Realak bina berdindu du Levante Las Planasen aurka Zubietan jokatutako partidan. Txuri-urdinak bat eta bi atzetik aritu dira, hamahirugarren minututik irabazten hasi arren. Azkenean, taldea ondo erantzuteko gai izan da, eta puntu bat eskuratu dute ligako azken jardunaldian. Neurketa oso berezia izan da, Natalia Arroyok zuzendutako azken partida izan baita. Zubietara gerturatu diren ikusleek agur beroa eman diote entrenatzaile katalanari, eta baita iragan ostiralean taldea utziko zutela iragarri zuten hiru jokalariei ere: Iris Arnaizi, Alejandra Bernaberi eta Synne Jenseni.
Realak hasieratik hartu du neurketaren kontrola. Etxekoek baloia eduki dute, eta kanpoko taldearen defentsa jendetsuan hutsuneen bila aritu dira. Nahia Apariciok sartu du txuri-urdinen lehen gola, korner batean aldaratutako baloi bat sare barrura bidali ostean. Baina lehen zatiak aurrera egin ahala, talde katalanak partida parekatzea lortu du, eta Chebbak-ek berdinketa lortu du jaurtiketa gurutzatu batekin.
Bigarren zatia Reala nagusi zela hasi da, lehenengoaren antzera, baina Reala ondoen ari zenean iritsi da kanpokoen bigarren gola. Pase sakon baten ostean, Irina area barrura sartu da, eta Lete gainditu du. Txuri-urdinek ezin hobeto erantzun dute, eta laster lortu dute berdinketa. Nerea Eizagirrek Jensen aurkitu du area barruan, eta aurrelariak ez du barkatu. Bi taldeak garaipenaren golaren bila aritu dira amaierara arte, baina ez dute zorterik izan.
Garrantzirik gabeko berdinketaren ostean heldu da zale guztiak itxaroten ari ziren agurra. Lau denboraldiz Realaren entrenatzaile izan da Natalia Arroyo, eta agur berezia merezi zuen. Partida amaitzean, harmailetako zaleen txalo zaparrada jaso du kataluniarrak, eta bere jokalariek airatu egin dute. Gainera, Garbiñe Etxeberria Realeko emakumezkoen futboleko arduradunak 137 zenbakia zuen kamiseta bat eman dio Arroyori, talde txuri-urdinaren gidaritzan jokatu dituen lau denboraldietan izan dituen partida kopurua.
Eibarrek ere gaur agurtu du denboraldia Ipuruan, zaleen aurrean. Galdu egin du Granadaren aurka (0-2), baina horrek ez du eragotzi aurten egin duten denboraldi bikaina behar bezala ospatzea.
Agurrak ere San Mamesen
Zubietan bezala, agurren eguna izango da biharkoa San Mamesen. Athleticek denboraldiko azkeneko partida jokatuko du, Sevillaren aurka (17:00, Dazn), eta hori baliatuko dute talde zuri-gorria utziko duten hiru jokalari historiko omentzeko. Garazi Muruak eta Yulema Corresek erretiroa hartuko dute, lehen taldean hamar denboralditan aritu eta gero: atzelariak 178 partida jokatu ditu, eta zortzi gol sartu; aurrelariak, berriz, 203 neurketa jokatu ditu, eta 67 gol sartu. Eunate Arraizak, berriz, Athletic utziko du, lehen taldean hamabi sasoiz aritu ondoren; 311 partida jokatu ditu, eta hemeretzi gol sartu.