Azken-aurreko eguna dute Lezaman Vanesa Gimbert eta Erika Vazquez Athleticeko jokalariek. Ikur eta eredu izan dira, eta orain erretiroa hartuko dute. Nabari da arrastoa utzi dutela, maitatuak direla. Topatu dituzten klubeko beharginen agurra jaso dute: hitzez, keinu batekin, besarkada batez... Irribarre goxo edo solasaldi batekin erantzun dute haiek. Bederatzi denboralditan partekatu dute aldagela. Horrek, eta futbola ikusteko eta sentitzeko moduak lotura estua sortu du bien artean.
Elkarrizketa Lezama pareko tabernan da. Leku berezia. «Entrenamendu txar bat izan, edo taldekide bati zerbait kontatu nahi izanez gero, maiz etorri gara hona, kafe baten bueltan hitz egiteko». Gimbertek eta Erikak sarri egin dute. «Futboletik daukadan lagunik handienetakoa da Erika. Beti jakin du ni entzuten, aholku egokiak ematen, eta nire erabakiak errespetatzen», hasi da Gimbert, eta berehala jarraitu dio Erikak. «Bera ni baino lasaiagoa da, eta horregatik eman diet balio handia bere aholkuei».
Denboraldi honetan, babes hori «are funtsezkoagoa» egin zaie. Izan ere, erretiroa hartzeko erabakia «konbentzituta eta lasai» hartu duten arren, momentua «gogorra» da. Gimbertek lanketa egin du psikologoarekin: «Baina garaia iristean, zaila da, sentipen ugari eragiten baitizkizu».
Baina zein unetan hartu zuten erretiroa hartzeko erabakia? «Denboraldian jabetuz zoaz garaia dela», azaldu du Gimbertek. Arlo fisikoak eta mentalak garrantzi bera izan dute erabakian: «Sasoia minez hasi nuen, eta erritmoa hartzea kostatu egin zitzaidan. Gainera, ez nuen jokatzen, eta konturatzen zara zure eginkizuna aldatu egin dela taldean. Mentalki hori barneratzea ez da erraza».
Erikaren kasuan, arlo mentala izan da erabakigarria: «Gogorra egiten zitzaidan pentsatzea gelditu, eta beste denboraldi bat hasi beharko nuela handik aste batzuetara. Eman dezakedan guztia eman dudala sentitzen nuen. Gainera, erronka berriak bilatzeko beharra eta ilusioa dut». Entrenatzaile izan nahiko luke. «Horretarako prestatzen jarraitu nahi dut, behintzat». Gimbertek oraindik ez du erabaki zer egingo duen. «Kluba nirekin jarri zen harremanetan, eta Fundazioan lan egiteko aukera aipatu zidaten. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den udan pasatzean».
Erikak uste du denboraldiko etxeko lehen partida Lezamako harmailetatik ikustean hasiko direla jabetzen erretiroa hartu dutela. «Ziur inbidia apur bat izango dugula». Orain, halere, udaz gozatu nahi dute. «Hau guztia barneratu behar dugu, eta familiarekin eta lagunekin egon». Beste aro bati ekingo diote, eta horrek ezinegona eragiten die. Baina helburu batekin egingo dute: futbolari moduan gozatu duten bezainbeste gozatzea.
Urteetan asko zaindu behar izan dute beren burua, eta asteburu asko eman behar izan dituzte etxekoengandik eta lagunengandik urrun, baina ez dute sakrifizio gisa ikusi. Erika: «Nik nahi nuelako egin dut, nire pasioa zelako, eta maite dudalako futbola». Ideia hori muturreraino eraman du urte hauetan. «Pentsa, oporretara joaten ginenean, entrenatzen segitzen nuen, elikadura eta atsedena zaintzen... Argi nuen hori zela bidea futbolean jarraitzeko. Hemendik aurrera, aldaketa bakarra izango da: denborari begiratu gabe aterako naiz korrika egitera». Gimbertentzat ere «bizitzeko modu bat» izan da futbolari profesional izatea. «Urte asko izan dira, eta uste dut eguneroko hori ez dudala asko aldatuko».
Egun hauek atzera egiteko balio izan diete. Iñigo Juaristiren eskutik iritsi ziren Lezamara. Emakumezkoen taldeko koordinatzailea zen Gimbert fitxatu zutenean. «Denboraldi guztietan bizpahiru aldiz deitzen ninduen, etortzeko proposatuz. Baina ezetz esaten nion, nengoen lekuan gustura nengoelako. Azkenerako, baietz esan nion. Agian, lehenago etorri izan banintz, titulu gehiago irabaziko nituen. Baina iritsi behar nuen garaian iritsi nintzen Athleticera». Erikak ere asko ikasi zuen haren aginduetara.
Lezamako oparotasuna
Biek gogoratu dute Lezamara iritsi ziren lehen eguna. «Zur eta lur» geratu ziren han zituzten baliabide oparoekin. Orduan sentitu ziren lehen aldiz futbolari profesional: «Futbolaz bizi ez arren, futbolari profesional baten baliabideak genituen», azaldu du Gimbertek. Erikak, berriz, uzte du «zorte handia» izan dutela Athleticen: «Beti sartu gaitu egituran, eta hori funtsezkoa da. Gogoan dut Espanyolen edozein mediku proba egiteko mutualitatera joan behar genuela. Hemen, aldiz, medikuak genituen».
