Agirretxeri ebakuntza egingo diote berriro ere, irailaren 16an

Ezker hankako orkatileko arazoak ezin gainditurik dabil aurrelaria. Beste hiru hilabetez egongo da zelaietatik at.

Imanol Agirretxe, lanean, Zubietan, denboraldi-aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
2016ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
FUTBOLA. Buruhausteak areagotzen ari zaizkio Imanol Agirretxeri. Ezker hankako orkatileko arazoak gainditzen ez, eta berriro ere operatu beharko baitute. Zehazki, atzo bete ziren zortzi hilabete aurrelariak min hartu zuela, eta, aurreikuspenen arabera, beste hiru hilabete pasa egin beharko ditu zelaietatik kanpo. Niek van Dyck Herbehereetako espezialistak egingo dio ebakuntza, datorren irailaren 16an.

Realeko zerbitzu medikoak atzo adierazi zuenez, jokalariaren lesioak ez du izan uste bezalako bilakaera. Joan den apirilaren 11n egin zioten ebakuntza, «ondo atera zen gainera», baina minak bere hartan jarraitzen du. Usurbildarrak ez du arazorik lasterka egiteko, baina bai futbolean jokatzeko.

Hala, joan den astelehenean Van Dick medikuarekin bildu ondoren, berriz ere ebakuntza egitea erabaki dute. Realeko sendagileen arabera, horixe baita arazoa konpontzeko bide bakarra. Ebakuntza apirilean egin ziotenaren oso antzekoa izango da: ezker hankako orkatilan zer duen aztertzen eta lotailuak berrikusten eta berregituratzen saiatuko dira.

Beraz, sendatze prozesua hiru hilabete inguru luzatuko da. Kontuan izanda Agirretxek 2015eko abenduaren 30ean hartu zuela min Real Madrilen zelaian, jokalaria urtebete inguruz egongo da zelaietatik kanpo. Medikuen esanetan, min hartu zuenetik emandako pausoak egokiak izan dira, baina emaitza, ordea, txarra. Halere, ez dute falta baikortasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.