Emozioz betetako eguna izan zuen atzokoa Kike Solak. Azken bederatzi denboraldietan bere etxea izan duenari agur esan zion, eta ordu batzuk geroago, Lezaman zegoen, Athleticeko elastikoa jartzeko prest.
Iruñeko aurrelariak eskerrak eman nahi izan zizkion Osasunari eta zaleei, Athleticen aurkeztua izan aurretik, eta adierazi zuen Sadarren sartutako golak sentitutako «hoberena» direla, «ospatzeko momentuan zaleekin sortzen den harreman berezi horregatik». Orokorrean «zapore gozoarekin» gelditzen dela azaldu zuen, eta «eskainitako konfiantza lanarekin eta umiltasunarekin» erantzun diola esan du.
Orain Athleticen du burua, eta hala izango du, ondo bidean, datozen bost denboraldietan. Hala, sei urtez bere etxea izan zenera itzuli da, non «lagun onenak eta bigarren familia» dituen. «Oso pozik nago. Umiltasunez lana egiteko prest nator. Beste bat gehiago izatea espero dut». Taldean egokitzeko arazorik ez duela izango azaldu zuen, jokalari batzuk ezagutzen baititu. Taldean izango duen eginkizunak ez du arduratzen nafarra, bigarren aurrelari edo erreferentzia gisa joka baitezake: «Entrenatzaileak erabakitzen duen lana egingo dut».
Bere kirol ibilbideko denboraldirik onena izan du Osasunarekin jokatutako azkenekoa, bederatzi gol sartuta. «Athletici gauza asko ematen saiatuko naiz, ez golak bakarrik». Azken denboraldian Osasunak kontratua berritzeko aukera eman zion. Hala ere, ez zuen firmatu, Fernando Llorenteren auzian gertatu zen bezala, baina ez zuen gai horretaz hitz egin nahi izan: «Hona etorri nahi nuen. Garrantzitsuena da hemen nagoela eta taldeko beste kide bat naizela».
Bestalde, Josu Urrutia Athleticeko presidenteak adierazi zuen gainontzeko fitxaketekin bezala —Ernesto Valverde, Beñat Etxebarria, Mikel Balentziaga eta Xabier Etxeita— taldeak «irabazi» egiten duela Solarekin ere. Horrez gain, Betiseko idazkari teknikoari, Vlada Stosici, mezua bidali zion. Izan ere, Stosicek esan zuen Beñat Etxebarriaren fitxaketa 11,75 milioi euroren truke izan dela. «Gezurra da». Sola bihar Lezaman izango da, denboraldi-aurreko lehen entrenamenduan.
Agur eta kaixo
«Azken urteetako etxeari» agur esan ondoren, «txikitako etxean» aurkeztu dute Kike Sola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu