Realak gozatu egin du azken denboraldietan Europan, baina gaur kolpea jaso du Erroman. 3-1 galdu du, Lazioren kontra. Atzean sendo dabil talde txuri-urdina denboraldi honetan, baina gaur kontrakoa izan da. Oso bigun jardun du defentsako lanean, eta Europan larrutik ordaintzen da hori. Gainera, 29. minututik jokalari bat gutxiagorekin jokatu du. Irabaziz gero, eskura zuen lehen zortzien artean sailkatzea, hurrengo astean PAOK taldea mendean hartuz gero. Baina, orain, nahitaez batu beharko ditu hiru puntu horiek, ezusterik ez izateko eta txapelketan jarraitzeko. 18. postuan dago, eta 10 puntu ditu.
Realari bosgarren minutuan sartu diote lehen gola. Txuri-urdinak arazoak izaten ari dira geldikako jokaldiak zaintzeko orduan, eta hala iritsi da gola. Laziok falta bat atera du, Jon Mikel Aranburuk atzera eman dio buruz baloiari, eta baloia area barruan geratu da. Realeko atzelariek ez dute aldentzen asmatu. Bizkorrago ibili da Gila, eta, area txikian baloiari behetik gora emanez, gola sartu du. Gipuzkoarrek ondo erantzun dute, Sucicen erremate on bat egin du, eta Kubok beste saiakera bat.
Baina Realekoek sufritzen jarraitu dute defentsan, eta etxekoek pare bat abagune izan dituzte bigarren gola sartzeko. Argiena geldikako jokaldi batean iritsi da berriro ere, korner batean. 15. minutuan izan da. Castellanosek errematatu du, eta gol arrastoan atera du baloia Brais Mendezek. Aldaratzea Lazioko jokalari bati iritsi zaio, eta jaurtiketa zutoinera joan da.
Lazio talde sendoa da etxean. Partida bakarra galdu du Erromako Olinpiar Estadioan, Interren aurka, Ligan. Kostata ari zen Imanolen taldea, eta batez ere zelai erdian izan dira nagusi italiarrak. Dena den, 22. minutuan, Kubo buruz buruko jokaldi bat egiten saiatu da. Area ertzean zegoen Sucici eman dio baloia, eta kroaziarrak erremate indartsua egin du ezkerrez; baloia, ordea, zutoinera joan da. Gurpil apur bat gehiago ematea falta izan zaio gola sartzeko.
Joan-etorrikoa izan da minutu horietan neurketa. Bi taldeak joko zuzena egiten saiatu dira, eta jokaldi horietako batean Braisek ondo ikusi du Becker. Baloia eman dio hutsunera, eta hura bizi joan da Mandasen aterantz. Baina oso bigun errematatu du. Partidan sartuta zegoen Reala. Baina erreskadan hiru kolpe erabakigarri jaso ditu talde txuri-urdinak. Aurrena, epaileak bigarren txartel horia atera dio Aiheni. Baloia haren hanka tartetik pasatzen saiatu da Isaksen, eta ezker hegalekoak heldu egin dio. Segidan, gainera, etxekoek bi gol sartu dituzte, Realak atzean emandako erraztasunak eta utzitako zuloak baliatuz. Bat Zaccagnik bakarrik egindako erremate batean izan da, eta, bestea, Castellanosek buruz emandako baloi batean. 34. minutuan 3-0 zen aurretik Lazio, eta hala amaitu da lehen zatia. Realak ezin izan die buelta eman hiru kolpe horiei.
Minik ere ez
Atsedenaldia baino lehen Javi Lopez zelairatu du Imanolek, Brais Mendezen ordez, eta, bigarren zatia hasterako Elustondo, Marin eta Barrenetxea. Partida nola zihoan ikusita eta Realak datozen bi asteetan izango duen egutegi betea kontuan hartuta, atsedena eman die Kubori, Oiartzabali eta Zubimendiri. Marrazkia ere aldatu du, bosteko atzealdearekin jokatu baitu. Lazio eroso aritu da bigarren zatian. Realak ez dio minik egin. Lehiakor jokatzea izan da Imanol iritsi zenetik Realak beti izan duen ezaugarri nagusia, baina gaurkoan ez dute horrelakorik erakutsi. Luzea eta gogorra egin zaie bigarren zatia Realeko jokalariei. Laziok ia laugarrena sartu du. Berriro ere oso bigun aritu dira Realekoak, eta Pedrok zutoinera bidali du baloia.
Azkenean, dena den, ohoreari eusteko gola sartu dute txuri-urdinek. Barrenetxeak sartu du, buruz, 82. minutuan, Aranbururen erdiraketa bat errematatuz. Ahazteko moduko gaua izan da gaurkoa, eta orain aurrera begira jarri beharko dute txuri-urdinek ezinbestean. Igandean Getafe izango dute aurkari, Anoetan. Irabazi beharreko neurketa da, Europarako sailkatzeko borroka horretan bete-betean jarraitu nahi badute.
Reala-Lazio
Lazio. Mandas; Marusic, Gila, Romagnoli, Tavares (Dele-Bashiru, 43. min.); Rovella, Guendouzi, Zaccagni (Tchaouna, 56. min.), Dia (Balde, 76. min.), Isaksen (Noslin, 55. min.); eta Castellanos (Pedro, 45. min.).
Reala. Remiro; Aranburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco, 70. min.), Aihen; Kubo (Barrenetxea, 45. min.), Zubimendi (Elustondo, 45. min.), Brais Mendez (Javi Lopez, 36. min.); Oiartzabal (Marin, 45. min.), Sucic eta Becker.
Golak. 1-0: Gilak (5. min.). 2-0: Zaccagnik (32. min.). 3-0: Castellanosek (34. min.). 3-1: Barrenetxeak (82. min.)