Agur kutsua daukate

Jon Santacana eskiatzaile donostiarra bosgarrenez ariko da Neguko Olinpiar Jokoetan, Pyeongchangen, gaurtik aurrera. Egiten duenaren arabera erabakiko du erretiroa hartu edo beste urtebetez jarraitu.

Jon Santacana eta Miguel Galindo, ahalegin betean. BAT BASQUE TEAM.
Julen Etxeberria.
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Itzela izan behar lukeen lorpena egunerokoa bilakatu du Jon Santacanak (Donostia, Gipuzkoa, 1980). Gaurtik aurrera, eskiatzaile donostiarra bere kirol ibilbideko bosgarren Neguko Paralinpiar Jokoetan ariko da, Pyeongchangen (Hego Korea). Laugarrenez, Miguel Galindo izango du gida lanetan.

Aurtengo ekitaldia oso berezia da Santacana-Galindo bikotearentzat. Izan ere, litekeena da amaitutakoan erretiroa hartzea. Ez dute argi zer egingo duten; Pyeongchangen egingo dutenak zehaztuko du. «Ez dut uste 2022ko Pekingo Olinpiar Jokoetara iritsiko garenik. Azken lau urteak oso zailak izan dira, eta proiektua sarri egon da bertan behera geratzear. Pyeongchangen lortuko ditugun emaitzek esango digute ea beste urtebetez jarraitu edo utzi egingo dugun. Adinekoak gara, egonkortasun ekonomikoa nahi dugu, eta, ADOP beka lortu ezean [Espainiako Gobernuak ematen duen diru-laguntza], zaila izango da aurrera jarraitzea», azaldu du Santacanak.

Bost probatan lehiatuko dira, eta baikor dira egin dezaketenaz. Sasoiko iritsi da Santacana, nahiz eta aitortu duen bizkarreko minak «gerra» pixka bat eman diola. Ez dirudi arazo handia izan daitekeenik. Lesio larriak izan ditu, eta guztiei aurre egin die: tibia eta peronea hautsi eta bi hilabetera lehiatu zen Turingo Jokoetan (Italia), 2006an, eta orpazurda hautsi eta sei hilabetera Sotxikoetan (Errusia), 2014an. Azkenekotan, urrezko domina bat eta zilarrezko bat irabazi zituen. Ikusgarria da donostiarraren garaipen zerrenda Olinpiar Jokoetan: zortzi domina irabazi ditu, urrezko eta zilarrezko hiru eta brontzezko bi. Are ikusgarriagoa da Munduko Txapelketetan bildutako uzta, hemezortzi domina baititu: urrezkoak zortzi, zilarrezkoak zazpi eta brontzekoak hiru. Emaitza bikain horiei guztiei Munduko Kopan lortutako makina bat garaipen gehitu behar zaizkie.

Hain zuzen, sei domina lortu ditu sasoi honetan Munduko Kopan, zilarrezko bat eta brontzezko bost. Horrek «konfiantza handia» eman die. «Negu zaila izan dugu, bizkarreko minez egon naizelako berriro. Baina, hemen baldin bagaude, dominaren bat irabazteko itxaropena dugulako da. Hala ez balitz, etxean geratuko nintzen. Baikor naiz, baina aldagai asko daude jokoan, eta huts txikienak podiumetik kanpo utz zaitzake. Bete-betean ariko naiz. Ondo amaitu nahi dut hemezortzi urteko kirol ibilbidea».

Ezagunak ditu arerioak: «Giacomo Bertagnolli, Marc Marcoux, Mirolas Haraus...». Bete-betean asmatu du. Izan ere, atzo egin zuten lehen lan saioa jaitsieran, eta Bertagnolli, Marcoux eta Haraus izan ziren azkarrenak. Santacana zazpigarren izan zen. Bost segundora izan zuen domina. Ez dago kezkatuta. «Abiadura probatan koska bat beherago gaude, baina ezustea eman nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.