Bidaiak ere hegazkinez egin dituzte Athleticekin: «Asko eskertzen genuen hegazkinez bidaiatzea, ez zelako horren nekagarria, eta batez ereetxera lehenago iristen ginelako. Kontuan izan guk hurrengo egunean ikastera edo lanera joan behar genuela». Gimbertek azaldu du klubarekin adosten zutela hori. «Bidaietan diru gehiago gastatuz gero, guretzat, agian, diru kopuru txikiagoa zegoen. Baina nahiago genuen».
Egun harrobitik dituzte baliabide onak, Erikak dioenez: «Pentsa, nik hori 21 urterekin ezagutu nuen, eta orain 11-12 urte dituztenetik baliabide apartak dituzte eskura». Eta futbolari gazteek ematen al diote balioa horri? «Ez guk egiten genuen pare. Baina normala da, egoera bestelakoa delako, eta beste belaunaldi bat direlako», erantzun du Gimbertek. Azalpena luzatu du Erikak: «Guk gustuko genuelako jokatzen genuen. Gaur egun, berriz, profesional izan daitezke, eta askok hori baino ez dute buruan. Esentzia hori galdu egin da apur bat. Gainera, aldagelan duten jokabidea ausartagoa da, gauzak egiteko eta esateko orduan».
Ez batak, ezta besteak ere ez lukete bizitakoa aldatuko. «Futbola bizitzeko eta ulertzeko eran dago futbolari baten ibilbidearen gakoa», egin du azpimarra Gimbertek. Segidan erantsi du Erikak: «Bizi izandakoak indartsuago egin gaitu».
Biek uste dute oraindik badagoela zer egina emakumeen futbolaren garapenean eta ikusgaitasunean. Gimbert: «Ez dut uste gazteek borrokatzeari utziko diotenik, iritsi direnean guk baino baldintza hobeak izan dituztelako. Orain arte egin diren urratsetan funtsezkoak izan dira jokalarion borroka eta batasuna, eta hala jarraitu behar dute».
Liga, berezia; Kopa, arantza
Bizitako momentuen artean, Athleticek irabazitako azken liga daukate gogoan: 2016koa. Gimbertek irabazi duen bakarra izan zen, eta Erikak ez zuen espero eskuratzea: «Bederatzi urte generamatzan irabazi gabe. Ez genuen talderik onena, baina talde lehiakorra eta konprometitua ginen. Urte oso polita izan zen».
Gimbertek gogoan du bi aste eman zituztela ospatzen. «Bilboko kaleetako ospakizuna ikusgarria izan zen. Ez dut ahaztuko udaletxeko balkoira atera, eta hainbeste jende ikusi nuen momentua. Garai batean apenas etortzen zen zalerik emakumeen futbol partidak ikustera; ia gehienak futbolarion senideak eta lagunak izaten ziren. Baina, gure kasuan, beti zegoen baten bat».
Arantza bat geratzekotan, Kopa ez irabazi izana aipatu du Gimbertek. «Urtero izan dugu ilusio hori, baina ez da posible izan». Erikarentzat «oso gogorra» izan zen San Mamesen galdu zuten liga, eskuetan eduki baitzuten.«Ez bakarrik ezin izan genuen irabazi: partida hartan ez ginen gu izan. Baina momentu zailetan asko ikasten da».
Taldekideren bat aukeratzekotan, ez lukete bat aipatuko. BainaIrene Paredes izan da futbol ikuspegitik arrasto handiena utzi diena. Horren arrazoiak eman ditu Erikak: «Lehiatzeko zuen gaitasuna, hobetzeko eta lan egiteko zuen grina, heldutasuna... Argi ikusten zen nahi zuen lekura iritsiko zela».
Elkarrentzat eredu
Eta batak bestearengandik zer nabarmenduko luke? Gimbertek berehala erantzun du: «Zure taldean nahi duzun jokalari horietakoa da Erika. Aukera txikiena izanda ere, gola sartzen zuen. Atzerago jokatu izan duenean ere sartu ditu; zenbakiak hor daude».
Gimbert «jokalari ikusgarria» izan dela nabarmendu du Erikak. «Patxada, jokoa ikusteko gaitasuna, lehiakortasuna, futbola bizitzeko era... Erdiko atzelari moduan jokatzen zuenean ere ni lasai nengoen».
Batak bestearen ezaugarriren bat aukeratu beharko balu, berriz, Gimbertek Erikaren «golak sartzeko gaitasuna, aurkariak gainditzeko ahalmena, lidergoa eta izaera» aukeratuko lituzke. Erikak, berriz, Gimberten «patxada eta jokatzeko dotorezia».
Zenbaki ikusgarriak egin dituzte. Ez dira izan, ordea, horiei oso begiratu zaleak. Baina argi dute egindako lanaren fruitu izan direla. «Harro eta lasai noa, gauzak ondo egin izanaren irudipenarekin», berretsi du Erikak. Sartutako golen artean azkena hautatu du. «Bereziena da». Taldeko historiako golegile nagusienak ezin bestela agurtu. Gimbertek, berriz, segidan partida mordoa jokatu izan ditu. «Ez dut lesio askorik izan; horrek asko lagundu dit».
Taldekideei mezu argia eman diete: «Jarrai dezatela urte hauetan erakutsitako batasunarekin eta izaera lehiakorrarekin; etadisfruta dezatela. Hau oso bizkor pasatzen da».
Agurtzeko orduan ere, elkarrekin
Vanesa Gimbertek eta Erika Vazquezek «lasai eta konbentzituta» hartu dute futbola uzteko erabakia. «Gogorra» dela onartu dute, baina futbolean adina gozatu nahi dute etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu