«Urte hauetan, denboraldia amaitzen zen aldiro, taldekide asko ikusi ditut erretiroa hartzen. Gaur niri tokatu zait. Bidaia hau ahaztezina izan da, zoragarria. Pribilegiatu bat izan naiz. Harro esan dezaket klub eta familia zuri-gorriaren parte izan naizela, eta nire familiarekin batera txikitatik nuen ametsa bete ahal izan dudala». Hunkituta eta malkoei eutsi ezinik. Halaxe esan dio agur futbolariNekane Diezek, Athleticeko jokalariak. Hamasei denboraldi, 381 partida eta 162 gol. Denak Athleticekin. Elastiko zuri-gorriarekin debuta egin duen inoizko jokalaririk gazteena ere bada (15 urte, 11 hilabete eta 27 egun). Zelaian eta aldagelan arrastoa utzita doa.
Diezek duela astebete jakinarazi zuen erretiroa hartuko zuela, eta, behin talde zuri-gorriak denboraldia amaituta, agur agerraldia egin zuen atzo San Mamesen. Harekin batera izan ziren, besteak beste , taldekideak, Iraia Iturregi entrenatzailea, Jon Uriarte presidentea eta Xabi Arrieta eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak.
Atzera eginda hasi zuen agerraldia. Lezamara iritsi zen eguna izan zuen akorduan. «Ez dut sekula ahaztuko, 2007ko maiatzeko egun hartan, gurasoek Iñigo Juaristiren deia jaso zuten unea. Beren bizitzako erabakirik garrantzitsuenetako eta zailenetako bat hartu behar izan zuten: 15 urteko alabari etxetik joaten uztea. Iltzatuta geratu zait nola igo nituen Mañarikuako egoitzako eskailerak. Atzera begiratu, eta ama erdi negarrez zegoen. Oso ausartak izan ziren ni joaten utzita».
Lezamara iritsi zenetik «jokalari, baina batez ere, pertsona paregabeekin» topo egin duela berretsi zuen. «Denak aipatuko nituzke. Baina, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiet Arrate Oruetari eta Txibiri [Aitziber Juaristi]. Aldagela hura zapaldu nuen lehen egunetik lagundu, zaindu eta babestu egin nauzue». Izan ere, gogorarazi zuen bidea ez dela erraza izan. « Tituluak galdu ditut modu krudelean, Athleticekin garaikur bat irabazteko ametsa ezingo nuela bete pentsatzeraino».
Baina 2015-2016ko denboraldia iritsi zen, haren kirol ibilbidean arrasto gehien utzi duen sasoia. «Batetik, guztiok hainbeste desio genuen liga irabazi genuen. Baina, bestetik, futbolariok saihestu nahi dugun lesioa izan nuen: belauneko lotailu gurutzatua apurtu nuen. Bizitza eta futbola, ordea, hori dira, gorabeherak izatea, eta horiei aurre egitea. Denetatik ikasten da. Denek laguntzen zaituzte zaren pertsona izaten».
Asteazkenean jokatu zuen azken partida. Real Madrilen aurka, Espainiako Kopako finalerdietan.«Poza eta tristura» sentitu zituen neurketa amaieran. «Lasai eta asebeteta» doa. «Zaila da agur esatea. Baina nire onena eman dut, eta bete-betean bizi izan dut une bakoitza. Elastiko hau jantzi duen edozein jokalarik bizi eta sentitu nahiko lukeen guztia bizitu eta sentitu dut 16 urtez. Ezin dut gehiago eskatu. Oso-oso zoriontsu noa». Ez luke jakingo une bat aukeratzen. «Ziurrenik aldagelan bizi izandako momentuekin geratzen naiz, eta jendearekin».
Arantza bat geratzekotan,Kopa ez irabaztea izan da. «Gertu izan dugu, ia eskura. Baina ziur nago klubak, multzoak, borrokan jarraituko duela, eta noizbait lortuko dugula irabaztea».
Uzteko erabakia ez du egun batetik bestera hartu. «Aspalditik neraman horren inguruan hitz egiten, batez ere etxekoekin eta taldeko psikologoarekin». Arrazoia? «Azken denboraldietan ez dut nahi beste jokatu, eta, nahiz eta modu batera edo bestera nire ekarpena egin, sentitzen nuen zelaian ez nintzela berbera. Uzteko garaia zela sentitu dut».
Eskerrak eman zizkien entrenatzaileei, mediku taldeari, zuzendaritza batzordeei eta kirol zuzendariei. «Denboraldiz denboraldiz amets hau bizitzen jarraitzeko aukera eman didazue». Bestetik, Lezamako langileak ere gogoan izan zituen. «Denak izan zarete bide polit honen parte». Zaleei ere egin zien aipamena. «Beti sentitu izan zaituztet gertu. Funtseko pieza bat zarete familia honetan».
Taldekideei mezua
Baina, zalantzarik gabe, hitzik hunkigarrienak taldekideentzat izan zituen. «Ondo dakizue azken urte hauek ez direla errazak izan. Ziurrenik, hanka sartuko nuen noiz edo noiz. Baina hitzematen dizuet partida eta entrenamendu bakoitzean nire onena eman dudala. Baina, batez ere, zelaitik kanpo eman dut nire onena. Esan nizuen moduan, asko gozatu eta ikasi dut. Etorkizun oparoa duzue aurretik. Gozatu, denbora bizkor doa, eta, oraintxe, zuek zarete amets hau bizitzeko aukera duzuenak».
Eguneroko bizimoduan haien hutsunea «izugarri» antzemango duela berretsi zuen. «Hori izango da gogorrena, zailena.Atzo, pentsatzen, Whatsapp taldetik ere atera beharko dut. Neronek sortu nuen talde hori 2014an. Baina alde batera egiten ere jakin behar da. Hori bai, argi eduki dezatela edozertarako hemen naukatela».
Eta, noski, ez zituen lagunak eta familia ahaztu. «Honen guztiaren zutarria zarete. Ederra litzateke amets hau sekula ez amaitzea. Baina bide berri bat hasiko dut, eta, orain arte bezala, elkarrekin gozatuko eta partekatuko dugu». Baina horri ekin aurretik, agurraz gozatu nahi du. «Hori nuen buruan eta lortzen ari naiz. Ekainaren 30 arte futbolaria naiz». Eta gero? «Ondo dakizue futbola nire pasioa dela, eta horri lotuta segitzeko formatzen ari naizela. Baina egongo da denbora horretaz pentsatzeko eta erabakiak hartzeko. Ilusio handiz nago bizitzako bide berriari ekiteko».
«Ahaztezina izan da»
Hamasei sasoiren ondoren, Nekane Diezek hunkituta eta negar artean esan dio agur futbolari. Lasai eta asebeteta doa: «Bete-betean bizi izan dut dena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu