Realeko agintariek esana da astelehenetik ostiralera onena izatea dela arrakastarako giltzarria, baina lehiaketako lorpenek sortzen dute distira. Europako distirak helburuaren zantzuak azaleratu ditu, baina txapelketa erregularrean koskak igotzea da etorkizun oparo baten berme nagusia. Bide horretan, handienen pare aritzeak berretsi dezake aurrerako urratsa.
Hain justu ere, Realak irabazi egin zuen Bartzelonaren aurka ligan jokatutako azken norgehiagoka, baina kasualitatea kausalitate bilakatu nahi du gaur, Kataluniako taldea Anoetan menderatuta.
Txuri-urdinak bolada onean dira etxean; azken hamazazpi partidetan ez dute galdu, eta irabazi egin dituzte haietatik hamar. Ordea, Bartzelona kontrako eztarritik iragan zaio azken urteetan. Haien aurkako aldi zoragarri on baten ondotik, azken zortzi sasoietan ez ditu katalanak menderatu.
Izan ere, Joan Laportak gidatzen duen kluba da munduan dagoen handienetako bat, eta hezur gogorra da beti. Minduta helduko da Donostiara, gainera, joan zen larunbatean galdu egin baitzuen Real Madrilen aurkako neurketa: 1-2. Horri gehitu behar zaio Reala Espainiako Kopan aritu dela aste barruan, aurkaria ez bezala —salbuetsita dago, Superkopa jokatzeagatik—.
Imanol Alguacil teknikariaren esanetan, egitasmo handia du aurkariak: «Izugarrizko taldea da, eta halakoxea kluba. Ez orain, betidanik izan da. Azken urteetan sekulako maila eman dute, eta aurtengoa ez da ezberdina».
Nolanahi ere, Bartzelona eta Reala elkarren segidan daude sailkapen nagusian. Bost punturen aldea dago bien artean, eta, txuri-urdinek gailenduz gero, bi puntura murriztuko dute desabantaila hori. Horiek horrela, aukera baliatzearen aldekoa da entrenatzaile oriotarra: «Egia da jokalariak banan-banan hartuta gaitasun handiko taldea dela, baina partidak jokatu egin behar dira. Irabaziz gero, bi puntura jarriko gara; zorionez, hortxe gaude».
Bartzelonak eraberritze prozesua abiatu zuen Xavi Hernandezek taldearen gidaritza hartu zuenean, eta, ordutik aurrerako urratsak egin baditu ere, sarri justuko markagailuei esker eutsi diogoiko postuetako erritmoari. Alde horretatik, Imanolek nabarmendu du «jokamolde asko dituen taldea» dela Bartzelona.
Horien artean, baloia edukitzea gustuko duen multzo bat izan ohi da, Reala bezalaxe. Baina Imanolek ez du uste jokoa lehia horretara mugatuko denik: «Askoz gauza gehiago egongo dira, partida guztietan gertatzen baita hala. Jakina, haiei baloia edukitzea gustatzen zaie, guri ere bai, baina baloirik ez dugunean trantsizio onak egiten ditugu. Haiek ere bai, agian ez baitute beste garai bateko ahal fisikorik. Era guztietako momentuak egongo dira partidan».
Pacheco, deialditik kanpo
Imanolek 25 laguneko deialdia prestatu du gaur gaueko partidarako. Ander Barrenetxea eta Igor Zubeldia gordean aritu ziren neurketaren atariko entrenamenduan, baina prestatzaileak zerrendan sartu ditu: «Neurketa garrantzitsua da, eta denekin joango gara», esan du Imanolek. Zubeldiari, gainera, kendu egin diote Rayo Vallecanoren aurka ikusitako txartel horia, eta, hortaz, ez du zigorrik bete beharko Bartzelonaren aurka.
Hala, azkoitiarra hasieratik ariko da okerrik ezean. Kontrara, Jon Pacheco erdiko atzelaria da deialditik kanpo geratu den jokalaria, arazo fisikoen eraginez. Aldiz, Alvaro Odriozola estreinakoz sartu da ligako deialdi batean. Donostiarra lehiarako prest da jada, Kopako partidan agerian geratu zen moduan.
Zer esanik ez Aihen Muñozen inguruan; Kieran Tierney min hartuta dagoenetik finko bilakatu da hamaikakoan, eta jaso du horren ordaina. Realak atzo jakinarazi zuenez, atzelari nafarrak 2027ra arte berritu du kontratua. Pozik mintzatu zen Imanol horren inguruan: «Oso harro nago. Irabazi egin du kontratua; harrobitik heldutakoa da, gaztetatik ezagutzen dut, eta Reala sentitzen du. Oso albiste ona da». Aihenek eta haren kideek garaipena dute ospatzeko modurik onena.
REALA-BARTZELONA
Reala. Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais; Zakharian, Kubo, eta Oiartzabal.
Bartzelona. Ter Stegen; Cancelo, Araujo, I. Martinez, Balde; Gavi, Gundogan, Fermin; Ferran Torres, Joao Felix, eta Lewandoski.
Epailea. Alberola Rojas.
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 21:00 (Mov La Liga).
Ahala neurtzeko aukera paregabea
Realak Bartzelona jasoko du gaur gauean, Anoetan. Txuri- urdinek bolada onari segida eman nahi diete, ligako talderik indartsuenetako baten aurka. Aihenek 2027 arte berritu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu