Afrikarrek ez dituzte besoak jaisten

Froomek Tourra irabazi ostean, beste afrikar bat izan da garaile Ordiziako Klasikoan: Teklehaimanot eritrearra

Daniel Teklehaimanot Ordiziako Klasikoan, garaipena ospatzen, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Afrikako txirrindularitzarentzat garairik gozoena da aurtengoa. Tourrean maillot horia janzten lehen afrikarra izan da aurten Hegoafrikako Daryel Impey, eta Chris Froome kenyarrak erakustaldia emanda irabazi du Tourra. Testuinguru horretan, atzo Ordiziako Klasikoa lehiatu zen, eta beste afrikar batek lortu zuen garaipena. Orica taldeko Daniel Teklehaimanot eritrearra izan zen meta igarotzen lehena.

Klasikoak 165,7 kilometro zituen, eta hiru itzuli eman zizkioten Abaltzisketa igo behar zen zirkuituari. Gainera, beste bi itzuli eman zizkioten Abaltzisketaz gain Altzoko gaina ere igo behar zen zirkuituari.

Etapa hasiera bizia izan zen, ihesaldia erabat osatu zen arte. 20. kilometroan hemezortzi lagunek osatu zuten ihesaldia, eta tartean Ricardo Garcia (Euskaltel), Igor Merino (Euskadi) eta Illart Zuazubiskar (Euskadi) euskal txirrindulariak zeuden. Ia lau minutuko tartea izan zuten, baina, hogei kilometro falta zirela, tropelak harrapatu egin zituen. Metarako hamar kilometro eta erdira Abaltzisketa igo behar zuten, eta ordurako tropelan 25 txirrindulari besterik ez zegoen. Angel Madrazok (Movistar) erasoa jo, eta jarraian beste zortzi batu zitzaizkion, tartean Euskalteleko Gorka Verdugo. Etapa amaitzeko hiru kilometro falta zirela, ihesaldiak metara iristeko aukera izango zuela zirudien, baina orduan iritsi zen Teklehaimanoten erasoa. Bi kilometro falta zirela hamar segundoren tartearekin sartzea lortu zuen, eta nahikoa izan zen garaipena eskuratzeko. Gertu ibili zen Madrazo, bi segundora iritsi baitzen. Ihesaldiko taldeko azkarrena David Arroyo (Caja Rural) izan zen. Podiumera igotzeko balio izan zion horrek.

Olano, Espainiako Vueltatik at

Abraham Olanok Espainiako Vueltako zuzendari teknikoko ardura utzi du, bederatzi urte pasatu eta gero, Javier Guillen Vueltako zuzendariarekin atzo bildu ondoren. Erabaki hori dopinaren aferak izan duen lehen ondorioa izan da Olanorentzat. Izan ere, herenegun Frantziako Senatuak jakinarazi zuen 1998ko Tourrean hainbat txirrindularik EPO hartu zutela, eta tartean Olanoren izena agertu zen. Olano harrituta dago: «Ez dut inoiz positibo eman, frogatu egin beharko dute. Errugabea naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.