Agirretxe: «Ondo jokatzen genuen berberak gara»

Realeko aurrelariak nabarmendu du «kosta ahala kosta» irabazi behar diotela ostiralean Deportivori Anoetan

Imanol Agirretxe, atzo, Zubietan, prentsaurrekoan. REALA.
2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Realak irabazi egin zituen Espainiako Ligako lehen hiru partidak. Ordutik, ordea, beste hiru garaipen bakarrik lortu ditu, nahiz eta hemezortzi neurketa jokatu. Lehena izan zen sasoi hasieran, eta hamabosgarren da orain, jaitsieratik sei puntura. Egoera goitik behera aldatu izanagatik, orduko jokalari berberak direla aldarrikatu zuen atzo Imanol Agirretxek. «Ondo jokatzen genuen jokalari berberak gara, eta erakutsi egin behar dugu, baina zelaian, ostiralean, ez hemen. Gaizki gaude, hori argi dago, eta oker dabil hori ikusi nahi ez duenak. Gu gara egoerari buelta eman nahi diogun lehenak. ».

Talde txuri-urdinak ostiral honetan Anoetan Deportivoren aurka jokatu beharreko neurketa funtsezkoa izango da Eusebio Sacristanen etorkizunean. Irabazi ezean, kinka oso larrian egongo litzateke entrenatzailea. «Irabazi egin beharra dugu, kosta ahala kosta. Izan ere, irabazita bakarrik ahal dugu gorako bidea hasi». Agirretxek azpimarratu zuen jokalariek «konfiantza itsu-itsua» duela Eusebiorengan. «Badakigu nola irabaz dezakegun. Ez du ezertarako balio aitzakiak jartzea. Ez da ondokoaren lana zalantzan jartzeko garaia. Denok sinesten dugu denok egiten dugun lanean».

Taldearen egoera txarra nahikoa ez balitz, Agirretxe ere denboraldi gogorra ari da bizitzen, lesioen erruz, ia ez baita jokatzen ari. Azken partidan, adibidez, azken ordu laurdenean izan zen zelaian, eta zaleek txalo zaparrada egin zioten zelaira irten zenean. «Sekulako gosea dut, jokatzeko irrikan nagoelako. Baina oraintxe bertan nire egoera gutxienekoa da, taldeak bakarrik axola dit. Hala ere, eskertzen da zaleek ematen didaten babesa. Beti sentitu naiz oso maitatua, eta orain, are gehiago».

Entrenamenduari dagokionez, David Zurutuza taldekideekin aritu zen; beraz, okerrik ezean, Deportivoren aurka jokatzeko prest egongo da. Aldiz, Alvaro Odriozola eta Kevin Rodrigues ez ziren entrenatu, eta ikusteko dago garaiz osatuko ote diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.