Baieztatzea baino ez zen falta, eta Bitci Baskoniak atzo egin zuen.Neven Spahijak ez du Arabako taldea zuzentzen jarraituko. Hala, bigarren aroa amaitu du Gasteizen. «Oso eskertuta eta harro noa bigarren aldiz talde hau zuzentzeko aukera izan dudalako», adierazi zuen atzo teknikariak. Klubak ere esker oneko hitzak izan zituen Spahijarentzat. «Egin duen lana, erakutsitako jarrera positiboa eta izandako profesionaltasuna eskertu nahi dizkiogu».
Spahija azaroan iritsi zen bigarrenez Gasteizera, Dusko Ivanovicen lekuan. 53 partida ofizial zuzendu ditu. Horietatik 27 irabazi ditu taldeak, eta 26 galdu.
Taldearen norabidea aldatzeko asmoz iritsi zen Gasteizera. Baina ez zuen guztiz lortu. Izan ere, Baskonia ez zen Espainiako Koparako sailkatu, ezta Euroligako final-zortzirenetarako ere. Ligan, berriz, finalerdietan esan dio agur. Joko aldetik ere oso denboraldi gorabeheratsua osatu dute arabarrek. Azken hamarkadan Baskoniak izan duen hamargarren teknikaria izan da Spahija.
Ezusterik ezean Joan Peñarroyak hartuko du haren lekua. Denboraldi honetan Valentzia zuzendu du Peñarroyak. Baskoniak kanporatu zuen Herrialde Katalanetako taldea titulurako kanporaketetan, final-laurdenetan. Jada iragarri du ez duela Valentzian segituko. Azaldu den beste izen bat Giannis Sfairopoulosena da, Olympiakoseko eta Maccabiko entrenatzaile ohiarena.
Fitxaketa eta berritze bana
IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, datorren sasoirako taldeak osatzen segitzen dute. Gipuzkoarrek hirugarren fitxaketaren berri eman zuten atzo: Ivana Raca hegal-pibot serbiarra. 22 urte ditu, 1,88 metro luze da, eta azken sasoian Italiako San Giovanni taldean jokatu zuen. 12,4 puntu eta 5,6 errebote lortu zituen.
Gernikak, berriz, kontratua berritu dio Itziar Ariztimuño kapitainari. Hala, joko antolatzaileak zazpigarren denboraldia egingo du taldean.
Agurra baieztatu da
Neven Spahijak ez du Baskonia zuzentzen jarraituko. Joan Peñarroya da entrenatzaile kroaziarraren lekua hartzeko hautagai nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu