas Vingegaard izan zen onena. Danimarkarrak bigarren urtez irabazi du jarraian. Pogacarrekin oso borroka estua izan zuen lehen bi asteetan: hamar segundo besterik ez zion ateratzen azken atseden egunean. Alabaina lehia guztiz erabakita utzi zuen erlojupekoan eta Courcheveleko etapan. Dauphine eta Itzulia ere irabazi ditu; hamabost garaipen lortu ditu osotara.
Giroa Primoz Roglicek bereganatu zuen, Geraint Thomasi (Ineos) azken orduan gailenduta. Roglicek erlojupekoan hartu zion aurrea, maldan gora katea atera zitzaion arren. Ezbeharrari txapeldun izaera erakutsiz erantzun zion esloveniarrak. Tirreno-Adriatikoa eta Kataluniako Volta ere irabazi ditu aurten. Hark ere hamabost garaipen sartu ditu zakuan. Bora taldean ariko da datorren urtean.
Vueltan, berriz, Sepp Kuss izan zen garaile. Halakorik ezin zen espero lasterketa hasi aurretik, ezta zortzigarren etapan lidergoa eskuratu zuenean ere. Vingegaardek eta Roglicek eraso egin zioten, baina tinko eutsi zien estatubatuarrak. Bi taldekideekin batera igo zen Madrilgo podiumera, Jumboren nagusitasunaren erakusgarri.
EUSKAL ZIKLISTEN FESTA
Tourreko egun magikoak
Euskal ziklistentzat ere denboraldi berezia izan da. Izan ere, Tourra Euskal Herritik irten da 31 urte geroago. Hiru egun egin zituen bertan munduko lasterketarik garrantzitsuenak, eta zaleak trumilka bildu ziren errepide bazterretan. Jaia eta nazio aldarrikapena uztartu zituzten. Esperientzia ahaztezina izan zen euskal txirrindularientzat, eta, etxean babes handia izan ondoren, etapa bana irabaztea lortu zuten Pello Bilbaok (Bahrain) eta Ion Izagirrek (Cofidis). Bilbao hamargarren etapan nagusitu zen, eta Izagirre, hamabigarrenean. Egun magikoak izan ziren Euskal Herriko ziklismoarentzat.
Sailkapen nagusian ere lehiatu zen Bilbao, eta Tourra seigarren bukatu zuen azkenean. Horrez gain, emaitza on ugari pilatu ditu sasoian zehar: besteak beste, hirugarren izan zen Down Under Itzulian, eta bigarren Donostiako Klasikoan, Remco Evenepoelekin (Soudal) buruz buru lehiatu eta gero. Izagirrek ere oso urte ona osatu du: Tourreko etapa eta Miguel Indurain saria irabazi ditu, hirugarren izan zen Itzulian, eta bosgarren Donostiako Klasikoan.
Tourrean espero baino makalago aritu zen Mikel Landa (Bahrain), baina ezin da esan sasoi txarra egin duenik. Lehen hilabeteetan lortu zituen emaitzarik onenak: besteak beste, bigarren egin zuen Itzulian, eta hirugarren Fleche Wallonnen. Tourrean kale egin arren, bere onera itzuli zen Vueltan, eta merituzko bosgarren postua lortu zuen.
Bada beste arabar bat zeresan handia eman duena denboraldi honetan: Oier Lazkano (Movistar). Espainiako Txapelketa eta Boucles de la Mayenne lasterketa irabazi ditu, baita Burgosko Itzuliko etapa bat ere, eta bigarren sailkatu zen Flandrian Zehar klasikoan. Etorkizun oparoa du aurretik. Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile (Ineos) zintzo aritu dira lanean, eta garaipen bana lortu dute: Castroviejok erlojupeko Espainiako Txapelketa irabazi du, eta Frailek, Andaluziako Itzuliko etapa bat.
VOLLERING, OSO NAGUSI
Beste izar bat txirrindularitzan
Ziklismoa utzi du Annemiek van Vleutenek (Movistar), azken urteetan emakumezkoen tropeleko izar nagusia izan denak. Tronua, dena den, ez da hutsik geldituko: Demi Vollering (SD Worx) eseriko da bertan. Herbeheretarra nagusitasun osoz gailendu zen Tourrean, eta bere egin zituen Ardenetako hiru klasikoak, Erromandiako eta Burgosko itzuliak eta Strade Bianche. Itzulian bi garaipen lortu zituen, eta sailkapen nagusia irabazten utzi zion Marlen Reusser taldekideari. Munduko Txapelketan ere bigarren izan zen, eta beste taldekide bat izan zuen aurretik: Lotte Kopecky. Van Vleutenek Vuelta eta Giroa irabazi ditu, baina itzal egin dio Volleringek. Eskuz aldatu da aginte makila.
Garaipenik ospatu ez duen arren, egindakoaz harro egon daiteke Ane Santesteban (Jayco). Izan ere, hamar onenen artean izan da Giroan eta Tourrean: hamargarren bukatu zuen bata, eta zortzigarren bestea. Oso ziklista fidagarria dela erakutsi du berriz ere. Hamar urtez atzerrian lehiatu ondotik, datorren urtean etxeko talde batera itzuliko da. Laboral Kutxan ariko da Errenteriako txirrindularia.
VAN DER POELEN IRRIA
Klasikoak eta ortzadarra
Monumentua merezi du Mathieu Van der Poelen (Alpecin) denboraldiak. Bost monumentu edo klasiko nagusi ditu egutegiak, eta horietatik bi irabazi ditu aurten txirrindulari herbeheretarrak: Milan-Sanremo eta Paris-Roubaix. Dakien modu bakarrean, ikuskizunaren bidetik lortu zituen bi garaipenak: Poggioren amaieran eraso egin, eta maldan behera erakustaldia eginez nagusitu zen Milan-Sanremon; eta Paris-Roubaixen ere bakarrik iritsi zen helmugara, Carrefour de l'Arbreko harbidean aurkari guztiak atzean utzi ondoren. Aurrez birritan irabazi du Flandriako Tourra. Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa gelditzen zaizkio monumentuen bilduma osatzeko.
Udaberriko klasikoen ondoren, Munduko Txapelketa jo zuen begiz. Tourra prestaketa gisa erabili zuen. Apal aritu zen han. Alabaina, hegan egin zuen Glasgown (Eskozia), eta ostadar maillota bere egin. Lokatzetan bosgarren aldiz izan da aurten munduko onena, eta errepidean ere nagusi izan da, eroriko eta guzti. Urte berean Sanremo, Roubaix eta Munduko Txapelketa irabazi dituen lehen txirrindularia da.
POGACAR, BETI GOSEZ
Zorigaiztoko erorikoa
Tourrean aurrea hartu zion berriro ere Vingegaardek. Berriz ere bigarren. Hortaz, denboraldi txarra egin du Tadej Pogacarrek (UAE)? Inolaz ere ez. Itzuliak zein klasikoak irabazteko gosez aritu da, eta hamazazpi garaipen lortu ditu osotara. Suziria bezala hasi zuen denboraldia, eta aise menderatu zuen Vingegaard Paris-Nizan. Gero, harbideetako espezialistarik onenak garaitu zituen Flandriako Tourrean; eta Ardenetako hiru klasikoak irabazteko erronkari heldu zion ondoren. Bide onetik zihoan, Fleche Wallonnen eta Amstel Gold Racen nagusituta. Ordea, erorketa izan zuen Liejan, eta eskumuturra apurtu zuen.
Lesioak ez zion utzi Tourra nahi bezala prestatzen. Bi astez begietara begiratu zion Vingegaardi, baina galera handia izan zuen erlojuaren aurka, eta hondoratu egin zen Lozen. Azkenean, bigarren postua nagusian, eta bi etapa zakuan. Balio handiko brontzezko domina kolkoratu zuen gero Munduko Txapelketan, eta Lombardian ginga jarri zion denboraldiari. Bi monumentu irabazi ditu beraz, Van der Poelen gisara. Gai izango ote da inoiz Milan-Sanremo eta Paris-Roubaix irabazteko?
EVENEPOEL, GAZI-GOZO
Itzuli nagusietan kale
Evenepoelentzat izan da urteko beste klasiko handia, Lieja-Bastogne-Lieja. Flandriarrak Donostiako Klasikoa ere sartu du zakuan, Arabiar Emirerrietako Itzuliarekin eta Belgikako Txapelketarekin batera, eta urrezko domina kolkoratu zuen Munduko Txapelketako erlojupekoan. Bestelako aho zaporea izan du, ordea, itzuli handietan: Giroa koronabirusak jota utzi zuen, eta Vueltan, ahulaldi handia izan zuen Tourmaletera bidean. Horrenbestez, ezin izan zuen berritu iazko garaipena. Hala ere, hiru etapa irabazita bukatu zuen Espainiako proba. Giroan, berriz, bi etapa sartu zituen patrikan. Ineosera joan zitekeela esan da azkenaldian, baina Jumbo-Vismarekin fusiorik izan ez denez, Soudal taldean jarraituko du datorren denboraldian. Tourraren bila joango da.
Ahaztuko ez den denboraldia
World Tour sasoia amaitzear dago, iragan larunbatean Lombardiako Giroa jokatu eta gero. Tropeleko izarrak distiratsu aritu dira, eta Jumbo-Vismak erabateko nagusitasuna erakutsi du talde gisa. Euskal herritarrek, berriz, gozatu handia hartu zuten Tourrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu