Ahalmenaren erakusgarri

Poelsek irabazi du Vueltako azken etapa menditsua, Evenepoeli ihesaldiko esprinta irabazita. Kuss txapeldun izango da gaur

Jonas Vingegaard, Sepp Kuss eta Primoz Roglic, besarkatuta helmugaratzen, atzo. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Jumbo Visma taldearen jolastokia izan da aurtengo Espainiako Vuelta. Goitik behera gailendu zaie aurkariei, eta nagusitasun horren erakusgarri da taldeko hiru liderrek atzo helmugan eskaini zuten irudia: elkarri helduta sartu ziren Sepp Kuss, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic, gaur podiuma hirurek osatuko dutela ospatzen. Argazkiaren erdian Kuss zegoen, hura izango baita Vueltako irabazlea. Langileak gaina hartu die buruzagiei, eta haien aitorpena izan zuen atzo helmugan.

Vueltako 20. etapa izan zen, mendiko azkenekoa, eta faboritoen artean ez zen borrokarik izan. Sailkapeneko lehen hiru postuak erabakita zeuden, eta Mikel Landa (Bahrain) eta Enric Mas (Movistar) ez ziren saiatu Juan Ayusoren (UAE) laugarren postua kolokan jartzen.

Hori horrela, etaparen lehiak piztu zuen ikusmina. Remco Evenepoel (Soudal) laugarren garaipena lortzen saiatu zen, eta gertu izan zuen, baina iheslarien esprintean gehiago izan zen Wout Poels (Bahrain). Herbeheretarrak bigarren garaipena du itzuli handi batean, eta biak aurten lortu ditu: Tourrean nagusitu zen lehenik, eta, orain, arrastoa utzi du Vueltan ere.

Langile engaiatu bat baino gehiago da Poels. Maila handia du, eta gauza handiak egiten ditu askatasuna ematen diotenean. Beste horrenbeste esan daiteke Kussen inguruan. Estatubatuarra uztarriari lotuta ibili izan da ia beti, baina etekina atera dio lasterketaren testuinguruari, eta bere ibilbideko lorpenik handienaren atarian dago. Azkeneko defentsa saioa izan zuen atzo, eta inolako arazorik gabe eutsi zion maillot gorriari. Bere taldeak erritmo lasaia ipini zuen tropelean, eta aurkariak ez zitzaizkion oldartu. Taldekideak ere ez; Vingegaardek eta Roglicek onetsi egin dute azkenean Kussen garaipena.

Iheslariak, ordea, ez zeuden etapa oparitzeko. Azken aukera izan zezaketen tropelari izkin egiteko, gaurko etapan esprinta espero baita. 31 txirrindulari ibili ziren alde eginda, eta begirada guztiak Evenepoelek bereganatu zituen. Itxura batean, hura zen ihesaldiko indartsuena, eta, hori gutxi balitz bezala, hiru taldekide zeuzkan gurditik tira egiteko. Poels, baina, prest zegoen flandriarrari itzal egiteko, baita Marc Soler (UAE), Lennert Van Eetvelt (Lotto), Lennard Kamna (Bora), Lenny Martinez (Groupama), Romain Bardet (DSM), Pelayo Sanchez (Burgos) eta Rui Costa ere (Intermarche).

Hirugarren mailako hamar igoera gainditu behar zituzten, eta, azkenekoan, San Lorenzo de El Escorialen, puskatu zen lasterketa. Poelsek erasora jo zuen, eta hasieran, ezinean gelditu zen Evenepoel. Egunez egun pilatutako nekearen ondorio izan zitekeen. Alabaina, atzetik aurrera egin, eta Poels, Sanchez, Van Eetvelt eta Solerrekin bat eginzuen tontorretik igaro eta gutxira. Haien artean jokatu zuten garaipena, eta Poels izan zen esprinta abiatzen lehena. Oso urrutitik jo zuen, baina eutsi egin zion abiadurari, baita suziria bezala gainera etorri zitzaion Evenepoeli ere. Hirugarren Sanchez izan zen.

Mas, Ayuso eta Landa 10.21era iritsi ziren helmugara, eta hamasei segundo geroago azaldu zen Jumbo taldeko hirukotea, Vueltan egin duten balentria ospatzen. Gozatua hartuko dute gaur ere, Madrilgo podiumean. Kussek hamazazpi segundo aterako dizkio Vingegaardi, eta 1.08 Roglici. Landak bosgarren bukatuko du, Kussengandik 4.03ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.