Espero baino gutxiago eman dut». Ander Iturraspek esana da (Abadiño, Bizkaia, 1989). Hilabete eta erdi min hartuta egon ostean, joan den astean Balaidosen itzuli zen taldera Athleticeko euskarria. Osatu da. Belaunak ondo erantzun zion. Gogotsu aritu zen. Bere ohiko postua baino metro batzuk aurrerago jokatu zuen. Aurkariaren atetik gertuago. Arriska daitekeen eremuetan mugitu zen. Eroso ibili zen. Finean, albiste bikaina izan zen Athleticentzat. Iturraspe itzuli da. Bere maila berreskuratzea falta zaio orain. Denboraldion ez baitu bere dohainen berri eman. Maila apala eman du.
Horrenbestez, Iturraspek erronka garrantzitsua dauka denboraldia amaitu bitartean: taldearen aginte makila berreskuratzea. Bera baita talde zuri-gorria gidatzeko aukeratu duten futbolaria. Egungo Athletic bere inguruan eraikitzeko antolatuta dago. Batetik, talentu handia daukalako. Maila ertain-altuko edozein talde zuzentzeko gaitasuna duen futbolaria da. Bigarrenez, berdegunean hartzen duen lekua estrategikoa delako. Aditu askoren ustez, euskarri postua da lekurik garrantzitsuena. Zelai erdian aritzen diren futbolariek taldeari oreka emateko ardura dute. Erasoko jokoa antolatzeaz gain, atzelariei laguntzeko ardura ere badute. Ondorioz, euskarriak funtzionatzen duenean, taldeak ondo jokatzen du; baina taldeko birikak protagonismorik ez duenean, sufritzea egokitzen da.
Ezin da ezbaian jarri Iturraspek baloiarekin jokatzeko orduan duen gaitasuna, eta, urteek ematen duten esperientzia baliatuz, aurrerapauso handiak eman ditu defentsako lanean. Horregatik, ondo aritzen denean, Abadiñoko jokalari finak hobetu egiten ditu ingurukoak. Hirugarrenez, taldean duen rolagatik izan behar du euskarriak garrantzitsu. Iturraspek gaztetasuna eta eskarmentua uztartzen ditu. 26 urterekin, bere kirol ibilbidearen erdirik ere ez du egin oraindik, baina, hala ere, esperientzia handia pilatzeko aukera izan du. Zazpigarren denboraldia betetzen ari da goren mailan, eta berrehun lehiatan baino gehiagotan parte hartu du dagoeneko. Bada zerbait. Laugarrenez, etxekoa da. Eta horrek ezinbestean izan behar du pisua talde barruan. Inork baino hobeto daki Athletic zer den.
Baina denboraldion zaleek ez dute izan haren berririk. Eta inork ez daki zer gertatu zaion. Denboraldi batetik bestera itzali egin da izarra. Kontua da bai jokalariak eta bai taldeak ere elkarren falta izan dutela. Ez baita erraza asmatzea ea taldeak nabaritu duen Iturrasperen falta edo euskarriari falta izan zaion ingurukoen bultzada. Baina argi dago ez duela funtzionatu. Horregatik, taldeak ez du larregi nabaritu haren hutsunea min hartuta egon den hilabete eta erdian. Izan ere, Levanteren etxean min hartu zuenerako, pisua galtzen hasita zegoen Ernesto Valverderen lehentasunetan. Mikel San Josek egin dio itzal. «Mikelek dohain onak ditu zelai erdian jokatzeko. Futbolari osoa da. Asko ematen dio taldeari. Lehia handia daukat hamaikakoan sartzeko, baina borrokatzeko prest nago», adierazi zuen orduan Iturraspek berak.
Iturraspek gogor borrokatu beharko du galdu duen lekua berreskuratu gura baldin badu. Izan ere, bere postuan edo inguruan aritzen diren hiru lagunak denboraldiko aldirik gozoenean daude. Egun, San Jose eta Rico —ikusgarri ari da azkenaldion— dira euskarrian aritzeko Valverdek dituen lehen bi aukerak. Baina, denboraldia amaitu artean, guztien beharra izango da. Esaterako, datorren larunbatean Almeriak bisitatuko du San Mames,eta zigortuta dago San Jose erdilari golegilea. Duela bizpahiru hilabetera arte ez zen zalantzarik izango. Iturraspe agertuko zen kiniela guztietan lehen aukera gisa. Baina larunbateko neurketari begira gauzak ez daude hain argi. Besteak beste, jokatzeak ematen duen erritmoa falta zaiolako Iturrasperi eta, akaso, ez delako egongo partida osoa jokatzeko moduan.
Beñaten ekarpen ona
Baina, horrez gain, beste aurkari bat agertu zaio Iturrasperi: Beñat Etxebarria. Valverdek, egoerak hala behartuta, bere kirol ibilbidean gehien nabarmendu den postuan zelairatu behar izan du igorreztarra zenbait norgehiagokatan. Lotura lanak egiteari utzi eta joko antolatzaile gisa jokatu du azken partidetan Josu Urrutiak bere agintaldian fitxatu zuen jokalarik garestiena. Baita ondo erantzun ere. Behin baino gehiagotan erakutsi du zer egiteko gai den baloia oinetan duenean, baina azkenaldion hobeto ari da lan zikina egiterakoan ere. «Gozatzen ari naiz. Konfiantza daukat. Athleticera itzuli aurretik euskarri postuan jokatzera ohituta nengoen», aitortu zuen Beñatek berak. Albiste ona da Athleticentzat postu guztietan lehiakortasuna izatea.
Aginte makila zain dauka
Ander Iturraspek denboraldi grisa egin du orain arte. Maila galdua berreskuratuta, sasoiaren azken txanpan, berriro ere taldearen erreferentzia izan gura du abadiñarrak. Tarte horretan lan ona egin dute, ordea, Mikel San Josek eta Beñat Etxebarriak, eta gogotik lan egin beharko du euskarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu