Aginte makila galdu du

Beñat Etxebarriak lekua galdu du hasierako hamaikakoan. Athleticek ez du funtzionatzen, eta Kuko Zigandak beste aukera batzuk probatu ditu.

haritz gallastegi
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Egungo Athletic ez da talentu handiko taldea. Ez da talde zuri-gorria pazientzia eta zehaztasuna eskatzen duen joko landua egitearen zale. Jokalari garrantzitsuenek beste ezaugarri batzuk dituzte: lehikortasuna, lanerako gaitasuna eta aurkariari egindako presio itogarria izan dira Athleticen arrakastaren zutabe nagusiak. Baina horrekin ez da nahikoa. Futbolean jokatu beharra dago. Modu batean edo bestean, jokoa antolatu egin behar da. Baloia oinetan izatean, argi izan behar da zer egin gura den. Jokoa sortu ezean, gaitza da irabaztea.

Athleticen lan hori abiarazteko arduraduna Beñat Etxebarria da (Igorre, Bizkaia, 1987). Azken urteotan hari eman diote taldearen aginte makila. Hura izan da iparrorratza, erabaki duena noiz egin behar den aurrera, noiz eutsi behar den, noiz jokatu behar den azkar edo noiz patxadaz. Beñat nabarmendu den partidetan, Athleticek argitasuna izan du, eta, euskarri fina agertu ez den neurketatan, zulorik aurkitu ezinik ikusi zaio taldeari. Beñatek garrantzi handia izan du zuri-gorrien jokoan, eta, horregatik, sarri aurkari bat gainean duela jokatzea egokitu zaio.

Athletic eskas ari da jokatzen aspaldian. Ez du aurkitzen aurrera egiteko biderik. Bada, taldearen antzera, Beñat ere bere onena eman ezinik dabil. Taldea eta jokalaria, jokalaria eta taldea zulo sakonetik irten ezinik dabiltza. Eta ez da erraza makalaldi horren arrazoiak aurkitzea. Arazoa ez da gaurkoa. Aspaldian, Athletic ez da Ernesto Valverderen sasoi onenetan aurkari asko zapaltzen zituen taldea. Bada, Beñat ere dinamika ezkor horretan murgilduta dago.

Hasieratik jokatu zuen azken partidak argi eta garbi islatu zuen erdilariak bizi duen garai gaitza. Jose Angel Ziganda Kuko-k taldea antolatzeko ardura eman zion Zoriaren kontra, Europa ligan. Hasieran, neurketa aproposa zirudien konfiantza berreskuratzeko. Usteak erdi ustel. Zuri-gorriek neurketa txarra jokatu zuten —0-1 galdu zuten—, eta Beñat izan zen gehien sufritu zutenetako bat. Hari egokitu zitzaion taldearen ezinaren zama bizkar gainean eramatea. Gehiegizko pisua izan zen, eta Zigandak aldatu egin zuen partida bukatu aurretik. Ez zen kapaz izan taldeari behar zuena emateko.

Zer gertatzen zaio Beñati? Faktore asko egon daitezke euskarriaren joko kirisiaren atzean. Horrelako egoera bati buelta emateko lehen urratsa autokritika egitea da. Jokalaria ez dago sasoi onean. Arazo hori konpontzeko bide bakarra eguneroko lana da. Lezaman gogor egin beharko du jokalariak inork zalantzan jartzen ez duen maila berreskuratu ahal izateko. Pubisean arazoak dituela? Horrela bada, lehenbailehen hartu beharreko neurriak hartzea izango da onena. Arlo fisikoa zein psikologikoa landu beharko ditu hobetzeko. Gorputza sasoiko jartzeaz gain, burua fresko izatea ezinbestekoa baita taldearen ardura hartzeko. Baina ez da nahikoa izango. Beñaten taldekideek ere hobetu egin behar dute, taldearen lana eskasa denean jokalariek ere nabaritu egiten baitute. Taldeak Beñaten beharra duen neurri berean du Beñatek taldearen premia.

Bestalde, entrenatzailearen erabakiek ere garrantzi handia dute. Beñat al da Zigandaren apustua euskarri posturako? Larraintzarko entrenatzaileak gurago al ditu beste futbolari batzuk? Pozik al dago Beñaten ekarpenarekin?Galdera horiei erantzuteko goiz da oraindik. Besteak beste, Zigandak berak ere ez duelako erantzunik izango. Hala ere, denboraldi hasieran argi ikusi da zalantza edo aukera asko ikusten dizkiola taldearen zelai erdirari: Mikel San Jose, Mikel Vesga, Ander Iturraspe eta Beñaten artean era guztietako konbinazioak egin ditu.

Valverderen lehen denboraldiarekin antz handia du aurtengo hasierak. Dena dela, begi bistakoa da bai Iturraspe eta bai Vesga aintzat hartzen dituela. Abadiñarraren gainean, «talentu bereziko» futbolaria dela adierazi du. Gasteiztarra, berriz, Athletic B entrenatu zuenetik du kutuna. Gainera, San Jose garrantzitsua da oraindik ere. Horrek guztiak lehia areagotu egin du euskarrian, baina, aldi berean, baliteke Beñati zalantza eragin izana. Ordezkaezina ez dela ikusteak kalte egin dio akaso. Zenbait futbolarirentzat beharrezkoa baita nagusiaren babes osoa izatea daukaten guztia erakusteko, eta, gaur-gaurkoz, Beñatek ez dauka Zigandaren erabateko babesa.

Kontratua amaitzen zaio

Beñatentzat ez da garai ona zalantzak izateko. Izan ere, sasoi honen amaieran kontratua amaituko zaio. Datorren otsailean 31 urte beteko ditu, eta azkeneko kontratu mamitsua sinatzeko aukera dauka. Etorkizuna lotu barik izateak izango al du loturarik zelaian ematen ari denarekin? Galdera horren erantzuna futbolariak baino ez dauka, baina Beñatek nahikoa eskarmentu dauka horrelako egoerei aurre egiteko. Bere asmoa elastiko zuri-gorria janzten jarraitzea da. «Pozik eta gustura nago. Ez dut Athletic ez den beste ezertan pentsatzen», esan berri du. Iritiz aldatuko ote du horrela jarraituz gero? Argi dagoena da Athleticek behar duela Beñaten ekarpena emaitza bolada txarrari amaiera eman eta aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.