Tokio 2020. ARRAUNA

AHALEGINA ORDAINDU DUTE

Virginia Diazen ontziak azken postuan amaitu du lemazainik gabeko binakako finalean. Atzean geratu dira hasieratik, eta ohikoa duten amaiera indartsuarekin ere ez dute aurrera egin ahal izan.

Virginia Diaz (aurrean) eta Aida Cid, hustuta, finala amaitu berritan. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Finalerdietan estropada aparta eginda, Virginia Diazek bazuen itxaropena dominen borrokan egoteko lemazainik gabeko binakakoan, Aina Cidekin batera. Baina ez da posible izan. Azken lekuan amaitu zuten atzo finala: seigarren postuan. Urruti izan zuten podiumera igotzeko ametsa, ia zortzi segundora. Baina ez da esku hutsik itzuliko etxera, diploma olinpikoa eskuratu baitu. Diazek onartu zuen ez zirela nahi bezala aritu. Bi arrazoi eman zituen hori azaltzeko, estropada ostean egindako adierazpenetan: «Batetik, finalerdietan egindako ahalegina ordaindu dugu; bestetik, haizeak ere baldintzatu du gure jarduna».

Alboko haize trabagarria zebilen goizean goiz (Euskal Herrian goizaldea) Sea Foresteko estropada eremuan. Haize horrek beti eragiten dio arraunlarien jardunari, deserosoago aritzen baitira halako baldintzetan. Atzo ere hala gertatu zen. Maila desberdinetako estropadetan parte hartzen ari ziren ontzien denboretan nabaritu zen. Diazen kasuan, finalean lehian aritu ziren sei ontziek finalerdietan baino denbora kaskarragoa egin zuten; Diazek eta Cidek ia hamar segundo gehiago egin zituzten: 6.50,63 finalerdietan; 7.00,05 finalean.

Diazek eta Cidek beti ekiten diote atzean estropadei. Baina azken 500-1.000 metroak oso indartsu egiten dituzte, eta horri esker lortzen dute aurrean egotea. Hori da haien ezaugarri nagusia. Horri esker egin zuten aurrera sailkatze proban. Azken txanpan lortu zuten Irlanda aurreratzea.

Lanarekin pozik

Atzo ere kontrakarrean ekin zioten finalari, baina, oraingo honetan, ezin izan zuten atzetik aurrera egin. Estropada osoan azken postuan joan ziren. Hasieratik aldendu zitzaizkien beste ontziak, eta, denbora pasatu ahala, atzerapen handiagoa pilatu zuten. Uneren batean bosgarren postura gerturatzear egon ziren, baina ez zen posible izan.

Zeelanda Berriko bikoteak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna. 2019an, munduko txapeldun izan ziren Grace Prendergatek eta Keri Gowlerrek ez zuten huts egin. Errusiak eta Kanadak borroka apur bat izan zuten zilarrezko domina eskuratzeko lehian, baina, azken txanpan, errusiarrek ondo eutsi zioten abantailari. Kanadak, beraz, brontzezko dominarekin konformatu behar izan zuen.

Estropada bukatuta, Diazek sentipen gazi-gozoak zituen: «Hasieratik ahalegindu gara. Ilusio handia genuen. Baina beti ez da posible atzetik aurrera egitea. Ez dugu izan egunik onena. Baina ezin diogu ezer leporatu geure buruari».

Herenegun oso estropada ona egin zuten, finalerdietan: hirugarren amaitu zuten, Zeelanda Berriaren eta Errusiaren atzetik Zeelanda berriak urrea eskuratu zuen atzo, eta Errusiak, zilarra: «Ahalegin handia egin genuen, eta 24 ordu baino gutxiago izan ditugu estropada horretatik osatzeko; denbora gutxi da indarberritzeko. Finalerdian eguraldiagatik izan zen atzerapenak ere ez digu mesede egin finalerako».

Dena den, balioa eman nahi izan zion finalean egoteari eta diploma lortzeari: «Gaur [atzo] zapore gazi-gozoa izango dugu. Izan ere, anbiziotsuak gara, eta gorago egon nahi genuen. Baina oro har aztertuta, lan ona egin dugu».

Nabarmendu zuen uretan eta uretatik kanpo «asko» ikasi duela egun hauetan: «Honek guztiak kirolari moduan asko hazten lagunduko dit. Orain, atseden hartu, eta patxadaz erabakiko dugu etorkizunean zer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.