Ahalik eta lasterren, hobe

Realak gaur ziurta dezake Europarako txartela, bosgarren urtez jarraian. Valentzia menderatuz gero, Konferentzia liga jokatuko dute gutxienez.

Realeko jokalariak Valentziaren aurka jokatu aurretik egindako  azken entrenamenduan.  JUAN HERRERO / EFE
Realeko jokalariak, Valentziaren aurka jokatu aurretik egindako azken entrenamenduan. JUAN HERRERO / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2024ko maiatzaren 16a
05:05
Entzun

Honezkero, Realak begiz jota du Europa liga. Sasoi honetan, Espainiako Ligako bosgarren eta seigarren postuek egingo dute modua datorren denboraldian txapelketa hori jokatzeko, eta donostiarrek postu horien artean igaro dituzte orain arteko 36 jardunaldietatik 24. Hain justu ere, azken hogei partidak igaro ditu seigarren lekuan, harik eta iragan jardunaldian Betisen mesedetan galdu zuen arte. Nolanahi ere, bere eskura du berandu baino lehen berreskuratzea, Manuel Pellegriniren taldea bisitatuko baitu igandean.

Aurrez ere, gaur bertan, egin daiteke Europa ligako postuaren jabe. Anoetan Valentzia menderatuz gero (22:00, DAZN), berea izango da berriz ere, betiere Betisek irabazten ez badu. Kontrara, etxean galtzeak izugarri zailduko dio helburua, zer esanik ez Sevillako taldeak Las Palmas menderatzen badu. Hori bai, Valentziari irabazteak bosgarren urtez jarraian Europan lehiatzea ziurtatuko dio, beste inori erreparatu beharrik gabe. Gutxien-gutxienez, Konferentzia liga jokatzea bermatuko du. Klubaren historian marka berria ezarriko du bost aldiz segidan Europarako sailkatzen bada.

Hala, ertz asko ditu txuri-urdinek gaur jokatuko duten neurketak. Batetik, seigarren postuaren helburua ziurtatzeko bidean bizi-bizirik segi nahi duelako: «Egun berezia da, ez dizut gezurrik esango. Niretzat, taldearentzat eta zaleentzat. Historia egiteko moduan gaude; horretarako, partida irabazi behar dugu. Badakigu zer dugun jokoan, eta espero dugu dena ondo ateratzea. Izugarrizko garrantzia ematen diot Realarekin garaipen gogoangarri bat lortzeari, eta ahal duguna egingo dugu hala izan dadin», adierazi zuen Imanol Alcuacil prestatzaileak.

Valentzia bederatzigarrena da sailkapenean, Vila-realetik hiru puntura eta Realetik seira. Bestela esanda, matematikoki badu Konferentzia ligarako sailkatzeko aukerarik. Garai makurrean da orain; azken lau partidetatik hiru galdu egin ditu, eta berdindu egin du bestea. Halere, Imanolek aurkari zaila espero du gaur gauean: «Ikusita nolako partidak jokatu dituzten, betiko Valentzia espero dut. Orain artekoak kokatu ditu Europarako lehian, gurekin batera. Tankera horretakoa espero dut. Rubenek [Baraja, entrenatzailea] lan handia egin du. Harrobitik jokalari asko atera ditu, eta gazte askorekin ari da. Badakit zaila dela hori. Denbora asko zeraman Europarako sailkatzeko lehian egon gabe, eta talde horrek lortu egin du».

Alde horretatik, entrenatzaileak uste du aukera asko sortzea funtsezkoa izango dela garaipena eskuratzeko. Imanolen esanetan, Realak aurkariak bezain ondo edo hobeto jokatu du azken partidetako zenbait unetan, baina eraginkortasunik gabe, eta azpimarratu du horrek ez duela deus balio.

Zubimendi, osatu ezinik

Imanolek 24 laguneko deialdia osatu du Valentziaren aurkako norgehiagokarako. Hargatik, hautatuetako bat kanpoan utzi beharko du partidaren atarian. Martin Zubimendi da neurketa harmailatik ikusiko dutenetako bat. Azkenaldian izandako arazo fisikoetatik osatu ezinik da erdilari donostiarra. Entrenatzaileak hark jokatzea aurreikusi bazuen ere, Zubimendi ez da erabat osatu: «Aurreko astean esan nuen haren bilakaera ikusi beharko genuela. Atzera egin du pixka bat, entrenamendu bat bera ere ez du egin gurekin. Egia esan, iganderako ere ez dut espero, eta pentsatzen dut Atletico Madrilen aurka [azken jardunaldian] ez dela ariko. Albiste txarrak dira, baina dagoenarekin aurrera egin behar dugu». Aldiz, Hamari Traore osatu da astelehenean Bartzelonan izandako arazoetatik, eta teknikari oriotarrak deialdian sartu du.

Imanolek adierazi du hamaikakoak osatzekoan «erabaki» egin behar izaten duela, eta nabarmendu du denak ari direla ondo: «Sentipenen arabera hautatzen dut: nola entrenatu diren, nola dauden, aurkaria zein den... Azken partidetan, Take [Kubo] eta Ander [Barrenetxea] aulkian geratu dira, baina garrantzitsuak izan dira urte osoan, eta amaieran ere hala izango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.