«Agur, eta eskerrik asko»

Realean hamahiru denboraldi egin ondoren, negar malko artean esan du agur taldeko kapitain nagusietako batek: «Reala beti izango da nire familia» adierazi du, guztiz hunkituta

Jon Ansotegi Realeko jokalari ohia, negar malkoei eutsi ezinda, atzo, bere agurrean, Anoeta estadioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Agur esatera etorri naiz, baina, batez ere, eskerrik asko». Hamahiru urtez Realean egon ondoren, negar malkoei eutsi ezinik esan zuen agur atzo Jon Ansotegik, Anoeta estadioan. Familiako kide, taldekide eta klubeko hainbat arduradunen babesean, erabat hunkituta mintzatu zen. Barru-barrutik. Bihotzetik. «Reala izan da azken urteotan nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena, familiarekin batera. Dena eman dit, eta dena ematen saiatu naiz neroni ere. Ez naiz jokalaririk onena izan, baina beti egon naiz laguntzeko prest. Halaxe segituko dut, eta ez futbolean soilik, baita bizitzan ere. Reala beti izango da nire familia». Agurrean, Administrazio Kontseiluak urrezko domina oparitu zion.

Eta ez da gutxiagorako. Orain hamar urte pasa egin zuen debuta. Zehazki, 2006ko urtarrilaren 22an. Guztira 226 partida ofizial jokatu ditu, eta 11 gol sartu. «Baina, batez ere, lagunak eman dizkit Realak. Lagun onak. Reala zerbait bada, lagun talde bat da, eta horrekin geratzen naiz. Futbola hor dago, baina, ezeren gainetik, pertsonak gara, eta bizitzen erakutsi dit Realak. Futbol kontuetan adina irabazi dut arlo pertsonalean». Hamahiru urteotan, momentu «onak eta txarrak» igaro ditu Ansotegik kirol arloan, baina lagun taldeak ez dio sekula huts egin. «Familia batean sartuta egon naiz. Markel, Zurutuza, Mikel, Carlos Martinez, Xabi Prieto... Izugarria izan da guztiekin bizitakoa. Oraingo eta lehengo lagunekin. Berdin jarraitzea eskatzen diet».

Talde barruan jokalari denen errespetua eta miresmena lortu du urteotan. Zer eta taldeko erabakigarriena izan beharrik gabe. Nola lortzen ote da hori? «Uste dut egunero zintzotasun osoz lan egin dudala. Ez naiz jokalari mundiala izan, baina bai saiatua. Dena eman dut beti. Reala guztia izan da niretzat, eta nik ere sentitu dut haren maitasuna. Kalean ere maite nautela ikusi dut». Horregatik, kontzientzia lasai duela hartuko du Eibarko bidea. «Ez naiz ezeren damu, beti egin izan baitut nire esku zegoen guztia. Egon daitekeen talderik onenean egon naiz urteotan. Pozik sentiarazi naute egunero. Munduko edozein tokitan nagoela ere, beti izango naiz Realekoa».

Ordea, Eibarren ariko da aurrerantzean. «Liga berean egonik, horrek esan nahi du Reala aurkari izango dugula». Bada, zein izan da Donostiako kluba uzteko arrazoia? «Besteak beste, gogorra da etxeratu eta semearen ahotik entzutea: 'Aita, zergatik ez duzu jokatu gaur ere?'». Ibilbide batek bukaera noiz duen onartzea beharrezkoa dela uste du Ansotegik. «Pentsatzen nuen ekainean utzi beharko nuela Reala, baina neguko merkatuan aukera bat baino gehiago izan ditut mahai gainean, eta, etxean asko pentsatu ondoren, Eibar aukeratu dut. Hori bai, azken egunera arte erabaki gabe nuen. Hemen ez da dena amaitzen, eta ilusioz ariko naiz talde berrian». Espero du minutu gehiago izatea Jose Luis Mendilibarrekin. «Ea hala semeak ez didan hainbeste aldiz galdera bera egiten».

Txapeldunen Ligan, kapitain

Aurrerantzean elastiko berria izanagatik, Realarekin bizitakoak oroimenetik ezabaezinak dira, Ansotegiren esanetan. «Denetik bizi izan dut. Gogoan dut Realak fitxatu eta Donostiara bizitzera etorri ginenekoa. Sekulako ilusioa nuen». Debuteko sasoia ere ez du ahaztuko. «Denboraldi hartan ekonomikoki garai zailak bizi genituen, eta mailari eutsi genion. Ederra izan zen». Gogorragoa izan zen Reala Bigarren Mailara jaitsi zenekoa. «Momenturik zailenak haiek izan ziren. Sufrimendu handikoak. Baina merezi izan zuen lan egitea, Lehen Mailara igo ginen eguna zoriontsua izan baitzen». Eta Txapeldunen Ligan aritzea ere plazer hutsa izan da. «Kapitainaren besokoarekin jokatu nituen minutu asko Txapeldunen Ligan. Izugarria izan zen». Defentsa izateko, gol kopurua ere ez du murritza: 11. «Bereziena Levanteri sartu niona izan zen, mailaz igotzeko borrokan ari baikinen bi taldeak. Ez zen falta edota korner batean izan. Asko gogorarazi didate gol hori».

Realeko aroa amaitu zaio, ordea. Jokalari eta pertsona handi batek utzi du Reala, baina etorkizunean nork jakin. Zubietan lekua izan dezake entrenatzaile edo laguntzaile gisa. «Amaitzeko, berriro eskerrak eman nahi dizkiot Realari, jaso dudan tratu eta errespetuagatik, eta baita familiari ere, Leire eta nire seme-alabei, bereziki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.